Siria

Gutxienez 80 lagun hil dira Sirian, drone bidezko eraso baten ondorioz

Homs hiriko akademia militar bateko zeremonia batean izan da erasoa. Arratsaldetik Idlib probintziako zenbait eremu bonbardatzen ari da Siriako Gobernua.

Bi emakume bonbek utzitako arrastoen artean oinez, Homs hirian, Sirian, 2016an. YOUSSEF BADAWI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko urriaren 5a
20:59
Entzun

Drone bidezko eraso batean, gutxienez 80 lagun hil eta ehunka zauritu dira gaur Sirian, Homs hirian. Akademia militar bateko zeremonia baten erdian izan da, 18:00ak izateko ordu erdiren faltan. Siriako Osasun Ministerioak handik ordu gutxira jakinarazi duenez, zibilak eta militarrak daude hildakoen artean, baita sei haur ere. Giza Eskubideetarako Behatoki Siriarraren arabera —Londresen du egoitza—, berriz, ehundik gora lirateke hildakoak.

Zeremonia horretan zen Siriako Defentsa ministroa, baina, akademiako segurtasun langileen arabera, ez zegoen hor droneak eztanda egin duenean. Defentsa ministroak «eraso terroristatzat» jo du gertatutakoa, argudiatuta «talde terroristek» droneak erabili izan dituztela beren erasoak egiteko, eta eraso horiei «ahalik eta indartsuena» erantzungo dietela ohartaraziz idatzi du X sare sozialean.

Oraingoz, inork ez du Homseko drone erasoa bere gain hartu. Halere, tokiko hedabideek jakinarazi dutenez, arratsaldetik Idlib eskualdeko zenbait eremu bonbardatzen ari da Siriako Gobernua. Oraingoz, sei lagun hil dira eraso horien ondorioz. Bestalde, herritar andana argindarrik gabe gelditu dira.

Bi erasoen harira —Homsen drone baten bidez egindakoa, batetik, eta Siriako Gobernuak Idlibera jaurtitako bonbardaketak, bestetik—, «oso larrituta» dagoela esan du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari Antonio Guterresek.

Siriako instalazio militar baten aurka egindako eraso larrienetako bat izan da, baita aurrez ikusi gabekoa ere. Izan ere, nahiz eta 2011. urtetik herrialdea gerran amilduta dagoen, drone bidez egin den halako lehen erasoa izan da: masiboa eta talde armatu batek egina, armada batek beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.