Gutxienez hamabortz manifestari hil dituzte tiroz Yemenen

Taiz hirian ehunka lagunek gobernuaren aurkako manifestazioa egin dute, baina Poliziak tiroka sakabanatu ditu

Erredakzioa
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Yemengo gatazkaren indarkeria giroak ez du etenik oraingoz. Gobernuaren aurka protesta egin eta Ali Abdala Sale presidentea kargutik ken dezaten eskatzeko, ehunka lagun atera ziren karrikara atzo Taiz hirian (Sana hiriburutik hegoaldera), baina Poliziak tiroka eta negar gasarekin sakabanatu zituen. Gutxienez hamabortz lagun hil dituzte, eta 30 baino gehiago zauritu —France Pressen arabera, hildakoak hamazazpi dira—. Iragan urtarrilaren 27an lehertu ziren protestak, Tunisiako eta Egiptoko errebolten harira. Estatuko indarrek dozenaka lagun hil dituzte orduz geroztik.

Gobernuaren aurkako manifestariek, bertze hainbat herrialdetan bezala, kanpalekua ezarri dute Askatasunaren enparantzan. Egunero egin dituzte protestak bertan. Atzo, ordea, gobernuaren egoitza baten aitzinetik pasatzerakoan, estatuko indarrek bidea moztu zieten, eta, Al Jazeeraren arabera, istiluak hasi ziren orduan. Efe agentziak dioenez, manifestariei teilatuetatik tiro egin diete. Taizko «segurtasuneko iturri batek» Eferi erran dio Poliziak ez duela manifestarien aurka tiro egin, eta hori egin dutenak estatuko indarren artean zeuden «infiltratuak» izan direla.

Hudaida hirian, berriz, Itsaso Gorriko kostan, 80 eta 100 manifestari artean zauritu ziren Poliziak jaurtitako negar gasarengatik.

Hiru hamarkada boterean

Sale 1978tik dago boterean. Hasieran Ipar Yemengo presidentetza eskuratu zuen, eta 1990etik, herrialdearen bi zatiek bat egin zutenetik, bera izan da presidente bakarra. AEBen aliatu estua da, eta 2001. urteko irailaren 11ko erasoez geroztik, Al Kaedaren aurkako borrokan estu lerratu da Washingtonekin. Protesten hasieran, AEBek sostengua agertu zioten Saleri, baina herrialdeko giroa erabat gaiztotuta dagoela ikusita, laguntza hori hozten hasi da, The New York Times-en arabera. Horren arrazoia da Salek errefusatu izana AEBek trantsizio politikorako aurkeztutako proposamena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.