Ekialde Hurbila

Gutxienez hamalau hildako Israelek Sirian egin dituen bonbardaketetan

Erasoak Siriako armadaren eta Irango Guardia Iraultzailearen Quds Indarraren aurkakoak izan dira; tartean, hiru zibil ere hil dituzte.

Bonbardaketetan zauritutako pertsona bat, gaur, Damaskoko ospitale batean. SANA / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 20a
14:11
Entzun

Gutxienez hamalau pertsona hil dira gaur Israelgo Armadak Sirian egin dituen bonbardaketetan, Damasko inguruan. Siriako osasun zerbitzuen eta Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, hildako gehienak Irango milizietako kideak eta Siriakoa armadako soldaduak ziren, horietako zazpi atzerritarrak; hiru zibil ere baziren tartean. Erasoak Siriako armadaren eta Irango Guardia Iraultzailearen Quds Indarraren aurkakoak izan dira.

Operazio horren bidez, Israelek Irango indarrek asteartean euren lurraldeari jaurtitako lau misilei erantzun die. Israelgo defentsa sistemak atzeman egin zituen misil haiek. Hidai Zilberman armadako bozeramaileak azaldu duenez, «helburu gehienak Damasko inguruan zeuden, eta tartean baziren Irango milizien kuartelak ere». Twitter bidez igorri dio abisua Israelgo Armadak Siriako Gobernuari, eta Siriako lurraldean egiten diren ekintzen arduradun egin du; Israelen aurkako eraso «gehigarriak» onartzea egotzi dio. Israelgo armadaren arabera, astearteko erasoa Iranek Sirian «lubakitzeko» duen asmoaren erakusgarria da, eta horrek «arriskuan jartzen ditu Israelen segurtasuna, eskualdeko egonkortasuna eta Siriako erregimena». Israelgo jarduneko ministroak, Benjamin Netanyahuk, beste behin esan du: «eraso egiten dien edonori erasoko diote».

Ez da Israelek Damasko inguruan egin duen lehen erasoa azken hilabeteetan. Siriako erakundeek ofizialki aitortu ez duten arren, Irango miliziek eta beste talde batzuek baseak dituzte eremu horretan, ustez; Libanoko Hizbulak, adibidez. Israelgo gobernuak aurkaritzat du Iran: diotenez, arrisku bat baita euren izaterako; Baxar al-Assaden erregimenaren aliatua da Iran.

Gobernua osatu ezinik

Israelen gobernua osatu ezinik dabiltza Netanyahu eta oposizioko liderra, Benny Gantz. Ordu gutxi batzuk soilik dituzte gobernu bat osatzeko, eta, lortzen ez badute, posible da hauteskundeak egin behar izatea, hirugarrenez. Gantzek irabazi zituen hauteskundeak irailean, eta uste du Netanyahurekin elkartzea dela presidente bilakatzeko adina babes lortzeko bidea: «Israelek gobernu zabal eta liberal bat behar du, nagusiki bi alderdirik garrantzitsuenek osatua eta Urdinak eta Zuriak zuzendua —bere alderdiak—». Oraingoz, ez dira ados jarri, eta erlojupean ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.