MUNDUA

Gutxienez hamalau pertsona hil dira eta 30 zauritu Israel hegoaldeko atentatuetan

Ustezko zazpi erasotzaile eta zazpi israeldar dira hildakoak. Hamasek ukatu egin du bera izan dela erasoen erantzulea, baina Israelgo agintariek erantzuna iragarri dute, eta airez eraso diote Gazari; sei palestinar hil dituzte Gazako bonbardaketan.

2011ko abuztuaren 18a
19:07
Entzun

Gutxienez hamalau pertsona hil dira Israel hegoaldean izandako erasoetan. Bi eraso izan dira autobus baten eta ibilgailu militar baten aurka. Jarraian, Israelgo segurtasun indarrek tiroketa hasi dute ustezko erasotzaileen aurka.

Hildakoetatik zazpi erasotzaileak dira, eta tiroketan hil dituzte, Israelgo irrati militarraren arabera. Gainerako hildako israeldarrak zibilak edo soldaduak diren ez dago argi oraindik. 30 pertsona baino gehiago daude zaurituta, erasoen ondorioz.

Tel Avivek Hamasi egotzi dio atentatua, baina ekintzaile palestinarrek ukatu egin dute erantzule direla. 

Hamaseko bozeramaile Taher Nunuk mugimendu islamista palestinarrak ukatu egin du Barak defentsa ministroak leporatutakoa, eta ziurtatu dute erasoek ez dutela zerikusirik Gazako erakundearekin.

Era berean, Ehud Barak defentsa ministroak komunikatu batean azaldu du "eraso terroristaren iturria" Gaza dela eta euren aurka "indar eta irmotasun osoarekin" borrokatuko direla. Baraken ustez, areagotzen ari diren eraso terroristen gaineko kontrola ahuldu egin da.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "erantzun aproposa" iragarri du gertatutakoaren aurrean: "Oso gertakari larriak dira, eta israeldarrei min handia eragin diete".

Israelek airez erantzun du

Iragarritako erantzuna airez eman du Israelek, Gaza bonbardatuz. Sei palestinar hil dira erasoan, tartean haur bat eta Abu Awat Nairab talde armatuko buruzagietako bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.