Gazan ohiko bihurtu da laguntza humanitarioa banatzeko guneetan herritarrak hiltzea. Gaur beste hogei hil dira, gutxienenez, Khan Yunisen. Gaur ez dituzte Israelgo soldaduek tiroz hil; jendetza, ihes egiteko ahaleginean, pilatu egin da, eta itota hil dira. Ez dago argi, ordea, zerk eragin duen ihesaldi hori.
Maiatz amaieratik, GHF Gaza Humanitarian Foundation arduratzen da giza laguntza banatzeaz. Erakunde horrek eman du hildakoen berri, eta, ohar batean, adierazi du «olde kaotiko eta arriskutsu bat» eragin dutela laguntza jaso zain zeudenen artean, eta Hamas egin du horren erantzule: «Arrazoi sinesgarriak ditugu pentsatzeko jendetzaren artean armatuta zeudenek eragin dituztela istiluak». Ez du, ordea, hori baieztatzeko frogarik erakutsi.
Gazako Osasun Ministerioak, berriz, beste bertsio bat eman du. Ohar batean, azpimarratu du negar gasa jaurti dietela zain zeudenei, eta gero, ihesaldian, elkar zapaldu dutela eta hildako 21 pertsonetatik hamabost horrela hil direla. Ez du zehaztu ez nork jaurti duen gasa, ez beste seiak nola hil diren. Reuters berri agentziak osasun iturri bat aipatuz kaleratu duenez, zain zeuden asko leku txiki batean pilatu dituzte, eta itota hil dira.
Gaurko hildakoak kontuan hartuta, maiatz bukaeratik 800 lagun pasa hil dituzte laguntza humanitarioa jasotzeko guneetan. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak aurreko ostiralean esan zuenez, 615 hil dituzte banatzeko guneen inguruan, eta 183 haietara bidean. GHF, nagusiki, AEB Ameriketako Estatu Batuetako militar ohiz eta mertzenarioz osatutako talde bat da; Israelen onespena du, eta bai NBEk, bai giza eskubideen aldeko erakundeek, kritikak egin izan dizkiote inpartzialki ez jokatzeagatik. Aintzat hartu behar da ia hiru hilabetez, martxoa hasi eta maiatza amaitu arte, laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatu zutela Israelgo agintariek.
Israelek 2023ko urrian Gazako setioa hasi zuenetik, guztira 58.500 pertsona hil dira zerrendan, Gazako Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera.
Israelek Damasko bonbardatu du
Israelek Siriako armadaren kuartel bat bonbardatu du Damasko hiriburuan. Horretarako, argudiatu du militarrak gutxiengo drusoaren kontra egiten ari direla herrialdearen hegoaldean. Siriako Osasun Ministerioak adierazi du eraso horretan gutxienez hiru lagun hil direla, eta 34 zauritu; gehienak zibilak dira. Arratsaldean, berriz, As-Suwayda eta Daraa hirietako inguruak bonbardatu ditu, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez.
Ikusi gehiago
Egoera gaiztotu egin da azken egunetan Siria hegoaldean. Igandean, gutxienez 30 pertsona hil ziren eta ehun inguru zauritu As-Suwayda hirian, tribu beduinoen eta milizia drusoen arteko istiluetan. Gehienak drusoak dira han. Siriako armadak erabaki zuen hara indar gehiago bidaltzea, eta Siriako Giza Eskubideen Behatokiak adierazi du gaur Siria hegoaldeko istiluetan 248 pertsona hil direla. Londresen egoitza duen GKE gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, 92 drusoak dira, 138 armadako soldaduak, eta hemezortzi beduinoak.
Su etena adostu zuten atzo drusoen miliziek eta armadak, baina ordu batzuk baino ez du iraun. Drusoak babesteko orduan, Israelek argudiatzen du haiekin «senidetuta» daudela. Gaur ere su-eten bat adostu dutela jakinarazi du Siriako Barne Ministerioak, baina Israelek jarraitu du eraso egiten. Are, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk jakinarazi du Gazan dituzten hainbat tropa Siriarekin duten mugara bideratuko dituztela; hain justu, bi herrialdeek muga egiten dute, eta Netanyahuk otsailean adierazi zuen Siria hegoaldeak desmilitarizatuta egon behar zuela. Urte hasieratik, Ahmed Al-Xaraa lider islamista ohia da Siriako behin-behineko gobernuaren burua.
SHAS ETA TORAREN JUDAISMO BATUA ALDERDI ULTRAORTODOXOEK NETANYAHUREN GOBERNU KOALIZIOA UTZI DUTE
Luze iraun du ika-mikak, eta, azkenean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren gobernu koalizioak gaur galdu du Israelgo Parlamentuan zuen gehiengoa. Koaliziotik irten dira Netanyahuren gobernabidea ahalbidetu duten bi alderdi ultraortodoxoak: Shas (11 eserleku) eta Toraren Judaismo Batua (7 eserleku); lehenak gaur arratsaldean eman du erabakiaren berri, eta bigarrenak atzo hartu zuen erabakia. Hala, Netanyahu babesten duen koalizioak 49 eserleku ditu orain —Parlamentuak 120 ditu—; hau da, oposizioak baino lau gutxiago (53 eserleku). 2023ko urriaren 7an Gazaren aurka abiatutako ofentsibaren harira, gobernuak indarrean jarri zuen Israelgo herritar ultraortodoxoei ere derrigorrezko soldaduska ezartzeko lege erreforma bat. Horrek haserrea eragin du komunitate ultraortodoxoetan, eta azken hilabeteetan hori eragozteko legearen tramitazioan aritu dira lanean; azkenean, baina, ez da adostasunik izan. Nolanahi ere, Shas alderdiak esan du ez lukeela Netanyahuren gobernua eroraraziko lukeen zentsura moziorik babestuko.