Rohingyak

Hagak Myanmarri agindu dio rohingyak babesteko neurriak hartzeko

Nazioarteko Justizia Auzitegiak kautelazko neurriak hartu ditu, herrialde horretan dauden gutxiengo musulmaneko 600.000 lagunek beste genozidio bat paira ez dezaten.

Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaileak, gaur, erabakiaren berri eman ostean. R. VAN LONKHUIJSEN / EFE
Ander Perez Zala - Paulo Ostolaza
2020ko urtarrilaren 23a
14:33
Entzun

Nazioarteko Justizia Auzitegiak kautelazko neurriak hartzea erabaki du rohingyen aurkako ustezko genozidioaren kasuan: Myanmarri agindu dio neurriak har ditzala gutxiengo musulmana genozidiotik babesteko, eta aurrez izandako erasoei buruzko frogak babesteko. Gambiak ezarri zuen salaketa, operazio militar batek rohingya etniako 730.000 pertsona baino gehiago behartu zituela-eta Bangladeshera erbesteratzera 2016ko urritik 2017ko abuztura —gehiengoa musulmana da Bangladeshen—, eta Hagari eskatu zion neurriak har zitzala erasoa eteteko; halaxe egitea erabaki du auzitegiak. Gutxienez 6.700 pertsona hil zituzten; haietatik 730, haurrak.

Hamazazpi epaileek aho batez onartu dute Myanmar «bere eskura dituen neurri guztiak» hartzera behartzea, genozidioei buruzko 1948ko hitzarmena urratu duelakoan —1956tik da itun horren parte Myanmar—. Eragotzi beharreko ekintzen artean sartu ditu Hagak hilketak, rohingyen jaiotzak oztopatzeko neurriak, eta emakumeen eta haurren aurkako indarkeria sexuala. Horrekin batera, Asiako herrialdeari agindu dio datorren maiatzerako bidal dezala neurri horiek bete dituela frogatzen duen txosten bat. Hori egin ostean, sei hilabetean behin eman beharko du hartutako erabakien berri.

Erabaki horrekin, NBE ia erabat lerrokatu da genozidioa salatu duten herrialdeekin. Abdulqawi Ahmed Yusuf auzitegiko presidenteak adierazi duenez, rohingyak «genozidioa jasateko arrisku larrian» daude, eta, horregatik, agindu hau eman dio Myanmarko Gobernuari: «Armadan eta talde armatueetan duen eragina erabili behar du [rohingya] taldeko kideen hilketak eta zauri fisiko zein psikologikoak eragozteko».

Hagaren erabakiak bete beharrekoak dira, eta Myanmarrek ezingo du helegiterik aurkeztu; hori bai, auzitegiak ez du modurik agindutakoa praktikan betearazteko. Horregatik, Yusufek exijitu du «neurriak egiazkoak» izan daitezela. Gaurko erabakia, ordea, behin-behinekoa da, «ikerketa oso bat» egin bitarterako; azken erabakia iristerako urteak igaro daitezke.

Iragan abenduan abiatu zuten epaiketan, Aung San Suu Kyik hartu zuen Myanmar defendatzeko ardura; 1991ko Bakearen Nobel sariduna izateaz gain, herrialdeko lau ministerioren arduraduna eta «itzaleko presidentea» da Suu Kyi 2016ko martxotik. Agintariak adierazi zuen ez dagoela gutxiengo musulmanaren aurkako genozidiorik, eta herrialdearen «barneko gatazka armatutzat» jo zuen. Nazio Batuen Erakundearen ikertzaileek, ordea, defendatu dute beste genozidio bat gertatzeko arrisku handia dagoela. Honela dio NBEren txostenak: «Operazio haiek rohingyak talde gisa suntsitzea zuten helburu, masan egindako hilketen, bortxaketen eta beste biolentzia sexual batzuen bidez; herrixkak ere suntsitu zizkieten sute sistematikoen bitartez; sarri, jendea etxe barruan zela».

Myanmarko Gobernuak osaturiko batzorde batek, gainera, asteon ebatzi du gutxiengo musulmana «gerra krimenen biktima» izan dela, baina zehaztu du ez zela «genozidio saiakerarik» izan eraso horietan. Myanmarren arabera, Arakango Rohinyen Salbaziorako Armadak polizien eta mugetako postuen aurka egindako eraso bategatik hasi zen militarren erasoa.

HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak ikerketa horren irregulartasunak salatu zituen atzo. Brad Adams GKEaren Asiako ordezkariaren arabera, «etsipena» ekarri die txosten horrek, ez baititu onartzen «militarren asmo genozidak eta indarkeria sexualaren erabilera orokortua».

Gambiaren salaketa

Hagako Auzitegian lehen aldia da ustezko krimenekin harreman zuzenik ez duen herrialde batek beste bati genozidioa egozten diona. Aboubacar Tambadou Gambiako Justizia ministroa izan da salaketaren burua; Bangladeshko iheslarien kanpalekuak bisitatu ostean, 57 estaturen babesa bildu zuen salaketa jartzeko.

Myanmarrek ez du onartzen rohingyen herritartasuna; duela hainbat hamarkadaz geroztik, rohingyek mota guztietako bereizkeriak jasaten dituzte. Bangladeshko iheslarien kanpalekuetan bizi dira asko: 914.000 baino gehiago, NBEren Errefuxiatuen Agentziaren arabera.

Ondorioz, nazioarteko erakunde askok pozarren hartu dute Hagaren neurria. Nicholas Bequelin Amnesty Internationalen Asiako ordezkariak esan duenez, «erabakiak mezu argi bat helarazten die Myanmarreko agintariei: munduak ez ditu onartuko haien ankerkeriak, ezta Rahine estatuko errealitateaz kontatzen diguten erretorika merkea ere». Gehitu duenez, «bortxaketa larri horien erantzule guztiek egindako gehiegikeriak ordaindu arte, kontrolik gabe jarraituko du egoerak».

Financial Times egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean, Suu Kyik GKE horiei eta NBEren ikertzaileei egotzi die «sostengurik gabeko kontaketa bat» eraiki izana. Haren ustez, iheslariek «puztu» egin dute gertatutakoa.

Suu Kyiren bilakaera

Aung San Suu Kyi ezinbestekoa da azken hamarkadetan Myanmarrek izan duen bilakaera ulertzeko. Mahatma Gandhiren ideia baketsuen jarraitzaile sutsua izanik, Demokraziarako Liga Nazionala sortu zuen 1988. urtean, eta herrialdeko mugimendu demokratikoen ikur izan zen hainbat urtez. 1989 eta 2010 artean, hamabost urte eman zituen etxean atxilotuta. Nazioarteko hainbat gobernuk aitortu zioten bere jardunaren garrantzia, eta sariak ere jaso zituen; garrantzitsuena, 1991ko Bakearen Nobel Saria.

Ia hiru hamarkadatan demokraziaren alde lanean jardun ostean iritsi zen gobernura Suu Kyi, eta orduan hasi zitzaion okertzen nazioartean zuen irudia. Hauteskundeetan gehiengo osoa lortu arren, ezin izan zen herrialdeko presidente bilakatu bere semeek atzerriko pasaportea dutelako, baina lau ministerioren kargu egin zen, eta bera da gobernuko pertsonarik garrantzitsuena. Gobernura iritsi bezain laster hasi ziren rohingyen aurkako erasoak, eta, horren ondorioz, Bakearen Nobel Saria duten hainbatek gogor kritikatu dute —Bangladeshko iheslariak bisitatu ostean—, eta hainbat sari kendu dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.