Filipinak

Hagako auzitegiak Filipinetako drogaren kontrako gerra ikertzea baimendu du

Fiskaltzaren eskaria onartu, eta narkotrafikoaren kontrako operazioetan gizateriaren kontrako krimenak izan ote diren ikertu ahalko du auzitegiak. Gobernuak esan du Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez duela horretarako «zilegitasunik», Filipinak haren parte ez direnez gero.

Narkotrafikoaren kontrako operazio bat, Filipinetako Valenzuela hirian. MARK CRISTINO / EFE
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 16a
13:32
Entzun

NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko epaileek ahalbidetu egin dute Filipinetako Gobernuak narkotrafikoaren kontra hartutako neurriak ikertzea, gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeelakoan. Fiskaltzak orain arte gertaera horien inguruan emandako informazioan oinarrituta, epaileek adierazi dute herritar zibilen aurkako eraso sistematiko baten parekoa dela herrialde horretan getatutakoa. Filipinek duela bi urte utzi zion NZAko estatu kide izateari, eta, horrenbestez, kide zen bitartean izandako gertakariak soilik ikertu ahalko ditu auzitegiak, 2011ko azaroaren 1etik 2019ko martxoaren 16ra artekoak.

Joan den ekainean egin zien fiskaltzak ikerketa abiatzeko eskaria epaileei, eta onartu egin duela jakinarazi du orain auzitegiak, argudiatuta nahikoa oinarri badagoela horretarako. Herritarren «hilketak» aipatu dituzte gizateriaren kontrako krimen gisa hartzeko balizko froga moduan; bereziki, Davao hiriaren inguruan 2011ko azarotik 2016ko ekainera bitartean egindakoak.

Auzitegiak nabarmendu du drogaren kontrako gerra deitu izan zaiona ezin dela ulertu legediaren ezarpen huts moduan, eta horren barruan egindako operazioak ezin direla hartu «zilegizkoa den operazio batean egindako gehiegikeria» gisa. Aitzitik, herritarren aurkako «eraso orokortu eta sistematiko bat» izan dela pentsatzeko nahikoa oinarri badagoela uste du, eta eraso horiek estatuak berak sustatuak izan direla.

Filipinetako Gobernuak, aldiz, adierazi du Hagako auzitegiak ez duela «zilegitasunik» narkotrafikoaren kontrako kanpaina ikertzeko. «Atzerriko instituzio horrek ez dauka eta ez du inoiz izan eskumenik Filipinetako Errepublikako auzien nahiz bertako herritarren inguruan ezer ikertzeko», esan du Salvador Panelo Duterte presidentearen idazkariak. Panelok argudiatu du bi urte igaro direla Filipinak Erromako Estatutuaren barruan ez daudela, eta, hortaz, jada ez dagoela «NZAk ikertu beharreko auzirik».

Filipinetako agintarien arabera, 7.000 lagun baino gehiago hil dira narkotrafikoarekin lotuta Poliziak egindako sarekadetan. Giza eskubideen aldeko hainbat elkartek, baina, hildakoen kopurua 30.000 ingurukoa dela kalkulatu dute. Estatuko indar armatuei eta sikarioei leporatzen dizkiete hilketak. Salatu izan dutenez, narkotrafikoaren kontrako borrokaren zigorgabetasun giroa baliatu dute droga kontuak kitatzeko. Presidenteak berak edozein susmagarriren kontra tiro egitera animatu zituen estatuko indarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.