Alemania

Hainbat joera politikotako milaka manifestari bildu dira Berlinen, pandemiari erantzuteko neurrien aurka

Uztailetik, gobernuaren aurkako protestak egiten ari dira Alemaniako hiriburuan. Asteburuan, ultraeskuineko hainbat kidek Alemaniako parlamentuaren egoitza hartzeko saialdia egin zuten, baina ezerezean geratu zen. Manifestari gehienak eskuin muturrekoak badira ere, hainbat joera politikotako herritarrak batu dira protestetara.

Milaka manifestari bildu ziren Berlinen. EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 31
17:35
Entzun

Alemania da pandemiak Europan gehien jo dituen herrialdeetako bat. Robert Koch institutuaren arabera, 243.000 positibo inguru atzeman dituzte, eta 9.300 herritar hil dira. Horiek horrela, Angela Merkelen gobernuak pandemiaren kontrako neurriak gehiago zorroztea erabaki du, oldarraldiak kontrolatzeko.

Hala eta guztiz ere, herritar guztiak ez daude ados Alemaniako Gobernuak pandemiari erantzuteko ezarri dituen neurriekin. Uztailetik, Alemania osoan milaka manifestari kalera atera dira, pandemiari erantzuteko neurrien aurka. Azken asteburuan, Berlingo protestak, esaterako, orain arteko jendetsuenak izan ziren: zehazki, 38.000 manifestari inguruk hartu zuten parte larunbatean. Andreas Geisel Berlingo Barne ministroak aditzera eman duenez, ultraeskuinak eta eskuin muturrak presentzia «handia» dute manifestazio horietan. Hain zuzen, ultraeskuineko berrehun kidek Reichtag Alemaniako parlamentuaren egoitza hartzeko saialdia egin zuten. Geiselek, ordea, nabarmendu du Reichtag eraikina «une oro babestuta» egon zela. Halere, egoitzaren aurrean ikusi ziren irudiak «lotsagarritzat» jo eta «gaitzetsi» egin ditu. «Manifestari horiek ez daude gobernuaren aurka, demokraziaren printzipioen aurka baizik». Bide beretik jo du Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak ere. «Parlamentuaren aurrean Reicheko banderak ikustea eta ultraeskuinaren aldeko harengak entzutea demokraziaren aurkako eraso onartezina da». 

Geiselek, bestalde, nabarmendu du manifestazio horien jatorria ultraeskuina dela; bereziki, Reichsbuerger taldeak du indarrik handiena. Iraganeko Alemaniako Inperioaren ikurrak dituzten banderekin ibiltzen dira, eta egungo Alemaniako Estatuaren legitimitatea ez dute aitortzen. Baina gehitu du hainbat joera politikotako jendea batu dela apurka-apurka protestetara: besteak beste, Inkonformista izeneko mugimendua. Gobernuak hartu dituen neurrien ondorioz, oinarrizko eskubideak eta mugimendurako askatasuna «urratutzat» jotzen dituzte manifestariek. «Haiek ere arazo handia dute demokraziaren printzipioekin», gehitu du Geiselek. Protesta horietan, hainbat guraso euren seme-alabekin ageri ziren. RBB Alemaniako irrati-telebista katearen arabera, ehun bat lagun manifestazioa oztopatzen saiatu ziren, «Naziekin eta faxistekin zoaz», oihukatzen zutela.

Putini babesa

Reich hiritik joandako 2.000 ultraeskuindar inguruk —Alemaniako subiranotasuna ez dute onartzen— Errusiako Gobernuak Alemanian duen enbaxadara bertaratu ziren, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen aldeko eta Merkel kantzilerraren aurkako oihuak egin zituzten. Talde horretan, gainera, konspirazioaren teorien defendatzaileak ere bazeuden. Bestalde, manifestarien eta Poliziaren artean istiluak izan ziren. Ultraeskuinekoek botilak eta harriak jaurti zizkieten poliziei, eta segurtasun indarraren erantzuna berehalakoa izan zen: 300 lagun atxilotu zituzten. Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak soilik babestu ditu manifestazioak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.