Haitiarrei «adiskidetze nazionalerako» deia egin die Duvalierrek

Epaile batek herrialdea uzteko debekua ezarri dio; diktadurako krimenengatik bortz salaketa jaso ditu

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Jean Claude Duvalier Haitiko diktadoreak utzi du Port-au-Princeko Juvenat hotela —joan den igandean herrialdera itzultzean han kokatu zen—, eta Montagne Noire auzuneko etxe batean paratu du bizilekua. Jean Carves epaileak herrialdea uzteko debekua ezarri dio, baina ez du diktadorearen aurkako atxilo neurririk hartu. Haitira itzuli denetik, Duvalierrek Montagne Noireko etxetik egin ditu lehen adierazpen publikoak. Haitiarrei «adiskidetze nazionalerako» deia egin die, eta bere gobernuaren biktima izan zirela dioten «herrikideei» bere «atsekabe sakona» adierazi die.

Hala ere, bere jardun politikoagatik ez du inolako damurik agertu, eta adierazi du boterea «borondatez» utzi zuela 1986an, krisi politikoaren irtenbidea errazteko. Bere jarraitzaileei «begikotasuna» diela erran du. Diktadorearen arabera, Haiti utzi zuenean haren «milaka» jarraitzaile «koldarki hil» zituzten, eta haien «etxebizitzak eta ondasunak arpilatu» zituzten.

Itzuli denetik, baina, diktadura garaian egindako krimenengatik haren kontrako neurriak hartzeko eskatu dute Haitiko eta nazioarteko hainbat eragilek —milaka lagunen aurkako torturak, atxiloketak, desagerpenak eta hilketak leporatzen dizkiote—, eta, oraingoz, bortz haitiarrek salaketa formalak aurkeztu dituzte. AI Amnesty International ortzegunean elkartu zen Haitiko Justizia ministro Paul Denisekin eta fiskal nagusi Haristidas Augustekin. AIren arabera, Haitiko Gobernuak zin egin du Duvalierren aroko krimenak ikertuko dituela. Fiskaltzak, oraingoz, dirua desbideratzea leporatu dio formalki.

Hauteskundeen auzia

Iragan azaroaren 28ko hauteskundeen bigarren itzulia egitekoa zen egunean itzuli zen Duvalier Haitira, hain zuzen ere. Bozen ondorengo iruzur salaketek sortutako egoera, ordea, konpondu gabe dago oraindik. Michel Martelly hautagaiak salatu du bigarren itzulian egon ez dadin Behin-Behineko Hauteskunde Batzordeak eta gobernuak «plan» bat dutela. AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak Jude Celestin hautagai ofizialistaren ordez bigarren itzulian Martelly onar zezaten gomendatu zien bi erakundeei. Duvalierren itzulerari buruz, berriz, Martellyk dio «gobernuaren maniobra» bat dela arreta krisi politikotik desbideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.