Haitiko Gobernua eratu dute, bozak igaro eta zazpi hilabetera

Lau sektoretako ordezkariak sartu ditu Martellyk agintean, parlamentuaren kontrola ez duelako

Erredakzioa
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan parlamentuak oniritzia eman ondoren, Haitiko Gobernua ofizialki eratu zuten bart. Horrenbertzez, Garry Conille da herrialdeko lehen ministroa. Bortz hilabete behar izan ditu Michel Martelly presidenteak gobernua osatzeko, aitzinetik parlamentuak hiru aldiz ezetsi zituelako lehen ministro kargurako hautatutako izenak. Zailtasun horien eraginez, lau sektoretako ordezkariak sartu behar izan ditu Martellyk gobernuan. Hala ere, ministerio nagusiak aldekoen eskuetan izanen ditu.

Conillek senatuaren eta parlamentuaren onarpena lortu arren, hura ez zela «boto zuria» izanen ohartarazi zioten oposizioko parlamentariek. Senatuan 30 legegileetatik hamaseik bozkatu zuten haren alde, eta Parlamentuan, berriz, 89tik 81ek. Hala ere, ganbera horretan Haitiko aitzineko presidente Rene Prevalen aldekoek dute gehiengoa, beraz, Martellyk eratutako gobernuak oposizioarekiko harremanak zaindu beharko ditu.

1987ko Konstituzioa indarrean denetik, lehen ministro gazteena da Conille, 45 urterekin. Bill Clintonen aholkularia izan zen AEBetako presidente ohia NBE Nazio Batuen Erakundeko Haitirako mandatari berezia izan zenean.

Hilabeteetako prozesua

Gobernua eratuta, Haitirentzat aro berri bat hasteko asmoa du Martelly presidenteak. Prozesua ixtea, ordea, nekeza izan zaio. Iragan martxoan hautatu zuten presidente, iazko azaroaren 28an hasi zen presidente hautaketa prozesu liskartsuaren ondotik. Lehenbiziko itzulian Jude Celestin prevalista eta Mirlande Manigat Leslie Manigat presidente ohiaren emaztea ziren faboritoak. Celestinek botoak bere aldera moldatu zituela eta, Martelly abeslaria bigarren itzulira igaro zen, Manigatekin batera. Hor aisa irabazi zion Manigati, botoen %67 eskuratuta. Maiatzean kargua hartu zuen, eta ordutik gobernua eratzea izan da haren helburu nagusia. Hori lortuta, bere lehen xedea zein izanen den argitu du: atzerriko laguntzaren ordez, «inbertsioak» erakartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.