munDUA

Haitiko Gurutze Gorriak dio 50.000 lagun hil eta hiru milioi kaltetu direla

Hamar milioi biztanle dauzka herrialdeak. Richter eskalan 7 graduko lurrikara izan zen herenegun Port-au-Prince hiriburutik gertu eta hondamena handia da. AEBek ehun milioi dolar bideratuko dituzte laguntza gisa.

2010eko urtarrilaren 14a
20:24
Entzun
Haitiko Gurutze Gorriaren arabera, herenegun han izandako lurrikaran 45.000-50.000 lagun hil ziren. Hala ere, aitortu du egunak pasatu beharko direla zehaztasun handiagoaz hitz egiteko. "Horretaz gain, uste dugu hiru milioi pertsona kaltetu direla; zauritu direnak edota etxea galdu dutenak dira horiek". Hamar milioi biztanle ditu Haitik.

Lurrikarak hondamendia eragin du herrialdean eta bizirik egon daitezkeen lagunen bila ari dira. Denbora aurka dute, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Zerbitzu Geologikoak azaldu duenez, hainbat egunez jarraituko baitu lurrak mugitzen.

Jean Max Haitiko lehen ministroak bart esan du ehun milatik gora lagun hil direla. Richter eskalan 7 graduko lurrikara izan zen eta Port-au-Prince hiriburua suntsitu du. Epizentroa hiriburutik hamabost kilometrora izan zen. Dena dela, Carrefur eta Jacmel herrietan ere kalte handiak sortu dituela uste du Elizabeth Byrs NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntzarako Bulegoko eledunak. Gune horietara, baina, ez dute iristerik izan.

Nazioarteko laguntza ezinbestekoa da Haitin, baina suntsitutako lekuetara iristea zail dago, errepide asko itxita eta komunikazio bideak etenda daudelako. "Jendea hiritik ihesean hasi da, eta horrek laguntza iristea oztopatzen du. Laguntza jasotzen dutela ziurtatu behar dugu, beste hondamendi bat gertatu aurretik", azaldu du Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak.

AEBetako Gobernuak ehun milioi dolar bideratuko ditu laguntza gisa. Europako Batasunak hurrengo asteko bileran zehaztuko du bere diru ekarpena zenbatekoa izango den.

1946tik ez zuten halako lurrikararik izan Haitin; orduan Richter eskalan 8,1eko indarrez mugitu zen lurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.