Epizentroa
Jacmel hiritik 42 kilometro ipar-mendebaldera izan zuen epizentroa azken dardarak, 9,9 kilometroko sakoneran. Iragan asteko seismoak, berriz, hamar kilometroko sakoneran izan zuen hipozentroa; hiriburutik hamabost kilometrora -atzoko erreplikaren dardara oso nabarmena izan zen hiriburuan ere-. Port-au-Prince bera eta beste 30 hiri izan ziren kaltetuak orduan; Jacmel, Carrefour, Gressier, Leogane, Grand Goave eta Petit Goave bereziki. Jacmelera, hain zuzen ere, oraindik ere iristear ziren atzo giza laguntza banatzen ari diren nazioarteko erakundeak, eta aurreneko erreskate taldeak atzo bertan iritsi ziren. Aurreko lurrikarak 350 hildako eragin zituen hirian eta zortzi mila lagun etxerik gabe utzi; 8.400 eraikin erori ziren -bigarren merkataritza hiri nagusia da Jacmel-.
Haitiko Gobernua, bien bitartean, tragedia datuetan jartzeko ahalegin antzua egiten ari da. Jean Max Bellerive lehen ministroak jakinarazi duenez 75.000-80.000 lagunen gorpuak bildu dituzte honezkero hobi komunetan, hondakinen artean oraindik ere lagun asko daudela zehaztu badu ere: «Gutxi gorabeherako kopuruak dira, baina horiek dira gure kalkuluak». Hiriburuko kaleetan 300.000 lagun aterperik gabe daudela zehaztu du ere agintariak. MEP Munduko Elikadura Programako Kim Bolducen arabera, baina, kopuru hori handiagoa da; bere hitzetan milioi eta erdi lagun daude aterperik gabe.
'Marshall plana'
Ehunka mila lagunek oraindik ere ez dute giza laguntzarik jaso. Rene Preval presidenteak berak aitortu egin du oraindik ere arazoak daudela «giza laguntza koordinatzeko», eta gobernuak ez duela bitartekorik «azkar eta erruz» iristen den laguntza banatu ahal izateko.
NBE Nazio Batuen Erakundeak bezperan aditzera eman zuenez pixkanaka arintzen ari dira orain arte egon diren arazoak, baina banaketa oraindik ere oso motel doala jakinarazi zuen atzo, tartean logistika arazoak ez direlako erabat konpondu eta ez delako giza laguntza banatzeko sare ofizial bat eratu. OCHA Giza Laguntza Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundeak herritarren premiak oso handiak direla eta lehentasuna orain «hornikuntza medikua, elikagaiak, ura, ohe estalkiak, karpak eta erregaiak» direla ohartarazi du.
Herrialdeak aurretik zuen premia larria, beraz, areagotu egin du lurrikarak. Nazioarteak hondamendiaren aurrean eskuzabaltasunez erantzun du, baina gero eta ozenagoak dira mailegu politikek pobrezia errotzea eragin dutela salatzen dutenen ahotsak. Dominique Strauss-Khan FMI Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak kanpo zorra barkatzeko kanpaina abiatuko duela jakinarazi zuen atzo; «Marshall Plan baten moduko bat ezarri behar dugu, izan ere, herrialdea berreraikitzeko ez da aski izango apurkako metodo bat». Haitiri 850 milioi euro eman zizkion iazko ekainean nazioarteak, mailegu moduan, kanpo zorra ordain zezan; 1.885 milioi eurokoa da. Mailegua interes gabekoa zela zehaztu nahi izan du Strauss-Khanek.
Sumatran aurki seismo handi bat izango dela ohartarazi dute adituek
Indonesiako Sumatra uhartean epizentroa izango lukeen lurrikara handi bat aurki izan daitekeela ohartarazi dute hainbat adituk. Richter eskalan 8,5 graduko indarra izan dezakeela ere jakinarazi dute eta, ondorioak arintze aldera, premiazko neurriak hartzeko eskatu dute. 2004. urteko abenduan bezala, seismoak tsunami bat eragingo lukeela uste dute zientzialariek. Orduan 226.000 lagun hil zituen tsunamiak hamahiru herrialdetan. John McCloskey irakaslea da ohartarazpena egin duen adituetako bat, eta, bere ikerketen arabera, plaka tektonikoa lehertzear da 1797tik bildu duen tentsioagatik: «Mehatxua oso argia da». Nature aldizkarian argitaratu du ikerketa sismologoak.Haititik iristen diren lekukotzak tragediaren tamainari erreparatzeko bidea ematen dute; kaleetan, kanpalekuetan edo portuan biltzen dira.
«Ihes egin nahi dut»
K. Berasain.Port-au-Princeko kaleetan, hondakinen artean, milaka lagun dabiltza nora ezean. Astebete daramate horrela; egun osoan ahoratzeko apurren baten bila eta iluntzean lo egiteko txokoren baten bila. Juin Williams 28 urteko gaztea pozik dago urtebeteko alaba onik dagoelako, baina, aldi berean, etsita ez duelako ezer hari jaten emateko: «Oilasko puska bat zuen arroz plater bat baino ez didate eman astebetean; bi egun daramatzagu ezer jan gabe». Astebete darama arropa berarekin. «animaliak bagina bezala; «baina ez gara animaliak, kristauak gara».
Milaka eta milaka haitiarrek oraindik ez dute giza laguntzarik jaso, eta jaso dutenen artean asko dira soilik labore anoa bat eskuratu dutenak; batzuk galleta bakan batzuk baino ez. James izeneko mutil koskorra ere horregatik da kexu: «Gose naiz». Esaldi hori behin eta berriz errepikatzen die kaletan ikusten dituen soldaduei. Hiriburuko plazetan eta lorategietan ezarri dituzte nazioarteko erakundeek giza laguntza banatzeko azpiegitura urriak. Bazile Pludic ilaran dago ezer emango dioten zain. «Egongo al da ezer nire txanda iristen denerako?».
Miseriaren artean mirariak
Kaleetan gorpuak eta zaborra pilatzen joan dira zortzi egunotan. Badira oraindik ere hondakinen artean dauden senide eta lagunen bila ari direnak, bizirik aurkituko dituzten esperantzari eutsi ezinik. Gau eta egunez ari dira harri puskak kentzen eta, tarteka, urrunean, ahotsen bat entzuten dute. Miseria horren baitan, izan ere, tarteka mirariren bat ere gertatzen da. Elizabeth 22 eguneko neskatoa herenegun atera zuten lur azpitik. Amak ez du sinesten: «Etxean geunden lurrikara izan zenean, eraikinetik kanporatu ninduen ni, baina alaba hondakinen artean gelditu zen harrapatuta». Suhiltzaileek zehaztu dutenez habeen artean sortutako aire hutsuneei esker egin ahal izan du arnas haurrak.
Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez honezkero 121 lagun atera dituzte bizirik hondakinen artetik. Anna Zizi 69 urteko emakumea izan da azkenetakoa. Katedralaren hondakinen artetik atera dute eta une oro otoitzean aritu dela esan du: «Apaiz bat zegoen nire ondoan, hizketan aritu ginen hainbat egunez baina halako batean isilik gelditu zen».
Gigao ere bizirik dago, baina bizitzeko herrialdetik atera nahi du. Zain dago kaian: «Ihes egin nahi dut, hori da nahi dudan gauza bakarra; hemendik ihes egin». Jeremie mendebaldeko hirira doan ontziak, baina, bi egun daramatza portuan geldirik erregairik ez duelako. Jendetza dago itsasbazterrean.AEBetako hegazkinek, urrutira ez joan ez daitezen ohartarazten diete mezuen, egunean bost orduz. Ezin izango dutela ihes egin, harrapatu egingo dituztela; horixe esaten diete kreoleraz. Port-au-Princetik 1.700 kilometrora dago Miami.
Kanpalekuetan
Jean Max Bellerive lehen ministroaren hitzek ere tragediaren tamaina ulertzen laguntzen dute: «Imajina ezina da hondamendiaren errealitatea; astebetez bonbardatutako hiria ematen du; txakurrek ere hiru egunez utzi zioten zaunka egiteari». Hiriburuko bazterrak ikusi ostean egin ditu adierazpenak agintariak.
Hiriburuaren kanpoaldean, berriz, ehun eta plastikozko kanpaleku inprobisatu bat eraiki dute. Shomy Paul bertan da. Besaburuan estalki bat darama emakumeak eta infinitura begiratzen du hitz egiten duen bitartean. «Lau seme-alabetatik bi hil dira, baita nire senarra zena ere; oraindik ere hondakinen azpian daude, baina ez dut gorpuak ateratzen lagunduko didan inor». Ehun mila lagun daude egun batetik bestera, bat-batean zutitutako kanpaleku horietan bizitzen. Ez dakite ordea behi-behinekotasuna betiereko bihurtuko ote den.