HAITIKO LURRIKARA. Zientziak iragarri ezin dituenak

Haiti faila sare zabal baten gainean dago, eta horietako batean gertatutako mugimenduak eragin zuen astearteko lurrikara; hondamena izugarria izan da, batez ere eraikinen egoera txarragatik.

arantxa elizegi egilegor
2010eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Hiroshiman jaurtitako bonba nuklearrak baino 35 aldiz indar handiagoa zuen asteartean Haiti astindu zuen lurrikarak. Gutxi gora behera, milioi erdi tona TNT lehertzearen parekoa izan zen. Horrek eta Haitiko eraikinak halako astinduei aurre egiteko gai ez izateak eragin du hondamendia. Hala ere, 2004an Banda Acehen, Indonesian, askatutako energiaren zati txiki bat besterik ez da izan Haitin askatutakoa -lurrikarak eragindako tsunamiak 230.000 hildako inguru utzi zituen han-. «Ziurrenik hemengo eraikinek 2 graduko lurrikara bat ere ez zuten jasango. Herrialde pobrea da Haiti, eta bertakoek ahal duten tokian eta ahal duten bezala eraikitzen dute», nabarmendu du Cletus Springerrek, AEE Amerikako Estatuen Erakundeko Garapen Iraunkorrerako zuzendariak.

Ipar Amerika eta Karibeko plaka tektonikoek talka egiten duten gunetik gertu, eta failaz inguratuta dago Haiti. Horietako bat, Enriquillo faila, hiriburutik oso gertu dago, eta hura osatzen duten bi plaka tektonikoen mugimenduak eragin zuen astearteko lurrikara handia. Azkenengoz, duela 250 urte inguru gertatu zen antzeko zerbait. Baina iaz, dagoeneko, zientzialari talde batek ohartarazi zuen arriskuaz. Zientziak iragarri dezake non gertatuko diren lurrikarak, plaketan metatzen den tentsioa aztertuz, baina oraindik ere ezinezkoa da jakitea noiz gertatuko diren horiek. «Haitiren azpian faila sare konplexua dago, eta horrek pentsarazten zuen lurrikara bat gerta zitekeela», azaldu du Roger Searlek, Erresuma Batuko Durhamgo Unibertsitateko geofisika irakasleak. Bide beretik, Durhamek ohartarazi du, geroztik izandako erreplika kopurua ikusita, beste lurrikara handi bat espero daitekeela, baina kasu honetan ere ezin litekeela esan hori gaur edo hemendik ehun urtera gertatuko den -gaur arte 43 erreplika izan dira, azkena 4,7 gradukoa-.

Okerrena gertatu da

Hiru dira, adituen arabera, hondamendia horren handia izatearen arrazoiak: hipozentroa, plaken arteko haustura gertatzen den tokia, eta lurrazalaren arteko distantzia soilik zortzi kilometrokoa izatea; epizentroa, lurrikararen lurrazaleko gunea, Haitiko hiriburutik 16 kilometrora egotea; eta hango eraikinak halako astindu bati aurre egiteko prestatuta egon ez izana. «Urtero antzeko 50 bat lurrikara gertatzen dira mundu osoan, baina ez dute halako hondamenik eragiten, hirietatik urrun edo eraikuntzak sendoagoak diren inguruetan gertatzen direlako», adierazi du Searlek.

Haitiren kasuan, Enriquillofaila osatzen duten bi plakak tentsioa metatuz joan dira urteetan, eta energia horrek haustura eragin du 200 kilometro luze dituen failan. Bi plakak bi bat metro mugitu ziren, bakoitza alde banatara, eta mugimendu horrek askatutako energiak eragin zuen lurrikara. AEBetako Geologia Zerbitzuaren datuen arabera, Enriquillo failak hainbat lur mugimendu indartsu eragin ditu azken urteetan. «Arazoa da failek ehunka urte egin ditzaketela geldirik, beraz, ezin da lurrikara bat gertatuko den unea aurreikusi», nabarmendu du Paul Mannek, Geofisikarako Texasko (AEB) Institutuko irakasleak.

Dena den, suntsitutakoak konpontzea izango da datozen aste eta hilabeteetan haitiarren lehentasun nagusia. Izan ere, adituek ohartarazi dute erreplika eta luizi gehiago izango direla. «Aurrera begira, hobeto eraikitzen lagundu behar diegu Haitiko herritarrei. Horrek esan nahi du urakanei eta lurrikarei aurre egiteko gai diren eraikinak egitea», ohartarazi du Springerrek.Hori izan zen, hain zuzen ere, 2008ko urakanen ostean egin ez zena, eta joan den astearteko hondamendia gertatzea ekarri zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.