Erreskate eta bilaketa lanak bizkortu ahala, handitzen ari dira iragan larunbatean Haiti astindu zuen lurrikararen kalteak.1.419 dira oraingoz, baina etengabe gora egiten ari da zenbateko hori, eta hala jarraituko duela uste da, zauritu kopuru handia —gutxienez 6.900 lagun— eta eremuaren ezegonkortasuna direla eta. Izan ere, lurrikararen hainbat erreplika izan dira larunbataz geroztik Haitin, eta lehen dardarak eraitsi gabeko eraikin asko erortzeko arriskuan daude oraindik.
Hondakinen azpian geratutakoak bizirik ateratzeko beharrak ez ezik, Grace zikloi tropikalaren mehatxuak ere behartu du gobernua erreskate eta lehengoratze lanak azkartzera. NHC AEBetako Urakanen Zentro Nazionalaren aurreikuspenen arabera, bart gauean edo gaur goizaldean iritsiko da ekaitza Haitira eta Dominikar Errepublikara. Uhartera haizete gogorrak eta euriteak eramango dituela espero da, eta, horien eraginez, uholdeak izango direla. Bi herrialde horietan ez ezik, Jamaikan, Kuban eta Kaiman uharteetan ere nabarituko dutela iragarri zuen agentziak.
Ekaitzaren iritsierak hondamendia are gehiago zabalduko duen beldurra hedatzen ari da, orain arte lurrikarak izandako eragina zenbatekoa den jakiten zaila den honetan. Richter eskalan 7,2 gradura ere iritsi zen, USGS AEBetako Ikerketa Geologikorako Zentroaren arabera, duela 11 urte Port-au-Prince inguruan izandakoaren pare. Orduko hark 316.000 lagun hil zituen, eta erabat suntsitu zuen hiriburua.
Larunbatekoak Les Cayes hegoaldeko departamenduko hiriburuan eragin ditu hildako gehien. Lurrikararen epizentrotik 30 kilometro ingurura dago hiri hori, eta, gobernuak emandako datuen arabera, 60.000 familiari erasan die lurrikarak. Herrialdeko ingurunerik txiroenetarikoa da departamendu hori, eta hango herri batzuk bakartuta geratu dira, lurrikarak kalteak eragin zituelako zubi eta errepideetan. Jakinarazi dutenez, 37.300 etxe inguru guztiz suntsiturik daude, eta beste 46.000 kalte larriekin. 25 ospitaletan ere eragin du lurrikarak.
Edonola ere, zuzeneko ondorioak gogorren herrialdearen hegoaldean pairatu badituzte ere, ez da hondamenditik salbu den gunerik. Ospitaleak gainezka egotea da horren erakusle argienetako bat. Hondamendiak suntsitu edo jarduera etetera behartutako ospitaleetan ezin zutenez hartu zauriturik, gainerako erietxeek gainezka egin zuten berehala. «Oso garrantzitsuak diren instalazio asko ez daude erabilgarri, eta erabilgarri daudenak pazientez gainezka daude», azaldu zion Jerry Chandler Haitiko Segurtasun Zibileko Saileko zuzendariak Reuters berri agentziari igandean, eta ohartarazi zuen «arazo larria» dutela ospitaleetan. Haren hitzak berresten dituzten irudiak ere zabaldu dira. Besteak beste, herrialdearen ipar-mendebaldeko Jeremie hirikoak. Han, medikuek pazienteak kalean artatu dituzte, erietxean oherik gabe geratu zirelako.
Laguntza, zentralizatuta
Egunotako irudiek ezinbestean ekarri dute gogora 2010eko lurrikara. Bi hondamendien tamainak zerikusirik ez badu ere, lehen lurrikara hark eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak jasaten ari da oraindik Haiti. Indarkeria eta talde armatuen liskarrak ugaritu egin dira gobernuak boterea galtzeaz bat, eta, horrez gain, aspaldiko krisi politikorik gogorrena bideratzeko ahaleginetan ari da Ariel Henry buru duen exekutibo berria, uztail hasieran armatutako hainbat lagunek Jovenel Moise presidente ohia bere etxean hil zutenetik.
Henryk berak ere aipatu zuen duela hamar urte gertatutakoa, eta hitzeman «egokiagoa» izango dela oraingoan hondamendiaren kudeaketa. Nazioartetik heltzen diren laguntzak Segurtasun Zibileko Sailak kudeatuko dituela iragarri zuen Twitterren, erreskateak ere sail horrek antolatzen baititu. «Laguntza modu ordenatuan heltzea nahi dugu», azaldu zuen. Nazioartetik iritsitako laguntza zentralizatu, eta, hala, kontrolatu egin nahi du gobernuak, gobernuz kanpoko erakundeek dirua beste modu batera bideratzea eragozteko. Ez zen hala izan duela 11 urte, atzerritik heldutako funtsak kontrolik gabe kudeatu baitzituzten gobernuz kanpoko erakunde askok. Ustelkeria kasuak eta diru desbideratzeak agerian geratu ziren orduan, baita iritsitako laguntza modu ordenatuan kudeatzeko gobernuaren ezintasuna ere.
Orain arte heldutakoa banatzeko «ahalegina handituko» dutela ere iragarri zuen Henryk, «ahal beste biktimarengana» iristeko. Horretarako zailtasunak dituzte eremu kaltetuenetan, ordea; herrialdearen hego-mendebaldean, batik bat. Errepide asko etenda geratu dira, eta talde armatuek egoera baliatu dute eremuaren jabe egiteko. Sare sozialetan argitaratutako bideo batean, talde armatu bateko kide batek ziurtatu zuen Les Cayes hirirako eta haren ingururako sarbideetan ez zutela egingo erasorik. Segurtasun Zibileko Sailak jakinarazi zuen momentuz itsasontziz eta helikopteroz eramaten ari direla hornigaiak inguru horretara, baina lanean ari direla errepidetik hara iristeko modu seguru bat ezartzeko. Hain justu, Nazio Batuen Erakundeak atzo eskatu zion gobernuari korridore humanitario bat zabaltzeko, hornigaiak eramatean talde armatuen erasorik izan ez dadin.