Joan den asteazkenean hainbat lagunek Haitiko presidente Jovenel Moise hil zutenetik, Haitiko Polizia operazio handi bat egiten ari da egileak atzemateko. Leon Charles Poliziaren zuzendari nagusiak jakinarazi du «jatorriz Haitikoak diren hamabost kolonbiar eta bi estatubatuar» atxilotu dituztela. 28 laguneko komando bat jotzen dute erasoaren egiletzat, eta zehaztu du horietatik 26 kolonbiarrak direla. Horrez gain, Charlesek esan du hiru kolonbiar hil dituztela, eta beste zortzi ihes eginda daudela. Atzo, berriz, Poliziaren iturriek zabaldu zuten lau lagun hil zituztela gertakari berarekin lotuta. Charlesek ez du argitu zergatik eman zuten atzo hildakoen kopuru handiagoa. Beranduago, Poliziak bere Twitter kontuan jakinarazi du «hilketa ankerrean parte hartu zuten» bederatzi lagunen bila ari dela oraindik.
Charlesen arabera, erasoa egin zutenak Poliziaren eskuetan daude dagoeneko, eta erasoaren «egile intelektualak» harrapatzea falta zaie. Gertatutakoaren inguruko ikerketa administratibo eta judizial bat egingo dutela ere aurreratu du.
Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak esan du «erasotzaile gehienak» atxilotu dituztela, eta laguntza eskatu die herritarrei, «ihes eginda dauden beste zortzi erasotzaileak atzemateko». Poliziak ere «krimena argitzen» laguntzeko eskatu die herritarrei, eta horretarako baliagarria izan daitekeen edozein informazio beren esku uzteko. Halaber, nazioarteari ere dei egin dio, eginkizun horretan babesa eman diezaion. Atzo, nazioarteko hainbat erakundek gaitzetsi zuten Moiseren hilketa, eta baita oposizioaren gehiengo zabal batek ere, nahiz eta gobernuaren aurkako protesten sustatzaile nagusiak diren.
Hain justu, erasoa nazioarteko esku hartzeak lagunduta egina izan ote zen aztertzen ari da gobernua. BBC telebistari emandako elkarrizketa batean, Josephek iradoki du litekeena dela Haitiko «oligarkek» lotura izatea hilketarekin: «Moise herrialdeko zenbait oligarken kontra borrokan ari zen, eta ez dakigu loturarik egon ote daitekeen oligarka horien eta presidentea hil zuten atzerritarren artean». Haitik Washingtonen duen enbaxadore Bocchit Edmonen esanetan, baliteke egileak «bertako konplizeek lagundutako atzerritarrak» izatea.
Diego Molano Kolonbiako Defentsa ministroaren hitzek indar handiagoa eman diote teoria horri, Interpol nazioarteko Polizia erakundeak azalpenak eskatu ondoren egindako adierazpenean jakinarazi baitu Poliziak atxilotutako kolonbiarretako sei Kolonbiako Armadako kide izandakoak direla. «Egiaztapenak egiten ari gara Kolonbian, Haitiko agintariei txosten bat bidaltzeko», adierazi zuen lehenago Jorge Luis Vargas Kolonbiako Poliziaren zuzendariak. Momentu horretan Haitiko Poliziak hildako bi kolonbiarren inguruko informazioa zutela zehaztu zuen, eta baieztatu armadako ofizial ohiak zirela biak.
Armatutako hainbat lagunek hil zuten Moise, bere bizilekuan bertan, eta larri zauritu zuten Martine Moise haren emaztea. Dagoeneko arriskutik kanpo dago, AEBetako Miami hiriko ospitale batean. Bizilagun batek grabatutako bideo bat zabaldu zen erasoa izan eta gutxira, eta bertan hainbat lagun ikus zitezkeen presidentearen bizilekuaren kanpoaldean. AEBetako Drogen Aurkako operazio bat irudikatu zuten, baina agentzia horrek ukatu egin du erasotzaileak bertako kideak direnik.
Agintea, banatuta
Moiseren hilketak areagotu egin du aurrez ere handia zen krisi politikoa, eta ez dago argi nork hartuko duen estatuburu funtzioa. Josephek setio egoera ezarri zuen, eta armadari eskumenak eman zizkion. Hura izan zen hedabideen aurrean lehen adierazpenak egin zituena ere. Hala ere, behin-behineko lehen ministroa da Joseph, eta Moisek astelehenean izendatu zuen hura karguan ordezkatuko duena: Ariel Henry. Desadostasun agerikoak dituzte biek, eta gobernu baten faltak zaildu egiten du boterearen banaketan dauden zalantzak argitzea. Izan ere, parlamentua deseginda dago, eta Moisek urtebete zeraman dekretuz gobernatzen. Atzo, Helen La Lime Nazio Batuen Erakundeak Haitin duen ordezkari bereziak zilegitasuna aitortu zion Josephi herrialdea gidatu dezan. Azpimarratu zuen konpromisoa duela «elkarrizketarekin eta Moise presidenteak hauteskundeak egiteko aurreikusitako egutegia betetzearekin».
Hasieran, irailaren 26an egitekoak ziren presidentetzarako eta parlamenturako bozen lehen itzulia, eta egun berean egin asmo zuten konstituzioa berritzeko galdeketa ere. Presidentea hil ondoren, legediak dio 90 eguneko epearen barruan egin behar direla hauteskundeak. Horrek aukera emango luke orain arteko datan baino beranduago egiteko.