UHOLDEAK KARIBEN

Haitin eta Dominikar Errepublikan ia 600 herritar hil dira

Ehunka pertsona zauritu eta galdu dira, eta milaka geratu dira etxerik gabe

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Karibeko Hispaniola uhartean izandako uholdeetan hil diren pertsonak jada 600 izan daitezkeela esan zuten atzo hainbat informazio iturrik. Haitin dagoeneko 375 hil dira eta Dominikar Errepublikan, berriz, 200. Kopurua, dena den, handitu egin daiteke datozen egunotan; izan ere, bi herrialdeotan ehunka dira galduta dauden pertsonak. Etxerik gabe gelditu diren herritarrak, berriz, milaka dira; 13.000 eta 30.000 artean, hain zuzen.

Hondamendi handiena uhartearen hegoaldean izan da, hain zuen ere, Haitik eta Dominikar Errepublikak muga egiten duten eremuan. Bi herrialdeen arteko muga naturala hegoaldean jaio den Silie ibaiak egiten du. Ibaiak astelehen gauean egin zuen gainezka, herritarrak lotan zeuden bitartean. Bost orduan 247 metro kubo ur bota zuen.Haitin, hego-ekialdean dagoen eskualdea eta Fonds Verettes herria izan dira kalte handiena izan zuteneremuak, 200 eta 158 pertsona hil dira bertan, hurrenez hurren.Jimani herrian Dominikar Errepublikako herri kaltetuena da gutxienez 195 pertsona hil dira, horietatik %80 emakumeak eta umeak. Euriak herriko etxe gehienak eraman zituen, eta bizirik atera diren pertsonak bertatik atera behar izan dituzte. Zaurituak ere asko dira, eta ia 600 pertsona daude desagertuta. Dominikar Errepublikako Larrialdietarako Batzorde Nazionaleko bozeramaile Jose Luis Germanek atzo adierazi zuenez, arazo larriak daude gorpuak aurkitzeko; izan ere, asko lokatzaren azpian gelditu dira.Gorpuak identifikatzeko ere zailtasunak dituzte: «Arazoa da hildakoen senideak ere hilik daudela, beraz, zaila da gorpuak identifikatzea. Epe labur bat ezarriko dugu lan hori egiteko eta identifikatu ezean hobi komunetan lurperatuko ditugu». Infekzioak sortzea eragotzi nahi dute horrela. Erakundeko zuzendari Radhames Lora, berriz, salbamendu taldeek dituzten zailtasunez mintzatu zen: «Larrialdiko neurriak ezarri ditugu bizirik dauden pertsonengana ailegatu ahal izateko». Errepide gehienak moztuta daude, eta, ondorioz, hainbat ingurutara airez baino ezin da ailegatu.

Nazioarteko laguntza

Iragan otsailean Haitiko presidente izandako Jean Bertrand Aristidek herrialdea utzi ondoren bertaratu ziren nazioarteko soldaduek lan humanitarioa egiteari ekin zioten atzo. Dozena bat helikoptero bidali dituzte eta 18.000 litro ur eta jana banatuko dituzte herritarren artean. Gurutze Gorria ere laguntza eskaintzen hasi zen atzo. Munduko Elikagaien Programak 200.000 dolar banatuko ditu datozen egunotan, larrialdi neurriak hartu ahal izateko. «Herrialdearen egoera negargarria da», adierazi zuen atzo erakundeko ordezkari Guy Gaubreauk. Herri ugari edateko urik gabe eta argindarrik gabe daude, eta beste hainbat, bakartuta.

Europako Batzordeak bi milioi euroko diru laguntza onartu zuen atzo. Haiti munduko herrialderik pobreenetakoa da. Orotara 8,3 milioi pertsona bizi dira bertan, eta per capita errenta 440 dolarrekoa baino ez da. Dominikar Errepublikaren egoera ekonomikoa ere ez da ona, baina Haitikoa baino hobea, hala ere per capita errenta 2.230 dolarrekoa da.

Atzo euria egiteari utzi zion arren, uharteko agintariek alerta egoera mantentzea erabaki zuten. Datozen egunotan ekaitzak egon daitezkeela ohartarazi zuten.

Dena den, Meteorologia Bulego Nazionalak datozen orduetanatertu egingo duela jakinarazi zuen. Euri jasa duela bi aste hasi zen.

-

LEKUKOTZAK



 

«Nire senideren bat bizirik egotea espero dut»





Haitin eta Dominikar Errepublikan bizi diren herritarren lekukotzaklazgarriak dira oso. Jimani eta Fonds Verettes herrietan oso gutxi atera dira bizirik, eta horiek senideen bila ari dira gau eta egun. Tartean lokatz azpian aurkitzen dituzte gorpuak. «Nire alabaren gorpua aurkitu dute. Senideren bat bizirik egotea espero dut», adierazi zuen emakume dominikar batek. Dorca Dotel Jimanin bizi da. Herria erabat suntsiturik geratu zen iragan astelehen gauean. «Nire semetxo guztiak uretandaude. Laurak. Urak hil ditu. Jainkoa, emaidazu indarra kolpe honi aurre egiteko», zioen negarrez. Juan de la Cruzek, berriz, lortu zuen seme-alabak salbatzea: «Hasieran seme-alaba txikienak hartu nituen besoetan, ur korronteak arrastaka eraman gintuen kilometro eta erdi, zuhaitz batera heldu eta hantxe gelditu ginen. Seme-alaba handienak, berriz, etxeko teilatura igo ziren beren kabuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.