Haitiko Gobernuaren etorkizuna lausoa denean itzuli da Jean-Claude Duvalier Baby Doc diktadore ohia etxera, 25 urtez erbestean egon ostean. «Laguntzera» joan dela ohartarazi du, Port-au-Prince hiriburuko aireportura iristean —Rene Preval presidentearen segurtasun indarrek eta mila bat lagunek egin diote ongietorria—. Ezustean iritsi da, baina ezkutuan egin beharrik izan gabe, 1971tik 1986ra bere aita Françoise Duvalier Papa Doc-en diktadura luzatu zuena, Frantzian erbesteratu zen arte matxinoen presioaren ondorioz. Oposizioak salatu du susmoa dagoela Preval berak eskatuta itzuli dela, eta hura atxilotzeko eskatu du. Argibideak ematekoa zen atzo kazetarien aurrean, baina gaur arte atzeratu du agerraldia.
Amnesty Internationalek ere epaileen esku jartzeko eskatu du, «giza eskubideen kontrako gehiegikeriak» ikertzeko. Beste batzuek, ordea, politika egiten utz diezaioten eskatu dute, iraganean ustez egindako gizateriaren kontrako krimenak, torturak eta delituak epaitzeko denbora amaitu dela argudiatuta. Tentsio politikoaren erdian, AEE Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusi Jose Miguel Insulza hauteskundeetan egon den iruzurraz mintzatzera iritsi da. Haren ustez, hauteskundeak berriro egin beharko lirateke.
Françoise Duvalier Papa Doc aitarengandik jaso zuen semeak beldurtzeko gaitasuna, betaurrekoen atzean ezkutatzen zen gizon lotsatiarengandik, eta baita Tonton Macoute gupidagabe herritarrak torturatzen eta hiltzen zituzten milizien eskutik ere. Lotsarik eta mugarik gabe erakutsi zioten izuan oinarritutako botere anker eta suntsitzailea. Baby Docek, aitak lagunduta ere, ez zuen izan ez gaitasunik ez gogorik ikasketak amaitzeko, eta boterera heldu zen lasterketa autoez gehiago zekiela, ekonomiaz, historiaz edota politikaz baino.
Luxuzko autoak gidatzen gozatu ahal izateko hiriburuko aireportua ixten zuen, herrialdeko errepide asfaltatu bakarra. Eta noizean behin auzo pobreenetara joatea gustatzen zitzaion, dolar billeteak airera jaurtitzera eta haiek hartzeko haitiarrak elkarren artean borrokatzen ikustera.
Diktadorerik gazteena
Hilezkortzat jotzen zutenean hil zen Claude Duvalier, 1971n. Lurperatu zuten egunean lurra harrotu zuen haize boladan ikusi zuten bere gorputik ateratzen, bere arimak haren semearen baitan irauteko, kontatzen dutenez. Baby Doci bururatu zitzaion munduko agintari gazteena izan zitekeela —19 urte zituen aita hil zenean—, eta, bide batez, herrialdea salba zezakeela. Europako ideiak bereganaturik eta film estatubatuarrek nabarmen eraginda, aitaren erretorika afrikarra alboratu eta Ameriketako Estatu Batuekin berriz ere harremana izateko ahaleginean hasi zen herrialdearen zorraz ardura zitezen. Denbora gutxira, Haitiren esportazio urriak AEBetako ospitaletarako odola eta Dominikar Errepublikarako esklaboak izan ziren.
Jimmy Carter AEBetako presidente izan zen garaian diktadore nahiko ahula izan zen Baby Doc, baina Ronald Reaganen garaian hiltzeko baimena berreskuratu zuen, Papa Docen ohiturak bereganatuz.
Michelle Bennettekin ezkondu zenean, ordea, aitak islatu zuen guztiaren kontra egin zuela pentsatu zuten buduek. Bennett mulatoa zen, merkatarien alaba, duvaliertarrek higuintzen zuten klase eta arrazakoa. Ezkontzeko lehen emaztearekin banandu zen —beltza zen hura—, eta eskandalua eragin zuen.
Duvalier semearen arrebek eta amak —eragin handia zuten harengan— ez zuten gogoko emazte berria. Dirutza gastatzen zuen ilezko berokietan —ezohikoa da herrialdean 30 gradu baino gutxiagoko tenperatura—, eta zapaten eta etsaien bilduma egin zuen.
Mulatoek boterean eta negozioetan pisua hartu zuten, eta beltzak matxinatu egin ziren Duvalierren kontra, 1986an, hilabeteetako greben eta protesten ondoren. Haur erraldoia jaioterritik isilean atera zen, Reaganek utzitako hegazkin batean eta bankutik 120 milioi dolar hartu ostean.
Beti amestu zuen bezala bizitzen saiatu zen, aberatsak bezala, luxuzko autoz eta etxez inguratuta, baina Bennettekin banandu, eta lur jota geratu zen. 2004an hartzekodunen jazarpenaz nazkatuta eta haitiar batzuek eskatu ziotelako itzultzea erabaki zuen hauteskundeetan aurkezteko, baina ezin izan zuen izena eman erroldan. Nolabaiteko nostalgiarekin hitz egiten zen auzorik pobreenetan Baby Doci buruz, baina bere aitaren eta bere artean pilatu zituzten 60.000 hildakoak eta jaioterrian auzipetzeko aukeragatik ez itzultzeko erabakia hartu zuen. Pilatu zuen dirutzaren zati bat Suitzan dago, baina gaur egun blokeatuta daude haren kontu korronteak.
Haitira itzuli da diktadore ohia
Jean-Claude Duvalier 1971tik 1986ra izua eragin zuen presidentea egoera hobetzen «laguntzera» heldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu