Haitira nazioarteko misio armatu bat bidaltzea onartu du NBEk

Aurreikusten dute gutxienez urtebete iraungo duela laguntzak. Kenyak gidatuko du lantaldea

Dominikar Errepublikako soldadu bat Dajabon, bi estatuen arteko mugan. EFE.
ander perez zala
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Laguntza eskaria jaso eta urtebetera, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak oniritzia eman zion atzo nazioarteko misio armatu bat Haitira bidaltzeari. Talde armatuen indarkeriaren ondorioz, herrialde horretako egoera nabarmen okertu da urteotan, batez ere segurtasunari dagokionez; horren erakusle, iragan hilabetean, G9 Familia eta Aliatuak bandako lider Jimmy Cherizierrek mehatxu egin zuela gobernua kargutik botatzearekin. Eta aintzat hartu ondotik egonkortasun politikoa eta ekonomikoa ere ez dagoela bermatuta, MSS Nazioarteko Segurtasun Babesa eratzea erabaki dute: Kenya izango da horren liderra, eta gutxienez urtebete iraungo du.

Gatazka eta zatiketa geopolitikoen garaia den honetan, Haitiri buruzko ebazpenak aspaldian ikusi gabeko babesa jaso zuen herenegun gauean NBEren Segurtasun Kontseiluan egindako bozketan. Hamabost kideetatik hamahiruk eman zioten baiezkoa testuari; eta beste biak, Txina eta Errusia —beto eskubidea dute— abstenitu egin ziren, argudiatuta aurrez Karibeko herrialde horretan izandako nazioarteko esku hartzeek ez zutela erabateko arrakastarik izan. Edonola ere, Haitiko Atzerri ministro Jean Victor Geneuse pozik agertu zen, eta eskerrak eman zizkion erakundeari «elkartasun keinuagatik», nazioarteko misio armatua «itxaropen izpi bat» delakoan.

NBEren datuen arabera, aurten gutxienez 3.000 lagun hil eta 902 zauritu dituzte banda armatuek; gainera, 1.500 bat pertsona ere bahitu dituzte, eta, talde horiek eragindako indarkeriaren ondorioz, 200.000 lagunek beren burua behartuta ikusi dute lekualdatzera, batez ere Port-au-Prince hiriburuan —horietako gehienak kanpaleku inprobisatuetan bizi dira—. Egoera humanitarioak okerrera egin du, oro har: 5,2 milioi pertsonak behar dute laguntza humanitarioa, biztanleen ia erdiek.

Haitiko Gobernuaren ustetan, horren guztiaren errudun nagusiak banda armatuak dira, eta horregatik eskatu du nazioarteko misio bat herrialdera itzul dadila Polizia laguntzera. Hori bai, NBEren Segurtasun Kontseiluak onarturiko ebazpenak ez du datarik finkatu; aldiz, MSS hedatzeko prozesuak «zenbait hilabete» iraungo du, Efe berri agentziari esan diotenez.

Hain justu, Kenyako Atzerri ministro Alfred Mutua pozik agertu zen erakundearen erabakiarekin, baina, X sare sozialean atzoko ordu txikietan idatzitako mezu baten bidez, eskatu zuen «denbora gutxian» bidal dezatela nazioarteko misio armatua, zeinak baimena izango duen «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko».

Nairobik joan den uztailean proposatu zuen bere burua balizko talde horren buru izateko, eta hitzeman zuen mila polizia bidaliko zituela Haitira; horrek zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunderen kritikak eragin zituen, Kenyan bertan manifestarien kontra indarkeria erabiltzen dutela argudiatuta. Aldiz, oraingoz, nazioarteko herrialde esanguratsuetako inork ez du agenterik bidaliko; Frantzia eta Kanada, esaterako, hori egiteko prest agertu dira, baina oraindik ez dute pausorik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.