Gora egiten jarraitzen du Valparaison piztutako sutearen ondorioz hildakoen eta kaltetutakoen kopuruak. Txileko Gobernuak jakinarazi du hamabost direla hildakoak, 2.500 inguru suntsitutako etxeak eta 11.000 bat kaltetutako herritarrak.
Agerraldi batean, Rodrigo Peñailillo Barne ministroak azaldu du oraindik sua piztuta dagoen leku batzuetan lanean ari direla 27 hegazkin, eta bederatzi aterpetxe prestatu dituztela kaltetuentzat. Horrez gain, 600 tona elikagai eraman dituzte hirira.
Larunbat iluntzean piztu zen sutea Valparaiso kanpoaldean. Txileko hiri nagusietako bat da, eta 270.000 biztanle inguru ditu. Haizeak mendixka ugaritara zabaldu du sutea. Oraindik bi puntutan dago piztuta sua, Barne Ministerioko Larrialdi Bulegoak jakinarazi duenez. Argentinari hidrohegazkinak bidaltzeko eskatu dio Txilek, "babes gabe geldi litezkeen" inguruetarako.
Larrialdi Bulego horretako lurraldeko zuzendari Guillermo de la Mazak ziurtatu du "norbaiten parte hartzea" izan dela sutearen sorreran: "Sua La Polvora bidearen hegoaldean piztu da, Parque del Puerto hilerriaren hego-ekialdean. Norbaiten parte hartzea dago zalantzarik gabe, eta sutea ez da izan istripu elektriko baten ondorioz".
El Mercurio kazetak ikerketako iturriak aipatuz, ordea, argitaratu du goi tentsioko linea bateko bi kablek elkar jo zutela haizearen eraginez, eta sortutako txinpartak hosto lehorren gainean erori zirela.
Michelle Bachelet Txileko presidenteak aitortu du egoera "lazgarria" dela, baina nabarmendu du laguntza "iristen" ari zaiela kaltetuei. "Salbuespen eta hondamendi egoera" eman du Bacheletek Valparaison, "ordena publikoaren kontrola eta kaltetutako herritarren ebakuazioa" errazteko.