Hamarkada gogor baten atarian

Datozen urteetan Errusiaren garapena «egonkorra eta sendoa» izango dela iragarri du Vladimir Putinek

Jon Fernandez.
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak iragarri du datozen hamar urteetan ere gogor eutsiko diola orain artean egin duen politikari, «zabu-zabuka ibili barik, arrazoirik gabeko liberalismoan eta gizarte demagogian oinarritutako esperimenturik egin barik». Errusiako Parlamentuan esan ditu hitzok Putinek, gobernuaren kudeaketaren gaineko urteroko txostenaren aurkezpen saioan. Datorren abenduan egingo dituzte Errusiako Parlamenturako hauteskundeak, eta 2012ko martxoan presidentziarakoak, eta oposizioak gardentasuna eskatu dio bozetarako. Putinek, ordea, gardentasunaren inguruan ez entzunarena egin du berriz ere.

Errusiako politika erabat kontrolatzen du lehen ministroak, eta datozen urteetan orain arteko politikei eusteak demokrazia eta eskubide urratzeei eustea esan nahi du, besteak beste. 2000. urtetik, boterera iritsi zenetik, nabarmen murriztu dira eskubide demokratikoak Errusian: besteak beste, probintzietako gobernadoreak zuzenean hautatu izana, GKEak sortzeko oztopoak jarri izana eta prentsa askatasuna urratu izana leporatzen dio oposizioak. Putinen aurka hitz egin zuten Anna Politkovskaia kazetariaren hilketa edota Alexander Litvinenko agente bikoitzaren hilketa dira eskubideen urratze horien adibide aipagarrienak.

Horrela jarraituz gero gizarteak erantzun egingo duela ohartarazi dio Gennadi Ziuganov Alderdi Komunistako buruak lehen ministroari: «Hauteskundeen garbitasuna bermatzeko kontrol sistemarik sortzen ez bada, Afrikako iparraldean gertatu dena gertatuko da hemen ere». Errusia Justua alderdiko buruak ere gardentasuna eskatu dio, baina Putinek ez die erantzun. Oposizioa beldur da FSB Errusiako zerbitzu sekretuek ez ote duten Interneten erabilera mugatuko datorren abenduko eta martxoko hauteskundeetarako. Internet «kontrol barik» erabiltzea Errusiako segurtasunarentzat «mehatxu ikaragarria» izan daitekeela esan du oraintsu Alexander Andreetxkin FSBko buruzagiak, eta Skype, Gmail eta Hotmail moduko zerbitzuen erabilera mugatu beharra dagoela esan du.

Hauteskundeen harira, Internet ez dutela mugatuko baieztatu du Putinek, baina oposizioa ez da fio. 50 milioi erabiltzaile ditu Internetek Errusian eta, une honetan, Putinen jarduna salatzen duten kazetari eta ekintzaileen babesleku bakarra da, bertan baino ezin baitute ustelkeria ofiziala zuzenean salatu.

Bikotearen oreka

Parlamentuan egindako agerraldian, Errusiak datozen hamar urteetarako «garapen sendo eta egonkorra» behar duela nabarmendu du Putinek. Alabaina, «arrazoirik gabeko liberalismoa» aipatzean, Dmitri Mdvedev presidentearen jarduera eremua mugatu du, bai Errusian eta bai nazioartean izaera liberaleko erreformaren burutzat hartzen baitute askok Mdvedev.

Putin-Mdvedev bikotean zeinek agintzen duen argi utzi nahi izan du lehen ministroak. 2000tik 2008ra bitartean Errusiako presidentea izan zen Putin, eta Konstituzioak hirugarren legealdia egitea galarazten zionez, Medvedev bere eskuineko eskua aukeratu zuen bera ordezkatzeko. Izaera bereko bikotea osatzen dute, baina azkenaldian jendaurreaneuren arteko ezadostasunak agertu dituzte, bai barne politikako auzietan bai atzerri politikakoetan.

Datorren urteko martxoko presidentetzarako bozetan berriz aurkezteko aukera du Medvedevek, baina Putinek ere, azken lau urteotan lehen ministro izan ostean, berriz ere presidentetzara aurkezteko aukera du. Oraindik ez dago argi bietako zein aurkeztuko den presidentetzarako; hautagaitza bien artean erabakiko dutela baino ez dute aurreratu.

Dialektika horren haritik, Errusiak «independentea eta indartsua» izan behar duela nabarmendu du Putinek, egin beharreko politikak kanpoko inork ezarez ditzan. «Esan dezagun egia:egungo munduan, ahula bazara, beti egongo da kanpoko norbaitgomendatuko dizuna herrialdeak zer bide hartu behar duen eta zer politika egin behar duzun».

Fukushimaren onurak

Bestalde, ekonomia arloan, Errusiak krisia gainditu duela baieztatu du lehen ministroak; iaz BPGa %4 igo zela esan du. Baina Putinek meritua gobernuari eman arren, batez ere esportazio gaien prezioaren gorakadak (hidrokarburoak, metalak eta produktu kimikoak) lagundu dio ekonomiaren hazkundeari.

Gainera, Japoniako Fukushima zentral nuklearraren istripuak ere mesede egin dio, Europako hainbat herrialdek uko egin baitiote energia nuklearra garatzeari eta, beraz, igo egingo baita gasaren eskaria. Datorren uztailean Nord Stream Europako gas hodi handiena jarriko du martxan Putinek. Itsaso Baltikoaren azpitik igarota, Alemania, Erresuma Batua eta Frantzia hornituko ditu, besteak beste. 1.198 kilometroko luzera duen itsaspeko gas hodi horren bidez, bereziki Ukrainak eta Bielorrusiak eragindako gasaren prezioaren gerrak eragotzi nahi ditu Errusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.