Hamasek Israelen menia proposamena ukatu du, ez duelako «bandera zuria atera nahi»

Palestinako organizazio islamistak esan du ez direla Tel Aviven baldintzetara «errendituko». Gaza iparraldeko pasabidea ireki dute gaur, urriaren 7az geroztik lehen aldiz.

Israelgo armada Gazako zerrenda eta Israel banatzen dituzen mugan, artxiboko irudi batean. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo armada, Gazako zerrenda eta Israel banatzen dituen mugan, artxiboko irudi batean. ATEF SAFADI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 2a
13:15
Entzun

Hilabeteak dira Israelen eta Hamasen arteko gatazka eteteko elkarrizketak hasi zirela. Azken saiakeran ere, AEB Amerikako Estatu Batuak, Egipto eta Qatar ari dira gidaritzapean, eta, elkarrizketa horiei esker, aste honetan Israelek beste menia proposamen bat egin dio Hamasi; berrogei eguneko su etena, alegia. Palestinako organizazio islamistak, baina, ez du begi onez ikusten, eta uko egin dio. Bart AFP France-Press albiste agentziari emandako elkarrizketa batean, Hamaseko goi kargudun batek, Suhail al-Hindik, errepikatu du organizazioaren helburua «gerra amaitzea» dela, eta azaldu du Tel Avivek proposaturikoa ez dutela gustuko. Izan ere, adierazi du gerra ezin dela amaitu «inola ere bandera zuria aterata edo Israel aurkariaren baldintzetara errendituta».

«Hamasek eta Palestinako beste erresistentzia fakzio denek interes handia dugu dena txikitzen ari den zentzugabeko gerra hau amaitzeko», adierazi du Al-Hindik. Bake hori lortu ahal izateko, bi baldintza azpimarratu ditu Hamaseko goi kargudunak. Alde batetik, Israelen tropa «denak» Gazatik irtetea, eta, bestetik, zerrenda «berreraikitzeko programa bat» ezartzea. Programa horretan, halere, «[Israelek] azpiegitura militarrik ez eraikitzea ziurtatu» behar dela gaineratu du.

Israelgo gerra kabinetea gaur arratsaldean bilduko da, zehazteko zer pauso eman behar diren hurrena «bahituak askatzeko». Herenegun ere biltzekoak ziren xede berarekin, baina bilera hasi baino ordu batzuk lehenago bertan behera utzi zuten.

Menia proposamena hizpide duten honetan, Israelgo armada zerrenda bonbardatzen ari da oraindik ere. Al-Jazeera telebista kateak gaur esan du Israelek azken orduetan «erasoak areagotu» dituela, eta Palestinako milizien eta Israelgo armadaren arteko borrokak ere areagotu direla. Gatazkaren gaiztotze hori zerrenda erdialdean gertatzen ari da, bereziki. Bertan dagoen Nuseirat errefuxiatuen esparrua bonbardatu du Israelgo armadak, telebista kate horren arabera.

Indarkeria ez da bakarrik Gazan areagotu. Zisjordaniako lurralde okupatuetan sarekada bat egin zuten atzo gauean, palestinarren etxe batzuetara sartu eta hainbat lagun atxilo hartuta. Palestinar Espetxeratuen Elkarteak hamabost lagun atxilo eraman dituztela jakinarazi du; hala ere, atxilotu gehiago egon daitezkeen susmoa dute.

Gatazka eta negoziazio testuinguru horretan, Iran ere mugitu da. Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahia telefonoz mintzatu da EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellekin. Elkarrizketaren ostean Irango Atzerri ministroak X sare sozialean argitaratutakoaren arabera, «lehen baino lehen Israelgo erregimenaren genozidioa amaitzeko beharra» plazaratu dio Borrelli. Horretarako, EBk Iranen indar armatuen ekintzak «errespeta ditzala» eskatu dio. NBE Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko eta eskualdeko politiketan «protagonismoa izatea ezinbestekoa dela» adierazi du.

Kolonbiak harremanak hautsi ditu Israelekin

Ez dira nazioartean azken orduetan egon diren mugimendu diplomatiko bakarrak. Kolonbiak Israelekin harreman diplomatikoak eten ditu gaur. Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak hala jakinarazi zuen bart: «Kolonbiak Israelgo estatuarekin harreman diplomatikoak etengo ditu genozida den gobernu eta presidente bat izateagatik».

Erabakiak erreakzioak eragin ditu alde batean eta bestean. Israelek Petroren aurka egin du; Atzerri ministro Israel Katzek «gorrotoz beteriko antisemita» gisa definitu du Kolonbiako presidentea: «Gustavo Petro presidenteak Hamasen hiltzaile eta bortxatzaileak saritzea erabaki zuen, eta lortu du. Historiak gogoratuko dio gizadiak ezagutu duen munstrorik arbuiagarrienen alde egin duela».

Hamasek, berriz, Petroren erabakia txalotu du. Ohar batean adierazi duenez, harremanak haustea «garaipen bat» da haientzat, eta nazioarteari eskatu dio Kolonbiaren urratsei jarraitzeko, «nazioarteko lege eta hitzarmen denak» apurtu baititu.

Osasun zerbitzuei eraso

«Genozidio eta sarraski» akusazioen testuinguruan, Osasunaren Mundu Erakundeak urriaren 7az geroztik Gazan osasun zerbitzuek pairatu dituzten erasoen inguruko datuak kaleratu ditu gaur. Guztira, 443 eraso erregistratu dituzte.

Eraso horiek 101 ospitale eta bestelako osasun eraikinen aurkakoak izan dira. Bestalde, 106 anbulantziak ere kalteak izan dituzte. Israelgo armadaren eraso horietan 723 lagun hil dituzte. Erasoetan kaltetutako ospitaleek harrabotsa eragin dute. Izan ere, zerrendan dauden 36 ospitaleetatik lauk soilik ez dute kalterik izan. 25ek, gainera, bertan behera utzi behar izan dute lana, horietako asko txikituta daudelako.

Gauzak horrela, laguntza humanitarioa areagotu da gaur Gazan. Urriaren 7az geroztik lehen aldiz ireki dute zerrenda iparraldea eta Israel batzen dituen pasabidea. Jordaniatik laguntza humanitarioa ekarri duten 31 kamioi igaro dira gaur Erez pasabidetik. Laguntza hori sartu izana txalotu duten arren, hainbat erakundek ohartarazi dute Gaza iparraldera heltzen ari den laguntza «gutxiegi» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.