Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa

Hamasek eta Israelek su-etena adostu dute, astebeteko erasoaldiaren ostean

Israelek lehengo astean Gazan hasitako operazioaren ondorioz, 163 lagun hil dira gutxienez: 158 palestinar eta 5 israeldarEgipto izango da su-etenerako akordioaren bermatzailea, bi aldeek hala adostuta

Arnaitz Lasarte.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Astebeteko erasoaldiaren ondoren, su-etena hitzartu dute Israelek eta Hamasek. Gazan 21:00 zirenean jarri zuten su-etena indarrean, bi aldeak atzo arratsaldean ados jarri ondoren. «Israelek Gazaren aurkako aire eta itsaso bidezko eraso guztiak geldituko ditu, baita lurreko erasoak eta herritarren aurkako jarraipenak ere». «Milizia palestinar guztiek Israelen aurkako erasoak geldituko dituzte, suziri bidezko eta mugako erasoak barne». Horiek dira Israelek eta Hamasek lortutako akordioaren lehen bi puntuak. Hurrengo puntuak honako hau dio: «Pasabideak ireki behako dira herritarren eta lehengaien mugimenduak errazteko». 24 orduko epea dute horretarako. Israelek lehengo asteazkenean Gazan abiarazitako Segurtasunerako oinarria operazioak 163 hildako eragin ditu gutxienez: 158 palestinar eta bost israeldar.

Su-etenerako akordioaren berri Mohamed Kamel Amr Egiptoko Atzerri ministroak eman zuen, Kairon, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria ondoan zuela. Hain zuzen ere, Egipto izango da akordioaren bermatzaile. Su-etenak hiru fase izango ditu: lehenik, erasoak bertan behera utzi beharko dituzte Israelek eta milizia palestinarrek; gero, Egiptok bi aldeen bermeak jasoko ditu, akordioak jasotzen duenarekin bat egiten dutela ziurtatzeko; eta, azkenik, bi aldeek hitzeman beharko dute akordioa urratzen duen alde bakarreko ekintzarik ez dutela egingo.

Espero baino egun bat geroago iritsi da su-etena. Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak herenegun eguerdirako esan zuen akordioa lortuta zegoela Israelekin. Hamaseko eta Jihad Islamikoko gauerdirako indarrean jarriko zela esan zuten gero, eta handik gutxira, iragarpen bera egin zuen Turkiako Atzerri ministroak. Azkenean, ordea, ez zuten akordiorik lortu.

Israelek Clintonek Ekialde Hurbilean egitekoa zuen bilera sailaren ondoren egin du azken urratsa. Clinton, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu zen herenegun gauean, Jerusalemen. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin atzo goizean, eta Mursirekin arratsaldean, Kairon. Su-etena iragarri ostean, Netanyahuk esan du Barack Obama AEBetako presidenteak «gomendatuta» onartu duela akordioa: «Israelen segurtasuna bermatzea da nire ardura, eta orain, Israelentzat egokiena su-eten iraunkor bat da». Halare, ohartarazi du Israelek «beharrezko neurri guztiak» hartzen jarraituko duela, «Israelgo zibilak defendatzeko».

Hamasek, berriz, ontzat jo du akordioa, eta esan du Israelera suziriak jaurtitzeari utzi diola. Gazako herritarrek ere pozik hartu dute su-etenaren albistea. Hamasek, Israelen erasoen beldur, etxean gelditzeko agindu arren, akordioa ospatzeko kalera atera dira palestinarrak. Meskitetako bozgorailuetatik «garaipen bat lortu da» oihukatu dute. Nazioarteak ere berria ospatu du.

Gazan, gero eta larriago

Garaipen horren aurretik, hala ere, Israelgo armadak atzo gogor egin zion eraso Gazari. Gauez, hango ehundik gora eremu bonbardatu zituen. Horien artean, Hamasen gobernuko Segurtasun Ministerioa eta nazioarteko hedabideetako langileak hartzen dituen eraikin bat —France Presse-ren bulegoek izan dituzte kalterik handienak—. Ismail Haniye Gazako lehen ministroaren auzoari ere egin zioten eraso.

Eraso horien ondorioz, Gazako herritarren egoera larriagotzen joan da. NBEk jakinarazi duenez, Gaza iparraldetik ihes egin duten 11.000 herritarrentzat kanpamendu bat prestatu behar izan dute. Iheslari horiek salatu dute azken egunetan ez dutela jaso umeentzako janaririk, esnerik eta edateko urik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.