Astebete igaroko da Israelgo espetxeetako ziegak zabaltzen hasterako, prozedura juridikoak behar duen denbora, baina egunak gorabehera, preso palestinarrak Gilad Shalit soldadu israeldarraren truke askatzeko akordioa egina dago, eta hitzarmenaren urratsen zertzelada batzuk ere eman dituzte: Israelgo Estatuaren segurtasunaren kontra egiteagatik eta terrorismoagatik kondenatuta dauden 450 preso askatuko ditu Netanyahuren gobernuak lehenik, eta ondoren, Hamasek Shalit Egiptoko bitartekarien esku utziko du. Handik bi hilabetera askatuko dituzte gainerako presoak, 1.027 palestinar espetxetik atera arte. 280k bizi guztiko zigorra dute, baina jada esan dute 203 Zisjordaniatik Gazara edo erbestera bidaliko dituztela. Kaleratuko dituzten lehen presoei dagokienez, izenez izen negoziatu dute bi aldeek, eta gainerakoen zerrenda Hamasen iritzirik gabe osatu du Israelek. Bost urte baino gehiago eta ezerezean geratutako hizketa saio asko behar izan dituzte akordioa erdiesteko. Shalit 2006an bahitu zuten komando palestinarrek, eta gai gatazkatsua bilakatu da urteetan. Albistea, gainera, palestinarren arteko batasun nazionala lortzeko prozesua berriz ere abiatu dutenean dator.
Azam Al Ahmad PAE Palestina Askatzeko Erakundearen ordezkariak atzo bertan baieztatu zuen Jaled Mashal Hamaseko buruarekin bilera egitekotan dela Al Fata Kairon, hori ere Egiptoren bitartekaritzarekin. Duela egun batzuk ziren bilera egitekoak, bainabi aldeen arteko ezberdintasunen ondorioz atzeratu egin zuten. Orain, berriz, presoen inguruko hitzarmenak gerturatu egin ditu bi aldeak, Al Ahmadek esandakoaren arabera. Hamasek akordioaren berri emango dio Al Fatari, baina horrez gain, batasun nazionalerako gobernua osatzeko oztopoei aurre egiten saiatuko dira.
Presoak nor diren jakitea, dena den, ezinbestekoa izango da akordioaren garrantzia neurtzeko. Albistea jakin berritan Hamaseko ordezkariek esan dute zerrendan daudela Maruan Barguti eta Ahmed Saadat presoak, baina gerora ezeztatu egin dute komunikabide israeldarrek. Barguti Al Fatako idazkari nagusi ohia da, karisma handiko buruzagia, eta 2004an kondenatu zuten bost israeldar hiltzeagatik, horietako bakoitzarengatik bizi guztiko kartzela zigorra jaso ere. Al Aksa Martirien Brigadetako buru izatea ere leporatu zioten. Saadat, berriz, Rajabam Zeevi Israelgo Turismo ministroa hiltzeagatik kondenatu zuten. Simon Peres Israelgo presidenteak sinatuko ditu barkamen aginduak, ustez etzi, eta seguruenik igandean kaleratuko dute izenen zerrenda.
Akordio «historikoa»
Izenak jakin aurretik senideen eta gertukoen urduritasuna dago, Gazan bizi edo Zisjordanian, baina iritzi-emaileen erreakzioen ezberdintasuna nabaria da hitzarmenaren arrakastaren inguruan, Hamasekoen gertukoa izan edoAl Fatakoena. Palestina albiste iturriaren arabera, «historikoa» izan da akordioa, eta Al Ajjam egunkariarentzat, berriz, «garaipen handia» da, baina deserriraturik ez lukete onartu behar. Al Fatarentzat, gainera, kontuz hartu beharrekoa da albistea, haientzat ezinbestekoa baita izenen artean Maruan Barguti eta Ahmed Saadat egotea; kontrakoa «porrota» izango da.
Oro har, palestinarren zoriaren aldaketaren hasieratzat jotzen dute albistea hedabideek, eta preso guztien askatasuna lortu beharraz ari dira —6.000 baino gehiago daude—. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearentzat ere preso guztiak askatzea «garrantzitsua» da, lortutakoa gutxietsi gabe, izan ere, «denbora askoan gogor lan egitearen ondorioa» izan da akordioa. Baina Israelekin negoziatzera esertzeko ez dela nahikoa, eta bere baldintzak berretsi ditu: koloniak amaitzea eta bi estatu sortzeko ideia onartzea, gutxienez.
Arabiar Ligarentzat ere oso garrantzitsua izan da akordioa: independentzia lortzeko presoak eta haien erresistentzia «ezinbestekoak» direlako.
Hamasek Shalit libre utzi aurretik, 450 preso askatuko ditu Israelek
Datorren astean hasiko dira 1.027 presoetatik lehenak kaleratzen; gainerakoak, soldadu israeldarra Egiptoren esku uzteanHamasek eta Al Fatak bilera egingo dute, presoez gain, batasun nazionalaz aritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu