Palestinako gatazka

Hamasen aurkako erasoetan «zibilak babesteko» eskatu dio Blinkenek Israeli

Gerra hasi zenetik egindako lehen hitzaldian, Hezbollahko liderrak esan du «aukera guztiak irekita» daudela Libanoko frontean. Israelen lan egiten duten milaka gazatar zerrendara bidali ditu Tel Avivek.

Antony Blinken AEBetako idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, gaur, Tel Aviven. AMOS BEN GERSHOM / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 3a
12:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Urriaren 7tik hirugarrenez, Tel Aviven izan da gaur AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinken. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin izan du lehen hitzordua, Israelera iritsi eta gutxira; gero, Isaac Herzog Israelgo presidentearekin batzartu da, eta horren ondoren egin du prentsaurrekoa. Beste behin, Israelen defendatzeko eskubidea aldarrikatu du; hori bai, esan du «ahal den guztia» egin behar luketela Hamasen aurkako erasoetan «zibilak babesteko» eta «gehien behar duten horiei» laguntzeko, «bai Gazan, bai Zisjordanian».

Hain justu, Etxe Zuriak asteon birritan aipatu du «eten humanitarioen beharra». Batetik, laguntza humanitarioa Gazan sar dadin eta zaurituak eta atzerritarrak handik irten daitezen; eta, bestetik, Hamasek bahitutakoak askatzeko. Berehala eta irmo erantzun du, ordea, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek: «Ez da su etenik izango harik eta [Hamasek] bahitutakoak aske utzi eta Israelera itzuli arte».

Izan ere, Israelgo tropek lehorreko ofentsiba hasi zutenetik astebete betetzen den honetan, Gaza bonbardatzen jarraitzen du Israelek. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 9.300 palestinar baino gehiago hil dituzte urriaren 7tik. Armadak jakinarazi du, gainera, Gaza hiria inguratuta daukatela tropa israeldarrek, baita Hamasen lur azpiko tunelak «suntsitu» dituztela ere. «Erasoaldiaren etapa militar gorenean gaude», esan zuen atzo Netanyahuk. Lehorreko borroketan, ordea, 23 soldadu israeldar hil direla ere esan du armadak.

Urriaren 8tik, Libano hegoaldeko frontetik Israelekin borrokan ari dira Hezbollahko milizianoak. Erasoaldiak etenik gabeak izan dira, baina txikiak. Gerra hasi zenetik lehen aldiz, hitzaldi bat egin du Hezbollahko lider Hassan Nasrallahk afera horretaz. Agerraldian, miliziako liderrak ez du zehaztu zer rol hartuko duen Hezbollahk gerran, baina adierazi du «benetako» aukera dagoela Israelen aurkako erasoak areagotzeko. «Israelek Gazaren aurka egiten dituen erasoen araberakoa izango da hori».

Israelek hil dituen Hezbollahko milizianoak, Hamaseko kideak eta Gazako eta Zisjordaniako palestinarrak ekarri ditu gogora ordubete pasatxo iraun duen hitzaldiaren hasieran. Gero, argi utzi nahi izan du: «Urriaren 7ko erasoa palestinarrena izan zen oso-osorik; Hamasek ez zigun laguntzarik eskatu. Erabateko sekretupean antolatu zuten milizia palestinarrek, eta horregatik izan du horrelako arrakasta».

Eraso horrek «lurrikara bat» eragin du Israelen, eta, Nasrallahren arabera, Tel Avivek horren ondorio estrategiko eta politikoak nozituko ditu etorkizunean. Izan ere, uste du Hamasen erasoaldi «zentzudun eta ausartak» Palestinako gatazkaren «fase historiko bat» markatu zuela, eta, orain, bi helburuak: «Gazako lurretan borrokak gelditzea, eta Hamasek gerra irabaztea». Horretarako, «guztiek» hartu beharko dute ardura, ordea, eta estatu arabiar eta musulmanei eskatu die «elkarrekin lan egin» dezatela Gazako sarraskia amaitzeko.

Gazara bueltan

Netanyahuk egin zuen iragarpena: «Gazara bidaliko ditugu urriaren 7ko erasoaldiaren egunean Israelen lan egiten ari ziren gazatarrak». Netanyahuren asmoa da, halaber, Israelek Gazarekin izan dezakeen «lotura oro» etetea. Horren harira, PAN Palestinako Aginte Nazionalak Gazako zerrendara bideratutako funts guztiak bertan behera uztea erabaki du gaur Israelgo gerra kabineteak.

Tokiko hedabideen arabera, 3.200 langile bidali ditu Israelek Gazara. Hainbat gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute hori langileei «heriotzara kondenatzea» dela. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako bozeramaile Liz Throsselek ere kezka adierazi du, bai langile horien inguruan, bai Zisjordaniako egoeraren inguruan.

Izan ere, Gaza borroken erdigunea den arren, Palestinako lurralde okupatuetan ere izaten ari dira erasoak. Urriaren 7az geroztik, gutxienez 140 palestinar hil dituzte Israelgo polizia agenteek edo kolonoek, eta milatik gora atxilotu. Are, uste da 4.000 palestinar inguru desagertuta daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.