Hanka bat kanpoan

Uhartearen zatiketa konpontzeko akordiorik ez baldin badago, iparraldeko zati turkiarra EBtik kanpo geratuko da datorren maiatzean

2003ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Teorian, Zipre uharte osoa izango da Europako Batasuneko kide datorren maiatzaren 1etik aurrera, nazioarteak aintzat hartzen duen Zipreko Errepublikak bat-egite ituna sinatu baitzuen apirilean. Komunitate turkiarra eta greziarra zatitzen dituen gatazka konpondu arte, ordea, praktikan EBtik kanpo geratuko da Zipreko Errepublika Turkiarra.

1974an zatitu zen uhartea, Turkiak iparraldea okupatu zuenean, junta militar batek Makarios presidentearen aurkako estatu kolpe saioa egin zuenean. 1983an, Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuen Rauf Denktash buruzagiak Turkiak bakarrik onartu zuen. Geroztik, turkiarren esku dago herrialdearen heren bat eta beste bi herenak greziarren esku. Glafkos Clerides greziarra eta Rauf Denktash turkiarra izan dira bi komunitateetako buruzagiak urte luzeetan. Haien agintaritzapean zatiketa konponezina izan da, nahiz eta hainbat negoziazio egin diren. Aurtengo otsailean, aldiz, Tassos Papadopoulosek irabazi zizkion bozak Cleridesi eta Zipreko Errepublikako presidente berri bilakatu zen. Itxuraz, Cleridesek kontzesio gehiegi egin zituelako babestu zuten herritarrek Papadopoulos. Presidente berriak agindu zuen greziarrentzat akordio hobea bilatuko zuela, batez ere errefuxiatuen auzian. Datorren igandean beste aldaketa bat espero da komunitate turkiarrean egingo diren hauteskundeetan. Aurreikuspenen arabera, NBEk aurkeztutako bake plana uzkur hartu zuen Denktashek galdu egingo du.

Manifestazioak eta dimisio ohartarazpenak

Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak bake plan bat proposatu zien bi aldeei iazko azaroan, eta martxora arteko epea eman zien erantzuteko. Biek ezezkoa eman zuten: greziarren esku lurralde zati handiegia utzi beharko zuela argudiatu zuen Denktashek; Cleridesek, erbesteratuak itzultzeko neurriak ezegokiak zirelakoan. Hala ere, greziarrek EBrekin bat egiteko ituna sinatu eta berehala, bi aldeak zatitzen dituen Lerro Berdea zeharkatzeko oztopoak murriztu zituen, lehen aldiz 30 urtean. Handik gutxira, greziarrek iragarri zuten turkiarren produktuak hegoaldean saltzeko mugak arindu eta beste zenbait oztopo ere murriztuko zituztela.

Planak sostengu handia zuen komunitate turkiarrean haren aldeko manifestazio jendetsuak egin ziren, baina Denktashek esan zuen onartu baino nahiago zuela dimisioa eman. Zipretar greziarren ustez, uhartearen batasuna da turkiarren okupazioa amaitzeko bide onena. Arlo ekonomikoan gorabehera handiak ditu uharteak: hegoaldea egoera onean dagoen arren, iparraldea txiroagoa da eta kalte handia egin dio Turkiak izan duen krisiak. Hala eta guztiz ere, Ziprek, oro har, langabezia tasa erlatiboki txikia du eta per capita errenta EBko batez bestekotik gertuago dago kide berriak izango diren gehienena baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.