Harakina, Mendebaldearen iritziz

1945. urteaz geroztik, Mendebaldeko hainbat zerbitzu sekretuk Klaus Barbie hiltzaile naziarekin lanean jardun zuten denbora askoan. Historiako gertakizun hori berraztertzen hasi besterik ez dira egin.

Klaus Barbiek Lyongo espetxean igaro zituen bere azken urteak. 1991n hil zen. - / BERRIA.
Berlin
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Luzea eta malkartsua izan da Klaus Barbiek (Bad Godesberg, 1913) 1945az geroztik Mendebaldeko hainbat zerbitzu sekreturekin izandako loturaren inguruko egia aurkitzeko bidea. Gaby Weber kazetaria eta Peter Hammerschmidt historialaria hainbat hilabetetan ahalegindu ziren Alemaniako zerbitzu sekretuak Barbieri buruz egindako espedienteak eskuratzen, baina gobernuak kontra egin zien. Kantzilertzak blokeo orokorrerako ohar bat ezarria zien zerbitzu sekretuaren agiriei; bidegabe ezarri ere, Administrazioarekiko Auzien Auzitegi Federalak 2010eko apirilean adierazi zuenez, Weberrek auzi eske batjarri eta gero. Auzitegi Gorenaren erabakiak bakarrik leundu zuen agirietarainoko bidea, eta, behin han, kontu harrigarri bat aurkitu zuen.

SS Segurtasun Zerbitzuko eta Hitlerren Gestapo Polizia Sekretuko funtzionario izandakoa zenBarbie, eta, behin faxismoa garaituta gero ere, inolako eragozpenik gabe jardun zuen Mendebaldeko hainbat zerbitzu sekreturen agindupean. Hammerschmidtek lehenbizikoz azaldu du, Lyongo Harakinak gerra ostean izandako biografian. Horretarako, batetik, zerbitzu sekretuaren espedienteak ikusi ahal izan zituen, eta, bestetik, AEBetako Agiritegi Nazionaleko funts historikoak.

Honako hau erakutsi du Hammerschmidtek: AEBetako agintariak Barbieren atzetik zebiltzan, gehien bilatutako gerra kriminaltzat baitzeukaten; CIAko zerbitzu sekretuak, berriz, fronterako gizon gisa errekrutatu zuen, hastear zegoen Gerra Hotzean jardun zezan. Hammerschmidtek adierazi duenez, «1946an, aliatuen bilaketa zerrendan ageri zen. 1947az geroztik, CIAk ordaindu beharreko nominen artean zegoen».

Izieuko deportatzea

Hammerschmidtek ukatu egiten du Mendebaldeko agintariek ez zekitela Barbieren ibilbidearen berri. 1949aren amaiera alderako, bazen zantzu mordo bat Barbiek Lyongo Gestaporen agindupeko gisa egindako hilketa batzuen inguruan. Atzetik zebilzkion, batez ere, Izieuko umezurztegi judu batetik 44 haur deportatzeagatik—lehenik, Drancyko harrera esparrura, eta, gero, Auschwitzera—; Jean Moulin erresistentzia frantseseko komandante izandakoa eta gerora heroi nazional bihurtutakoa hil izanak ere akuilatu zituen nazien ehiztariak.

Behin baino gehiagotan azaleratu ziren Barbieren kokalekuaren inguruko arrastoak. 1961eko apirilean, Lyongo harakinaren ahaide batek polizia etxe batean azaldu zituen Barbiek Hego Amerikara ihes egin zuelakoari buruzko xehetasunak. 1951n, CIAk kontinente hartara eramana zuen bere agentea, Ustasha milizia kroaziarrari esker. Herrialde horretako diplomaziak 1967ko otsailean egindako ohar batean berretsi zuen Barbie La Pazen zegoela, Boliviako hiriburuan. Hauxe dago jasota AEBetako Agiritegiko idatzian: «Hemen jarri da bizitzen, Klaus Altmann izena hartuta». Hala, beste kontu bat ere erakutsi zuen Hammerschmidtek: Allan A. Ryan ikertzaile estatubatuarrak jakinaren gainean gezurra esan ziola jendeari AEBek Barbieren eta haren CIArekiko loturei buruz zuten informazioaz.

Egiaz, egindako krimenak eginagatik, Sobietar Batasunaren kontrako lehenbiziko agentetzat zeukan Barbie Mendebaldeak.Honela laburbiltzen du Hammerschmidtek: «Militar estatubatuarren eta nazien artean adiskidetsuki aritzeak, funtsean, bazuen asmo bat: Ekialdeko arerio berriari buruzko informazio zabala eskuratzea erregimen nazional-sozialistaren komunismoan ustez aditu zirenengandik». Zerbitzu sekretu estatubatuarren iritziz, «komunismoaren kontrako jarrera nabarmena» ageri zuen. Horrexegatik errekrutatu zuen gerrako kriminala Alemaniako zerbitzu sekretuak, 60ko urteen erdialdera.

Errekrutatze espediente hura aurkitu zuen Hammerschmidtek. 1966ko maiatzaren 18ko data zeukan, eta goiburuko hau: Iragan politikoari eta jarrerari buruzko datuak. Eta haren azpian, hauxe zekarren laburbilduta: «1930, Hitlerren Aldeko Gazteak taldeko kidea, eskuinekoa eta komunismoaren kontrakoa». Hala ere, handik zazpi hilabetera bakarrik amaitu zuen BND zerbitzu sekretu federalarekiko lankidetza ofiziala. Iragana zela eta, pertsona oso arriskutsua bihurtu zen Barbie; batez ere, Lyongo harakinaren atzetik zebiltzalako Beate eta Serge Klarsfeld nazi harrapatzaileak eta Frantziako agintariak. Hala ere, ez zuten deportatu eta atxilotu 1983ra arte.

Hego Amerikan, gurutzadan

Agiritegian orain arte aurkitutakoa aintzakotzat hartuz gero, argi dago Barbiek Hego Amerikan segitu zuela komunismoaren kontrako bere gurutzada. Lankidetza estuan aritu zen CIArekin, Alemaniako zerbitzu sekretuarekin eta Merex AG armamentu ekoizlearekin, eta armaz hornitu zituen hango gobernu eskuindarrak. Rene Barrientos Ortuño boliviarrak 1964an estatu kolpea eman eta gero, haren lekaioak galdeketa, tortura eta erresistentziaren kontrako borroka metodoetan trebatu zituen. Horretan aditua zen Barbie: gerra amaitu ostean, hark desegin zituen ia erabat Lyongo erresistentziaren egiturak. 1983an egin zioten elkarrizketa batean, hauxe esan zuen Gustavo Sanchez Salazar Boliviako Barne ministroak: «Haren erruz, bizitzak galdu ditu nire herrialdeak. Hark ekarri zituen berriro tortura metodoak. Europako bere gerra Boliviako lurraldera lekualdatu zuen Barbiek».

Boliviaren demokratizazioaren ondoren bakarrik deportatu zuten Barbie 1983an Guyana Frantsesera. Han, segurtasun funtzionario frantsesek atxilotu egin zuten gerrako kriminal eta agente izandakoa, eta Frantziara bidali zuten hegazkinez. 1991n hil zen Barbie, Lyonen preso zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.