Harremana estutzeko AEBen proposamenak ez ditu asebete Pazifikoko estatuak

Etxe Zuriak goi bilera bat antolatu du eremu horretan bere influentzia indartzeko. Salomon Uharteek esan dute ez dutela itunik sinatuko

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
ander perez zala
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek goi bilera bat antolatu dute lehen aldiz Pazifikoko herrialdeetako agintariekin. Eremu hori geopolitikoki gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den honetan, Etxe Zuriak Txinaren influentziari aurre egin nahi dio, eta horregatik erabaki zuen atzo hasi eta gaur amaituko den hitzordua antolatzea, Washingtonen. Helburua argia da: estatu horiekiko harremanak estutzea, eta AEBen interesak defendatzea. Hasiera, ordea, ez da baikorra izan, Salomon Uharteek uko egin baitiote Etxe Zuriak proposatu duen akordio diplomatikoa sinatzeari; gainontzeko herrialdeentzat, gainera, eskainitako laguntza ez da nahikoa.

Etxe Zuriak 11 puntuko adierazpen zirriborro bat aurkeztu die gonbidaturiko agintariei, eta elkarlana eskaintzen die «okertzen ari den klima krisiaren eta ingurune geopolitiko geroz eta konplexuagoaren» aurrean. Eduki aldetik, itun hori nahiko orokorra da, eta engaiamendua du oinarri, besteak beste, klima larrialdiaren kontrako borroka indartzeko, hazkunde ekonomikoa sustatzeko eta bakea eta segurtasuna bermatzeko.

Pazifikoko herrialdeetako buruzagiek, baina, neurri eta konpromiso zehatzagoak nahi dituzte AEBetako Gobernuaren partetik, eta, batez ere, ituna beren interesentzako ere mesedegarria izatea. Hau da, ez dute Washingtonen peoi izan nahi, batez ere geopolitikaren ikuspuntutik, Txinaren aurkako influentzien borroka geroz eta sutsuagoan.

Proposaturiko adierazpena zirriborro bat izanik, Etxe Zuriak espero du goi bileran gai izango dela itun horren edukia negoziatu eta adostasun bat lortzeko —Joe Biden AEBetako presidentea ere parte hartzen ari da—. Halere, badirudi Salomon Uharteek ez dutela hori egiteko asmorik, herrialde horren AEBetako enbaxadak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera. «Salomon Uharteak ez daude adierazpen hori aste honetan onartzeko moduan, eta denbora beharko dute horretaz gogoeta egiteko eta ituna Salomon Uharteen erabakitzeko prozesu nazionalari [parlamentuari] helarazteko. Salomon Uharteek kontuan hartzen dute adierazpena eztabaidatzen ari direla, eta oraindik kontsentsua falta dela», azaldu die enbaxada horrek beste herrialde gonbidatuei, The Guardian egunkariaren arabera.

Litekeena da jarrera horren arrazoietako bat izatea herrialde horrek Txinarekin iragan apirilean adostu zuen segurtasun akordioa. Horren arabera, Salomon Uharteek eskaria eginez gero, Pekinek, besteak beste, «poliziak, polizia armatuak eta tropak» bidali ahalko ditu herrialde horretan «ordena ezartzen laguntzera»; are, bere «beharren» arabera, Txinak baimena izango du uharte multzora «itsasontziak eta logistika» eramateko, baita uhartedia bidaietako trantsizio gune gisa erabiltzeko ere.

Batez ere azken neurri horiek eragin dute kezka inguruko herrialdeetan, iradoki baitezakete Pekinek uhartedian base militar bat eraiki nahi duela; Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak, ordea, adierazi zuen ez duela halakorik «onartuko».

Txinako Gobernuaren ordezkaritza bat itun hori adosten saiatu zen Asia-Pazifikoko beste herrialde askorekin, estatu horietara bidaiatuta, baina ezezkoa jaso zuen, gehienek nahiago dutelako AEBekin aliatuta jarraitu. Halere, akordio horrekin konparatuta, Washingtonena askoz ere orokorragoa da, Pekinenak inbertsio kopuru eta programa zehatzagoak jasotzen baititu.

Herrialdeen presioa

Etxe Zuriaren lehen eskaintza aztertu ondoren, egunotako goi bileran parte hartuko duten gainontzeko herrialdeek Washingtoni erantzun diote gehiago espero eta nahi dutela AEBetako Gobernuaren partetik, eta presio egiten aritu dira hori lortzeko

«Egungo proposamena ez dator bat gure uharteek eremuko [Pazifikoko] segurtasunari eta egonkortasunari begira emandako laguntzarekin. Badirudi AEBen laguntza ekonomikoko proposamena aurrez erabakia eta beharrezko analisirik gabea dela... Modu sinplean esanda: AEBen laguntza ekonomikoa ez da nahikoa», besteak beste, Palauko eta Marshall Uharteetako enbaxadoreek Washingtoni esan diotenez, The Guardian-en arabera.

Hori bai, Etxe Zuriari berretsi diote AEBak «oraindik ere aliaturik garrantzitsuena» izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.