Espainiako politikagintzaren zimenduak astindu ditu Gurtel auziak, agintean dagoen PP alderdiaren finantzaketa eredua bera auzitan jarriz. PPren ustezko legez kanpoko finantzaketa ikertzea da auziaren xedea, eta, bide horretan, gaur ekin diote ahozko epaiketari.
Atal ugaritan bereizita dago auzia; gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatu dutenak 1999 eta 2005 arteko jarduna du aztergai, eta 37 dira akusatuak; tartean, PPko alkate eta kontseilari ohi ugari. Urte horietan kontratu publikoen bidez legez kanpoko komisioak jasotzeko sare bat osatzeagatik epaituko dituzte. Hilabete ugari iraungo du epaiketak.
Auzitegira iristen lehenetarikoa Luis Barcenas PPko diruzain ohia izan da. Hain zuzen, El Mundo egunkariak gaur argitaratu duenez, Barcenasek idatzi bat aurkeztu du auzitegian, ukatzeko PPren kanpaina eta kongresuen antolaketan eta adjudikazioetan erantzukizunik duela, eta ardura hori Ana Mato ministro ohiaren bizkar utzi du.
Ustelkeria sareari etekina ateratzea leporatu dio epaileak PPri, eta alderdia bera epaitua izango da datozen hilabeteetan. Gaur, aurretiazko gaiak izango dituzte hizketagai, eta defentsako akusatuek eskatuko dute baliogabetzat jotzeko auziari bide eman zioten grabaketak. Baltasar Garzon epaileak agindutako grabazioak ere aintzat ez hartzeko eskatuko dute —grabazio horiek agintzeagatik 11 urteko inhabilitazioa ezarri zioten Garzoni—.
Zigor eskari handiena Correaren aurka egin du fiskalak; 125 urte. Barcenasentzat, berriz, 42 urteko espetxe zigorra galdegin du.