Hasteko, ke beltza tximinian

Atzo hasi zen Eliza katolikoko 266. aita santua aukeratzeko konklabea; lehen bozketa saioan ez dute akordiorik lortuErabat sekretupean hartuko dute erabakia Vatikanoan bildutako 115 kardinalek

Samara Velte.
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Benedikto XVI.a aita santuak kargua utzi eta 29 egunera hasi dira munduko hauteskunde bitxienak haren ordezkoa aukeratzeko. Kanpainarik eta hautagairik gabeko bozak dira; inork ez du bere burua aurkeztu, eta, teorian behintzat, milioika pertsonak dute hautatuak izateko aukera.

«Extra omnes», denak kanpora. Agindu horrekin hasi zen atzo konklabea Vatikanoan. Mundu osoko 115 kardinal giltzapean daude —egunez, bederen— Sixtoren Kaperan, Michelangeloren eta Botticelliren freskoen azpian Eliza katolikoko 266. aita santua aukeratzeko. Barrutik ez dator Twitterreko mezurik, ez zuzeneko emankizunik. Segurtasun neurririk ez dago sobera, hitz batek ere ez dezan ihes egin kaperatik. Kanpoan, ehunka fededun, turista eta kazetari tximinia txiki bati begira, munduan 1.000 milioi jarraitzaile dituen erakundeko burua iragarri arteko protokolo korapilatsua noiz amaituko zain.

1. Nork aukeratzen du aita santua?

Tradizio katolikoak dio Espiritu Santuak hautatzen duela Jainkoaren ahotsa Lurrera ekarriko duen gizona. Konklabeari ekin aurretik ere hari egiten diote dei kardinalek, erabakia hartzen lagun diezaien. Kargua utzi berri duen Joseph Ratzingerrek berak zehaztu zuen 1997an Espiritu Santuaren funtzioa, Alemaniako kate bati emandako elkarrizketan: «Ez nuke esango auzia kontrolatzen duenik. Ez, hezitzaile on baten gisan dihardu; espazio eta askatasun asko uzten digu, baina gu erabat abandonatu gabe. Horrenbestez, Espirituaren funtzioa malgutasun handiagoz ulertu behar da; ez digu agintzen nori eman behar diogun botoa. Ziurrenik, berme bakarra eskaintzen digu: kontuak ezin duela erabat hondoa jo».

Izan ere, Elizako interes desberdinek aurrez aurre ageri dira agintaria aukeratzeko orduan. Legez, sedes vacans garaia hasterako —aita santua hiltzen den unea, edo dimisioa ematen duena— 80 urte bete gabe dituzten kardinalek dute parte hartzeko betebeharra. Aurten 117 ziren, baina bik huts egin dute, kasu batean osasun arazoak eta bestean sexu eskandalu bat dela medio.

2. Nola hautatzen dute?

Lau aste igaro dira aita santuaren aulkia hutsik gelditu zenetik; aski negoziatu eta hitz egin dute harrezkero. Orain bozketa egitea dagokie. Sixtoren Kaperan bildutakoek demokratikoki aukeratzen dute nori emango dioten Vatikanoko eta Eliza katolikoko erabakien gaineko botere absolutua. Kardinal bakoitzak letra ulergarrian baina berea dela ez ezagutzeko moduan idazten du hautagaiaren izena. Gero, papertxoa erditik tolestu eta hautestontzian sartzen du, Jainkoaren aurrean zin eginez. Hiru kardinalek zenbatzen dituzte botoak: lehenak banan-banan ateratzen ditu kutxatik, eta markatu egiten du haietariko bakoitza. Bigarrenak aztertu egiten du, eta hirugarrenak ozen irakurri. Gero, guztiak hari batez lotzen dituzte.

Lehen egunean —atzo— bozketa bakarra egiten dute, eta hortik aurrera, egunero lau. Saio batean bi herenen babesa lortu arte ez da inor hautatzen. Atzo ez zuten halakorik erdietsi. Hirugarren egunerako akordiorik lortu ezean, egun bateko deskantsuak tartekatzen hasiko dira, zazpina bozketako hiru txandari ekin aurretik. Horrela ere ez badira ados jartzen, azkenengo bozketan boto gehien lortu duten bi hautagaien artean bat hautatu beharko dute.

Saio bakoitzaren ondoren, erre egiten dituzte papertxoak. Adostasunik ez badute lortu, ke beltza irteten da tximiniatik, eta kanpokoek hasperen egiten dute zapuztuta. Ados jartzen direnean, zuria da kea, eta amaitu da kardinalen barnetegia.

3. Nor izan daiteke aita santu?

Lanpostu eskaintzak baldintza gutxi zehazten ditu: gizonezkoa, ezkongabea eta katolikoa. Aita santua Erromako apezpikua da; horrenbestez, teorian, gotzain izan daitekeen edonor izan daiteke aita santu. Gutxienez 35 urte izatea gomendatzen dute, duela bostetik apaiz izatea eta Teologian edo Zuzenbide Kanonikoan doktore. Merezimenduen artean daude, halaber, «ospe ona» eta «gizakien arimaz kezkatzea».

Teoriaren arabera, hautagaiak milioika izan daitezke. Praktikan, ordea, Sixtoren Kaperatik irteten da aita santu berria. Italiako prentsak 20 eta 30 papabili artean aipatzen ditu, baina prozedurako sekretismoa gordez gero, estatistiketan baino ezin daitezke oinarritu espekulazioak. Historiak dio amerikarrek eta ozeaniarrek aukera gutxi dituztela, 265 aita santuetatik 254 europarrak izan direlako.

4. Zenbat iraungo du konklabeak?

Legez, ez dago eperik. Historiako konklaberik luzeenak, esaterako, hiru urte iraun zuen. 1268an hasi zen, Erroma iparraldeko Viterbon. Herritarren protestekin ere, ez zirudien kardinalen arteko eztabaidak inoiz amaitu behar zuenik, eta haiek untxitegitik ateratzeko neurriak hartu zituen eskualdeko justiziak: urera eta ogira murriztu zuen hornidura, eta biltokitzat zeukaten jauregiko teilatua erauzteko agindua eman. Gregorio X.a aukeratu zuten azkenean.

Dena den, azken ehun urteotan, konklabea ez da behin ere bost egun baino luzeagoa izan. Azkenengoan, 2005ean, bi egun nahikoa izan ziren Benedikto XVI.a aukeratzeko.

5. Zein hizkuntzatan egingo dute?

Vatikanoko hizkuntza ofiziala latina da, eta errezu eta ereserkiak ere hizkuntza horretan daude. Mundu osoko kardinal katolikoek dakiten hizkuntza izanik, logikoa litzateke horixe erabiltzea konklabean. Dena den, italieraz ere egin dezaketela aipatu dute hainbat hedabidek.

6. Beti egin izan da konklabea?

Ez. Hasieran, Erromako herritarrek eta kleroak aukeratzen zuten hiriko apezpikua. Gero, aita santuak eurak hasi ziren beren ondorengoak aukeratzen. Europako errege-erregina etxe nagusien interesak eta haiek egindako presio politikoa handiegiak ziren, ordea. Horregatik, aukeraketa sekretupean egitea erabaki zuten. 1276az geroztik, kardinalek aukeratzen dute aita santua.

7. Zein izango da aita santuaren erronka?

Elizaren uneko beharrei erantzuten jakingo dien aita santua nahi dute katolikoek. Azken pare bat urtean bi auzik orbandu dute nabarmen Vatikanoa: Vatileaks ustezko ustelkeria kasuen berri ematen zuten filtrazioen eskandalua, eta munduko hainbat lekutan argitara atera diren pederastia eta sexu gehiegikeria kasuak. Benedikto XVI.ak, dimisioa ematean, bere funtzioa betetzeko indar nahikorik ez zeukala argudiatu zuen, eta batek baino gehiagok ulertu zuen auzi horiek kudeatzeko zailtasunez ari zela.

Teologo ona izatearekin ez baita nahikoa: kargu politikoa da aita santuarena. Kardinalen artean desberdintasunak bereizi daitezkeen neurrian, bi fronte nabarmentzen dituzte hedabideek: ustezko ustelkeria eta pederastia kasuak argitu eta Elizaren aurpegia garbitzearen aldekoak batetik, eta Vatikanoko botereari eusten dion kuria bestetik.

8. Nork erabakitzen du aita santuaren izena?

Hautatutakoari, bi galdera egiten dizkiote lehenik: «Onartzen duzu kargua?», eta, hala bada, «Zein izen nahi duzu?». 1555etik, hautsi ez duten ohitura da izena aldatzearena. Lehena Joan II.a izan zen; Mercurio izena zuen berez, jainko erromatarrak bezala. Ez zuen egoki ikusten Eliza katolikorako, eta aldatu egin zuen kargua hartzean. Egun, izen kristau bat hartu ohi dute; batetik, beste aita santuei erreferentzia egiteko, eta bestetik, ulerterraztasunaren izenean —Joan Paulo II.a, esaterako, Karol Wojtyla litzateke bestela—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.