Ukrainarrek ez dute umorearen zentzurik. Hala defendatu zuen bere burua atzo Errusiako Armadako buru Alexander Voloshinek. Izan ere, Kieveko prentsan sekulako zalaparta sortu zuten militarrak bezperan eginiko hitzek. Kertx itsasartea utzi baino lehen Ukraina bonbardatuko zutela esan zuen Voloshinek, «txantxetan». Haatik, broma girorik ez dago azken egunotan bi herrialdeon artean. Kievek gerra eremua bilakatu du Tuzla uhartearen ingurua, errusiarrak Ukrainako uhartea beren lurraldeari lotzeko dike bat eraikitzen ari direlako. Moskuko Nezavisimaia Gazeta egunkariak atzo idatzi zuenez, «Kertx itsasarteko ika-mika gatazka armatua bilaka daiteke datozen egunetan, eta hau ez da exajerazioa».
Hego Amerikara egiten ari zen bidaia ofiziala eten zuen asteazkenean Leonid Kutxma Ukrainako presidenteak, eta etxerako bidea hartu zuen Azoveko itsasoa eta Itsaso Beltzaren arteko pasabidean sorturiko krisia bideratzeko. Gerrarako jantziriko militarrek erakutsi zioten errusiarren «etsaien ekintza». Irailaren 19an hasi ziren dikea eraikitzen, beren kostaldearen erosioa mugatzeko asmo «ekologikoa» erabilita. Egunez egun, dozenaka metro aurreratu dituzte, sakonera eskaseko 4 metro inguru itsasoan.
Afera, «politika baino, gaizki ulertzea» zela esan zuen hasieran Kutxmak. Halere, dikearen oinarrian dauden benetako arrazoiak ur azalera agertu ziren Errusiak Ukrainari Tuzla uhartearen jabetza agirien bidez frogatzeko ofizialki eskatu zionean.
Ordainsaria: 100 milioi euro
Ukrainak ez du inoiz dikea bukatzen utziko. Hala esan zuen asteartean Kieveko Atzerri Ministerioko eledun Markian Lubkivskik. Kertx itsasartea ordainleku aberatsa da Ukrainarentzat. Tuzla uhartea eta Krimea penintsularen artean igarotzen diren itsasontzi errusiarrek 100 milioi euro inguruko ordainsaria uzten dute urtero.
Garai batean, Tuzla uhartea Errusiako lurraldearekin Taman penintsularekin lotzen zuen 4 kilometroko lurmutur batek. Lotura hau 1925. urtean izaniko ekaitz batek desagerrarazi zuela diote errusiarrek. Horregatik, Ukrainak «bere kabuz marrazturiko muga» ez dutela onartzen adierazi dute.
Kieven arabera, ordea, Tuzla Krimeako penintsulako zati dela argi agertzen da agirietan, eta Mosku bi herrialdeon arteko mugak aintzat hartzera behartututa dago, Sobiet Batasunean Ukrainari aitortzen zitzaion lurraldetasuna dela eta.
Kertx itsasartekoak Ukrainako urak dira egun. Errusiak estatusa aldatu nahi luke eta «bi herrialdeon barne urak» izendatu. Errusiar askok, egun ere, beren lurraldearen parte gisa ikusten dute Krimeako penintsula.
Tuzla uhartetik 150 metrora ezarri du Kievek Ukrainaren uren muga. Errusiarrak eraikitzen ari diren dikeak tarte hori gaindituz gero, «lurralde batasuna bortxatu dela ulertuko du Ukrainak», atzo Kutxmak esan zuenez. «Horrek dagokion ekintzak eragingo lituzke Nazio Segurtasun Batzordean, eta Defentsa Ministerioan», gaineratu zuen. Horrez gain, gaia Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan aurkeztuko duela iragarri zuen, eta 1992an Sobiet Batasun ohiaren armategi nuklearra desagerraraztearen truke Ukrainaren lurralde batasuna bermatu zuten estatuen aurrean.
Dikea gaitzetsi zuen atzo Kieveko legebiltzarrak. Iuri Iejarunov legebiltzarkideak «gehiegi maite gaituzten bizilagunei asmoak kentzeko, armategi nuklear txikia baina balekoa» biltzeko dei egin zuen.
Moskuko Duman ere Legebiltzarrean aztertu zuten gaia. «Zio ekologiko zein politiko argiak» dituen dikea eraikitzen jarraitzeko dei egin zuen Dmitri Rogozin Dumako Atzerri Gaietarako Batzordeko buruak. Dikea osatu eta Ukraina negoziatzera behartzeko deia egin zuen Rogozinek. NATOko ontziak Kertx itsasartea gurutzatzen hastean, Errusiako segurtasun nazionala arriskuan egongo dela iragarri zuen diputatuak.
«Distentsio keinua» egin zuten atzo errusiarrek: dikeko lanak gelditu zituzten Ukrainako Armadak bere itsasmuga markatzeko jarritako ontzietatik 109 metrora. «Pozik nago denbora gutxian egindakoarekin. Gure kosta ez dute jada horren gogor astintzen urek, lana ia bukatuta dago», esan zuen Alexandr Tkatxov gobernadore errusiarrak. Krimeako herritarren arabera, ordea, itsasoak ekarritako hondarra bilduko da dikearen inguruan, eta uharterainoko tartea estalita egongo da aste gutxiren buruan. Halere, biltzen den hondar pila guztia kentzeko prest daudela diote.
Errusiarren argudio ekologikoa desmuntatzeko, txosten bat aurkeztu dute itsas biologo eta geologo ukrainarrek. Horren arabera, dikeak bertako molusku populazioa desagerraraz dezake. Hori ere ez da, ziurrenik, exajerazioa.
Hau ez da exajerazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu