«Haurrentzako kartzelan egondakoak omentzeko bide bat izan da eleberria»

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
L'Enragé (Errabiatua) eleberria argitaratu berri du Sorj Chalandonek. Bretainiako haurrentzako erreformatorio batean izandako benetako ihesaldi bat kontatzen du, baita horren ondotik nehoiz atzeman ez duten haurraren fikziozko istorioa ere. Haurrek jasaten zuten indarkeria eta aitak ttipitan jasanarazi ziona lotu ditu idazleak.

Nola sortu duzu eleberria? Egiazko gertakari bat du abiapuntu, eta fikzioa gehitu diozu horri. Nola?

Aski bortitza izanen naiz, baina horrela gauzak argiago izanen dira. Haur denboran zanpatua izan nintzen, eta, indarkeria hori bizi izan ez banu, ezinen nuen eleberri hau idatzi. Eleberrian aipatzen dudanaren gisako haurrentzako kartzela batera igortzearekin mehatxu egiten zidan aitak. Idatzi ditudan eleberri guziak bihozminetik datoz.

Noiz eta nola erabaki zenuen Enez ar Gerveurreko zentro hetsiaz idatziko zenuela?

1973an sartu nintzen Libération egunkarian, gurasoen etxetik ihes egin ondoan. 1977an jakin nuen Enez ar Gerveurreko orduko hezkuntza zentroak ateak hetsi zituela. Orduan ulertu nuen aipatzen zuten zentro hori eta aitak aipatzen zidan haurrentzako kartzela bat eta bera zirela.

Zer zen Enez ar Gerveureko zentro hetsia?

1840an ireki zuten kartzela bat, Napoleonen kontrakoak sartzeko. Gerora, Parisko Komunan parte hartu zutenak gakotu zituzten han. 1880an hasi ziren han lehen haurrak kartzelatzen. 1977an, beraz, ohartu nintzen1880tik haur batzuk gakopetuak zirela zelda horietan, nahiz eta ez baldintza berak izan. Ate bera, pareta berak. Horra igorri nahiko ninduen aitak. Hala, eleberria haurrentzako kartzelan egondakoak omentzeko bide bat izan da, jakinez haietako bat izan nintekeela. Duela urte pare bat hara itzuli nintzen, eta orduantxe erabaki nuen liburu horrekin hastea. Baina horretarako istorio bat behar nuen.

Istorioa egiteko, historian oinarritu zara.

Ni ez naiz historialaria, eta ez dut Frantzian izan diren haurrentzako kartzelen historia kontatu nahi. Nik espetxe jakin baten historia kontatu nahi nuen, espetxe horretako haur baten ikuspegitik. Horretarako, inportantea zen espetxe horri buruz idazten nuen guzia egia izatea. Garai hartako tokiko prentsa aztertu dut, informazio ahalik eta zehatzena lortzeko. Jules Bonneau [eleberriko pertsonaia nagusia] asmatu aitzin, aurreko guziak egia eta zehatza izatea nahi nuen: pareten goratasuna, uniformearen kolorea...

Zergatik?

Kazetaria naizenez, ez nuen eskubiderik gauza faltsu bakar bat ere idazteko. Idatzi izan banu haurrek sardexken ordez koilarak zituztela, eleberri guzia hondoratuko zatekeen, historialari bat hasiko baitzen erraten hori gezurra zela.

Eta nola sartu duzu gero fikzioa?

Prentsan bilatu, eta 1934ko ihesaldiarena atzeman nuen azkenean. Istorio bat eman zezakeen zerbait banuen. Baina kazetaria naiz, eta horri buruz ere zehatz aritu nahi nuen. Gero, ohartu nintzen ihesaldiari buruzko albisteetan sekula atzeman ez duten haur bat bazela, 56. a; eta hori egia da, prentsak baieztatzen du. Haur horren istorioa asmatu dut. Molde bat zen ene aitari errateko: «Begira, haurren espetxera igorri nahi ninduzun? Ba, han naiz».

Hortaz, haiekin batera ihes egin dut, eta aitari erran diot: hoa kaka egitera, ez nauk sekula atzemanen. Espero dut izan nintzen haur zanpatu haren azken mendekua izatea.

Euskal Herria aipatzen duzu eleberrian. Zer harreman duzu Euskal Herriarekin?

GALeko urde zikinek atentatuak egin zituztenean ezagutu nuen Euskal Herria. Harreman berezia dut abertzale sozialistekin, Irlandakoekin, Euskal Herrikoekin... Pertsonaia nagusiari nik konfiantzazkoak ditudan jendeak eskaini nahi nizkion, besteak beste Euskal Herriko lagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.