Artur Mas Kataluniako presidenteak azaroaren 25era aurreratu ditu hauteskundeak. Politika orokorraz Kataluniako Parlamentuan eginiko eztabaidan eman du Masek bere erabakiaren berri. Esan du bere konpromisoekin "koherentea" izatera behartuta dagoela, itun fiskala baztertu eta irailaren 11ko manifestazio erraldoiaren ondoren. Azaldu du 2010eko bozetara itun fiskalaren proposamenarekin aurkeztu zela, baina, hori baztertuta, "legitimitate berri bat" lortu behar dela.
Masek gobernu kontseiluan jakinarazi du hauteskundeak aurreratzeko asmoa. "Nurriak hartzeko momentua da; erabakitzeko momentua da", adierazi du. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin iragan astean egin zuen bilera eta gero, Masek ez zuen argitu bozak aurreratzeko asmorik ote zuen, eta esan zuen gaur arratsean hasi eta ostegunera arte egingo duten politika orokorreko eztabaidan gogoeta egin behar zutela, Espainiako Gobernuak itun fiskalari emandako ezezkoari nola erantzun erabakitzeko. Eztabaidan, Masek ziurtatu du ez dela "erosotasun instituzionalerako garaia, apustuak egitekoa baizik". Gainera, beste iragarpen bat egin du: "Kataluniak bere helburu nazionalak lortzen dituenean, ez naiz hauteskundeetara aurkeztuko".
Ekonomiaz mintzatu da Mas. Azaldu duenez, 2011n Kataluniako esportazioen %47 izan ziren Espainiara, eta %53, nazioartera. Gainera, Europako Batasunean egoteak dakartzan betebeharrak betetzeko prest ote dauden galdetu du Masek Kataluniako Parlamentuan: "Ezin gara gelditu soilik Europako Batasunean egotearen gauza onekin". Gainera, Espainiak Europako Batasunean jasotzen duen tratua Madrilek erkidegoei ez ematea leporatu dio Masek Raxoiri: "Defizita betetzeko epea atzeratu dio Europak Espainiari, eta ados gaude. Baina, hori egin al du Espainiak erkidegoekin? Ez".
Ildo horretan jorratu du CiUk gaur parlamentura eramango duen zirriborroa. Herri galdeketa egitea proposatzen du. Erabakitzeko eskubidean oinarritutako "trantsizio nazionala hasteko" eskatzen du, Katalunia Espainiako Estatuan egokitzeko ahalegin guztiak eginda daudela iritzita. El País egunkarira filtratutako zirriborroan estatu hitza ez da aipatzen, ez eta galdeketari buruzko eperik zehazten ere. Bost puntu ditu zirriborroak, eta estatu eskaerari egiten zaion aipamen bakarra lehenengo puntuan dago, irailaren 11n Bartzelonan egin zen manifestazioaren harira, ekitaldi hura txalotzeko.
Bigarren puntuan, "trantsizio nazionala" hasi behar dela aipatzen du, erabakitzeko eskubidea oinarri izango duena, ez delako biderik aurkitu Katalunia Espainiako Estatuan egokitzeko. Kataluniak bere bidea egiteko beharra duela uste du, eta hori ahalbidetzeko eskatzen dio parlamentuari, etorkizun kolektiboa libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea izan dezan. "Hori da bide bakarra garapen sozialerako, ekonomikorako, demokrazia indartzeko eta kultura eta hizkuntza propioa indartzeko".
CiUk proposatzen du parlamentuak eska diezaiola gobernuari, indar politikoei, gizarte eragileei eta eragile ekonomikoei ahalik eta adostasun handiena lortzeko "prozesu demokratikoan". Eta nazioartearekin, Europako erakundeekin eta Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa hasteko deia egiten du, "askatasun osoz Kataluniako herritarrek erabaki ahal izan dezaten, inolako hertsatzerik gabe".
Azkeneko puntuan, etorkizun kolektiboa libre eta demokratikoki erabakitzeko beharra azpimarratzen du, eta gobernuari horri buruz galdetzeko eskatzen dio. Zirriborro hori gaur eramango dute parlamentura, eta alderdiekin adosten ahaleginduko dira. Subiranotasunaren aldeko indarrak ados jarri dira eztabaidarako txosteneko gai nagusietan. "Erabaki garrantzitsuak" hartuko dituzte etzi, Oriol Pujol CiUren idazkari nagusiak iragarri duenez.
Alderdien artean, PPCren jarrera da argiena: Kataluniatik bideratu nahi den guztietan kontra dago. Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak, berriz, esan du subiranotasunaren aldeko kontsulta bat ez litzaiokeela gaizki irudituko, baina ez orain, baldintza batzuk betez gero baizik. Haren ustez, federalismoa defendatu edo independentismoa, guztientzat balioko lukeen formula bat bilatu behar da.
Hauteskundeak aurreratu
Ostegunean hartuko duten erabakia subiranotasunaren aldekoa izango da, baina horrek, etorkizunerako izango duen garrantziaz gain, esan nahi du CiU PPCren babesik gabe geratuko dela datorren urteko aurrekontuak onartzeko. ERCk, berriz, ez luke CiUren alde egingo aurrekontuetan, ez duelako bat egiten hark orain arte egindako murrizketekin. Governek aurrekontuak luzatu edota hauteskundeetara deitzea proposatu beharko du, eta bozak aurreratuko dituela inor gutxik jartzen du zalantzan, batez ere kontuan hartuta legealdi honetan Masen apusturik handiena itun fiskala izan dela, eta bere bidea amaitutzat jo zuela joan den astean, Raxoik esan zionean ez zegoela prest ezer negoziatzeko.
CiUk Bartzelonako Sant Jordi jauregia erreserbatu du azaroaren 23rako —Kataluniako hauteskundeetako agertoki handia—.