Hauteskundeen hamasei giltzarriak

AEBetako presidentetzarako bozetan, tradizioz, alkandora alderdikoirik gabeko estatuek izan ohi dute azken hitza. Aurten ordezkari gutxien dutenak izan litezke erabakigarrienak

2008ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bozetara begira, AEB Ameriketako Estatu Batuetan estatu guztiak ez dira berdinak. Batzuek besteek baino gehiago balio dute. Batzuetan erabakitzen da hurrengo presidentea nor izango den. Besteetan, ez.

Ez dira berdinak, logikoki, biztanle kopuruaren araberako ordezkarietan oinarritzen den hauteskunde sisteman. Izan ere, estatubatuarrek ez dute zuzenean aukeratzen datozen lau urteetan beren buruzagia izango dena. Hauteskunde Batzordearen ardura da hori; 538 lagunez osaturiko organoarena. Estatu bakoitzari biztanleen araberako ordezkari kopurua dagokio erakunde horretan. Delegatu horiek ordezkatzen duten estatuan irabazle atera den hautagaiaren alde boza ematea beste lanik ez dute. Tramite hutsa. Presidente izango denak 538 delegatuen artean 270 aldeko boto eskuratu behar ditu. Estatuetan erabakitzen dira AEBetako presidentziarako bozak, beraz. Eta aipatu sistemaren arabera, jendetsuenak izan beharko lukete desiratuenak.

Logika horretan oinarrituta, Kalifornia, Texas eta New York lirateke harribitxiak: 55, 34 eta 31 ordezkariko ekarpena egiten diete, hurrenez hurren, organoari. Hiru horiek New Hampshirek baino gehiago balioko lukete, esaterako. Izan ere, ipar-ekialdeko estatu ñimiñoak hiru baino ez ditu Hauteskunde Batzordean. Baina azaroaren lauko bozen balantzan astunagoa da New Hampshire, azken inkestek bi presidentegaien arteko aldea minimizatu egiten dutelako, batez ere.

Azken inkestak, The Washington Post egunkariak asteazkenean argitaratu zuenak-ABC telebista katearekin batera egina-, Barack Obamari ematen dio garaipena. Galdetutako 780 hautesleetatik %52k hautagai demokrataren alde egingo lukete, eta %43k, berriz, John McCain hautagai errepublikanori emango liokete botoa. Inkesta horren aurretik egindakoak -hamabost egun lehenago argitaratua- eta beste zenbait inkestek, berriz, emaitza bera ematen dute, baina bi puntuko aldearekin. Hori hala, ordezkari gutxi batzuk nahikoa lirateke bati edo besteari garaipena emateko. New Hampshireko botoak erabakigarriak izan litezke, beraz. Eta baita errepublikano edo demokrata konbentzituak ez diren beste edozein estaturenak ere. Horiek dira, finean, giltzarriak. Eta horrexegatik balio dute gehiago.

Kaliforniak du ordezkari gehien Hauteskunde Batzordean. Baina Kalifornia ez da erabakigarria. Kalifornia demokrata da, 1992tik behinik behin. Urte hartan Bill Clintoni eman zion garaipena, eta alderdi beraren alde egin dute ordutik hautesleek. Obamak, beraz, ziurtzat ditu hego-mendebaldeko estatu horretako 55 ordezkarien botoak. Eta baita New Yorkeko 31 ere. Bill Clintonen garaitik demokrata baita estatu hori, eta inkestek ez dute joera aldatuko denik espero. Era berean, Illinois, Obamaren jaiotze lekua, demokraten bastioia da. Eta baita Vermont eta Washington DC ere. Modu horretan, irabazteko beharko lituzkeen 270 botoetatik 164 ziurtatuak ditu Obamak.

McCainek ere, aurreikuspen guztien arabera, aldeko 163 boto ziur izango lituzke. Texasko 34ak, dudarik gabe. Bushen jaiotze leku den estatuan errepublikanoak izan dira garaile James Carter ondotik (1976). Amerika sakona-erdialdeko estatuak- ere errepublikanoa da. Hego Dakotan, esaterako, azken 70 urteetan Lyndon Johnson izan da nagusitu den hautagai demokrata bakarra.

Horietan ez, ordea; hauteskundeen emaitzak alkandora alderdikoi garbirik ez duten estatuetan erabaki dira urtez urte. Ohiok izan zuen, esaterako, 2004ko bozetan azken hitza. Estatu hori da, historikoki, giltzarrietako bat. Eta horrekin batera, Florida eta Pennsylvannia. Adituen arabera,Etxe Zurira iristeko Obamak nahikoa izango luke hiruretako bat eskuratzea, John Kerryk 2004ko hauteskundeetan galdu zituen estatu «demokratak» berreskuratuko balitu. McCainek, berriz, presidente izango bada, hiruretako bietan bere alde egitea lortu beharko du.

Hiru historikoez gain, aurten beste hamahiru estatuk osatzen dute giltzarrien zerrenda: Washington, Oregon, Indiana, Ipar Carolina, New Jersey, Nevada, Mexiko Berria, New Hampshire, Virginia, Missouri, Minnesota, Michigan eta Colorado. Adituek aurreko hauteskundeetan gertatutakoa errepikatuko dela aurreratu badute ere, ez dakite zortzi estatu horietan balantza demokraten aldera edo errepublikanoenera okertuko den. Mexiko Berrian, esaterako, Al Gore demokrataren alde egin zuten hautesleek 2000. urtean, etaGeorge Bush errepublikanoaren alde 2004an. Alderantzizkoemaitzak izan ziren New Hampshiren. Bushek Gorei irabazi zion 2000. urtean eta Kerryren kontra galdu zuen 2004an . Eta bietan oso boto gutxigatik. Ordezkari gutxien duten estatuek erabakiko lituzkete, beraz, azaroaren 4ko bozak.



9

Obamaren abantaila. Ongi baino hobeto etorri zaio AEBek bizi duten finantza krisia Barack Obamari. Horri esker, John McCainek baino bederatzi puntu gehiago eskuratu dituThe Washington Post-ek egin berri duen inkestan. Krisiari aurre egiteko prestatuago ikusten dute.





McCain krisiarekin nahasita

John McCainen kanpaina finantza krisia eragin duen hipoteka etxeetako batekin lotu du The New York Times-ek. Egunkariaren arabera, Freddi Mac enpresak hilean 10.200 euro inguru ematen zizkion McCainen kanpainako buru Rick Davisi. Eskandalu bilakatu da kontua, krisiarekin hain sentikor diren hautesleen begietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.