Ezusteko handia eman zuen Generalitateak ostiralean gaurko erreferendumean erabili diren hautetsontzi eredua aurkeztu zuenean. "Non daude hautetsontziak?", izan da azken hilabeteotan gehien entzun dugun galdera. Puigdemontek ez zuen argitu non zeuden, baina oso egun gutxi zeramaten ontzi horiek Katalunian. Astebete eskas, ez gehiago, eta batzuk kontsuletxeetan egon dira.
Ibilbide luzea eta ezkutukoa egin dute gaur Kataluniako erreferendumean erabili diren hautetsontziek. Txinan egindakoak dira, eta Txinako lantegi batean Frantziatik jaso zuten milaka hautetsontzi egiteko enkargua, Frantzian erabiltzeko ziren itxura eginez.
Kataluniako harri azpi guztietan miratzen ibili dira Espainiako poliziak ontziak aurkitu eta erreferenduma eragozteko asmoarekin. Ez alferrik. Betiko hautetsontzi estandarrak egiten dituzten enpresei beldurra sartuta, uste zuten independentziazaleak neutralizatu egingo zituztela. Berriak eskuratzen utzi ez, eta aurreko hauteskundeetan erabili dituztenak zaintzapean edukitzea izan da Espainiako inteligentziaren estrategia.
Urruti dago Kamerun, eta urrutiago Txina. Duela astebete iritsi ziren hautetsontziak Kataluniara, Frantziatik barrena nonbait; iritsi eta berehala banatu zituzten hiru egunez, aste honetako lehen hiru egunetan, tokian tokiko biltegietara. Bartzelonakoak bi biltegi pribatutan egon dira gordeta, astebetez. Ostegunean eta ostiralean hiruna hautetsontziko paketeak osatu zituzten, eta eskoletara eramango zituzten aktibistei eman zizkieten. Pakete horietan botopaperak eta mahai bakoitzari zegokion informazioa ere sartu zuten antolatzaileek. Gaur goizean eraman dituzte eskola gehienetara.
Hainbat kontsuletxetan ere izan dira
Bartzelonan hautetsontzietako batzuk dozena erdi kontsuletxetan egon dira, gehienak Hego Amerikako estatuetakoak, eta bat Europako herri garrantzitsu baten kontsuletxean. Egoitza diplomatikoen 300na ontzi eduki dituzte gordeak.
“Ez diot esango Junqueras jaunari nola aurkituko ditugun hautesontziak, baina aurkituko ditugu”, esan zuen duela aste batzuk Espainiako presidenteorde Saenz de Santamariak, hautetsontziak non zeuden bazekien itxura eginez.
Askotan esan du Saenz de Santamariak Katalunia ez dela sekula independentea izango. Finago ibiliko ahal da bigarren aurrikuspen horrekin hautetsontzienarekin baino.