MS804 hegaldiaren aztarna ostegun goizaldean desagertu zen radarretatik. Paristik Kairora bidean zihoan EgyptAir konpainiako hegazkina, Mediterraneo itsasora erori, eta desagertu egin zen, barruan zeuden 66 lagunekin batera. Gehienak frantziarrak (30) eta egiptoarrak (15) dira. Greziako Karpathos uhartetik gertu aurkitu zituzten atzo arratsaldean ustez hegazkinarenak ziren plastiko zatiak, laranja kolorekoak, baina Greziako agintariek ez zuten baieztatu MS804 hegaldia egiten ari zen hegazkinarenak ote diren. Orain arteko ikerketek eta bilaketek ez dute argitu ezbeharraren arrazoia, eta galdera nagusiek ez dute erantzunik oraindik. Halere, Errusiako eta Egiptoko agintariek uste dute eraso bat izan litekeela.
Egyptair konpainiako Airbus A320 ontzia asteazken gauean atera zen Paristik, 23:09an, eta Egiptoko aire eremuan sartu eta gutxira galdu zuten haren aztarna, 02:45ean. «Hegazkinak 90 graduko bira egin zuen ezkerrerantz, eta, ondoren, 360 gradukoa eskuinerantz. 6.700 metro jaitsi zen radarretik desagertu aurretik», azaldu zuen Panos Kammenos Greziako Defentsa ministroak. Pilotuarekin harremanetan jartzen saiatu arren, ez zuten erantzunik jaso. Atzo gauean desagertuta jarraitzen zuten hegazkin barruan zihoazen 66 pertsonak. 56 bidaiariak, eskifaiako zazpi kideak eta segurtasuneko beste hiru lagunak.
Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak argi du bere hipotesia: «Itxura guztien arabera, atentatu terrorista izan da», zioen FSBko buru Alexandr Bortnikovek, eta dei egin zien Europako kideei neurriak hartzera, «atentatu terroristan parte hartu dutenak aurkitzeko». Inork ez du, ordea, balizko erasoa bere gain hartu. John Kerry AEBetako Estatu idazkariak, aldiz, espekulazio oro saihesteko eskatu zuen. «Nik ez daukat informaziorik. Adituek ere ez dutelakoan nago», esan zuen arratsaldean.
Xarif Fathi Egiptoko Abiazio ministroa ere zuhur mintzatu zen, nahiz eta Moskuren hipotesia hauspotu: «Ez dut nahi inolako aierurik esan, baina, egoera egoki aztertuz gero, aukera gehiago daude ekintza terrorista bat izateko, oker mekaniko bat baino». Kairoko gobernua beldur da herrialdearen irudiari zenbateraino eragin diezaiokeen balizko eraso batek. Sei hilabete pasatu dira beste Airbus 320 batek Egiptoko Sinai penintsulan lurra jo zuela. EI Estatu Islamikoak bere gain hartutako erasoaren ondorioz, barruan zihoazen 224 pertsonak hil ziren. Muturreko talde jihadistak propagandarako erabiltzen duen Dabiq aldizkarian ustez hegazkinean sartutako lehergailuaren irudia argitaratu zuen, garagardo lata batean sartua.
Ordu hartako erasoa kolpe handia izan zen Egiptoko ekonomiarentzat, turismoa motor handienetako bat baitu. Kairoko gobernuak luzaroan ukatu zuen EIk inolako zerikusirik izatea: «Hegazkinak Estatu Islamikoaren erruz jo zuela lurra esatea propaganda hutsa da. Egiptoren segurtasunari eta egonkortasunari min egiteko bide bat da», esan zuen Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak, iazko erasoa gertatu eta lau egunera.
Segurtasuna, auzitan
Egiptoko aireportuetako segurtasun neurriek zalantzak sortu dituzte. Martxoan Alexandriako aireportutik aireratutako EgyptAir konpainiako hegazkin bat bahitu zuen gizon batek. Gerrikoari lehergailu faltsuak lotuta, Zipren lurreratzera behartu zuen hegazkina. Gizonak, ordea, bere burua Zipreko Poliziari entregatu zion, eta ukatu egin zuen bere nahia ekintza «terrorista» bat egitea zela.
2014a urte beltza izan zen aireko trafikoarentzat. Martxoaren 8an Malaysia Airlines konpainiako hegazkin bat desagertu zen Vietnamgo aire espazioan. Uztailean, berriz, konpainia bereko beste hegazkin bat bota zuten Ukraina hegoaldean, eta bertan zihoazen 239 bidaiariak hil ziren. Donetsken borrokan ari ziren miliziek eta Ukrainako armadak elkarri egotzi zioten erantzukizuna.
Hegazkin bat Egiptora bidean erori, eta 66 lagun desagertu dira itsasoan
Kairok sinesgarritasun handiagoa ematen dio «eraso terrorista» bati, oker mekaniko bati baino. Hegazkinaren ustezko zatiak aurkitu dituzte Greziako Karpathos uhartetik gertu, Mediterraneoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu