Departamendu eta eskualde bozak. Korsika

Hegemonia bat jokoan

Gilles Simeonik Korsikako nazionalismoa gainditu nahi du bere kabuz gehiengo osoa biltzeko, uhartean gaur egitekoak dituzten bozen bigarren itzulian

Giles Simeoni Korsikako buruzagi autonomista, artxiboko irudi batean. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gilles Simeoni autonomistak argi utzi du nazionalismoa gainditu nahi duela, mugimendutik haratago daudenak konbentzitzeko, herritarrei eskaintzen dien proiektua ahalik eta gehienei helarazteko; beste hitz batzuekin esanda: Korsikako bozen bigarren itzulian bozen %40ra iritsi eta bere kabuz aulkien gehiengo osoa biltzeko. Jean-Christophe Angelini autonomistak, berriz, helburu bakarra du, «demokraziarentzat arriskutsuak» diren gehiengoak eragoztea; hau da, aliatu ohiaren hegemonia oztopatzea. Paul-Felix Benedetti independentistak, aldiz, ez dio mugarik jarri bere buruari, lehen itzulian lorturiko babesak eta outsider estatusak ematen dizkion aukerez baliatuta; eta, nazionalistez haratago, Laurent Marcangeli eskuindarrak bere burua «alternatiba» gisara aurkezten jarraitu du, uhartearen independentziaren mamua astintzen aritu den bitartean.

Ezinbestean, Korsikan gaur egitekoak dituzten hauteskundeen bigarren itzulirako kanpainak agerian utzi du datorren legealdikoa erabat zatituriko Asanblea izango dela; harrigarria iduri lezake, lau zerrendetatik hiru mugimendu nazionalistakoak direlako, eta, berez, Marcangelirenak behar zuelako oposizio bakarra. Asteon zerrendaburuek uharteko hedabideetan izan dituzten eztabaidek, ordea, Simeoniren eta Angeliniren arteko talka eta desadostasun gogorrak utzi dituzte, agian bideraezinak, agian konponezinak, eta argi utzi dutenak iragan agintaldian Korsikako presidente izan zenak etxean eta kanpoan izango lituzkeela kontrakoak, karguan jarraitzen badu.

Hortaz, zalantzarik ez da gehiengo osoa izatea komeni zaiola, eta horretaz jakitun damugimendu nazionalistaren aurpegirik ezagunena bilakatu dena, boto gehien biltzen dituen zerrendak 11 eserleku gehigarri jasoko baititu.

Iragan igandean egindako lehen itzulian Simeonik bildu zuen babesik handiena (botoen %29,19), eta haren atzetik sailkatu ziren Marcangeli (%24,86), Angelini (%13,22) eta Benedetti (%8,39). Asko izan dira bigarren itzulira pasatu ez zirenak, eta ezustekoak denetarikoak izan dira, baina handiena Jean-Guy Talamoni iragan agintaldian Asanbleako presidente izandakoa buru zuen Corsica Liberarena izan zen (%6,9), boto gutxirengatik ez baitzuen lortu bigarren itzulian egotea.

Lau zerrenda nazionalistetatik hiru sailkatuta, galdera bakarra zegoen mahai gainean: mugimendua berriz elkartuko al zen bigarren itzulirako? Erantzuna ezezkoa izan da, salbuespen batekin, Talamoniren zerrendak Angelinirekin bat egitea erabaki baitzuen, baina Asanbleako presidente izandakoaren parte hartzerik gabe.

Inork ez du erabat argitu hori izan al den independentistekin bigarren itzulian elkartzeko baldintza, baina, erantzunak erantzun, Simeonik —eta Angelinik— agintari bat kendu du gainetik hegemonia lortze aldera, eta ez edonolakoa, 2015etik hona haren alboan izan baita Frantziako Gobernuarekin negoziatu duten aldiro; eta 1992tik izan delako uharteko parlamentuan.

Testuinguru horretan, iragan agintaldian Korsikako presidente izandakoak jakinarazi du bozen ostean «gehiengo nazionalista batean egoteko bokazioa duten indarrei legealdirako kontratu bat» proposatuko diela; printzipioz, hirugarren itzulia delakoaren aurretik, Asanblean uharteko gobernuburua aukeratzeko egingo duten saioaren aurretik.

Simeonik gehiengo osorik lortzen ez badu, Benedettik ez du argitu baiezkorik emango dion proposamen horri, baina kanpainan atea ireki dio inbestiduran haren alde bozkatzeari, edo gutxienez inbestidura errazteari; Angeliniren partetik ez dago ziurtasunik, bi agintarien arteko ia erabateko ezinikusiagatik, baina, gaur-gaurkoz, pentsaezina dirudi haren aliatu ohiak Korsikako presidente karguan ez jarraitzea. Hortaz, modu batera edo bestera, ados jarri beharko dira aldi horretarako.

Zatituta ere, gora

Orain arte, mugimendu nazionalistak soilik batasunaren bidez lortu zuen agintera iristea, baina aurtengoa mugarri bilaka daiteke, zatituta ere hori lortzekotan baitira. Berritasun horren atzean lehen itzuli arrakastatsua dago, banatuta aurkeztuta ere, babesa handitzea lortu baitute; zehazki, 2017ko lehen itzulian baino 5,65 puntu gehiago, denera botoen %57,7 bildu baitituzte.

Marcangeliri, printzipioz, ez zaio ongi atera eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa zerrenda berean elkartzeko estrategia, banatuta aurkeztuta %27,74ra iritsi baitziren duela hiru urte eta erdi, eta Ajaccioko auzapezak babesen %24,86 jaso baititu aurten.

Hortaz, asteon batez ere Simeoni eta Marcangeli aritu dira gaurko egunari begirako babes gehigarri bila bigarren itzulitik kanpo geratu diren zerrenden oinarri elektoraletan. Lehenak Bonifacioko auzapez Jean-Charles Orsuccirenetik eta ekologistenetik jaso ditzake boto batzuk —ez dute boto kontsignarik eman—, baita Corsica Liberarenetik ere; bigarrenaren kasuan, bi zerrenda ultraeskuindarrenetatik eta Orsuccirenetik ere bai.

Angeliniren kasuan, independentistekin egindako aliantzak babesa handitzeko balio beharko lioke, kontuan harturik iragan urteko herriko bozetan ere elkarrekin aurkeztu zirela; Bonifacioko auzapezaren alde egin zuten batzuek ere harengana jo lezakete, baina, aldi berean, ikusteko dago lehen itzuliko boto batzuk ez ote diren Simeonirengana joango, Marcangeliren kontrako jarrera islatzeko. Benedettik, aldiz, Corsica Liberako batzuez gain, komunisten oinarri elektoraletik eta ekologistenetik ere lor ditzake boto gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.