Iragan azaroan Piongiangek Hego Koreako Yeonpyeong uharteari eraso egin zionetik lehenbiziko aldiz, bi Koreetako gobernuek elkarrizketa ofizialak egin dituzte azken bi egunotan. Mugako Panmunjom hirian (Hego Korea) bi armadetako buruzagiak elkartu dira, etorkizunean goi bilera militar bat antolatzeko helburuarekin. Balizko goi bilera horren xedea litzateke bi gobernuen arteko tentsioa baretu eta elkarren jarrerak hurbiltzea. Armadetako negoziatzaileek, ordea, ez dute inolako akordiorik lortu, eta bertze bilerarik eginen duten zehaztu gabe bukatu dituzte harremanak.
Hego Koreako Defentsa Ministerioko bozeramaile Kim Min-seokek jakinarazi du elkarrizketekin ez dutela lortu «goi mailako bilera bat sortzeko agendaren inguruko desadostasunak murriztea». Kimen arabera, Piongiangeko ordezkariek negoziazio gelatik «alde egitea» erabaki dute. Izan ere, goi bilera antolatzeko bi baldintza paratu dizkio Seulek Piongiangi, baina Ipar Koreako ordezkariek ez dituzte onartu.
Alde batetik, Cheonan gerraontzia hondoratzearen erantzule dela onartzeko eskatu dio. Ontzi hori iazko martxoaren 26an hondoratu zen Itsaso Horian, eta 46 marinel hil ziren. Hego Korearen arabera, Ipar Koreak torpedo bat jaurti zuen ontziaren aurka. Gertaera ikertzeko nazioarteko talde bat osatu zen, eta Ipar Koreari leporatu zion hondoratzearen errua. Piongiangek, ordea, hasieratik ukatu zuen Cheonan-i eraso egin ziola. Hain zuzen ere, orain arteko azken elkarrizketa militarra auzi horren ondorioz egin zuten bi gobernuek, iazko irailean.
Yeonpyeong uharteari egindako erasoagatik barkamena eskatzeko exijitu dio Seulek Piongiangi. Iazko azaroaren 23an Ipar Koreak artilleriarekin eraso egin zion irlari, eta lau lagun hil zituen —bi zibil eta bi militar—. Kalte materialak, berriz, handiak izan ziren. Koreako Gerraz geroztik (1950-1953) zibilak bizi diren toki baten aurka egindako lehen erasoa izan zen. Piongiangek dio Seulek aurrez mugaren bertze aldera egindako tiroei erantzuteko egin zuela erasoa.
Gurutze Gorrien akordiorik ez
Ipar Koreak urte honen hasieran proposatu zion Hego Koreari elkarrizketa militarrekin hastea. Seulen ustez, Piongiangek lehenbailehen abiarazi nahi ditu goi mailako elkarrizketak, bere «erantzukizunak» onartu gabe. Hori dela eta, Seulek uko egin dio bi aldeetako Gurutze Gorrien arteko elkarlana berriz hasteari.
Atzoko bilera bukatu baino lehen, «printzipioz» harremanei ekiteko prest zeudela adierazi zuten Hego Koreako iturriek, baina bilera bukatu ondoren, Batasun Ministerioko bozeramaile Lee Jong-jook adierazi zuen ez dutela harremanei berrekiteko asmorik. Gurutze Gorriak berriz elkarlanean hasteko, goi bilera egiteko akordioa lortzea ezinbertzeko baldintza dela jakinarazi du Leek.
Yeonpyeongeko erasoaren ondoren, Gurutze Gorrien arteko harremanak bertan behera uztea erabaki zuen Hego Koreak. Ipar Koreak janaria eta bertzelako giza laguntza jasotzen zuen horren bidez, eta, horiek eteteaz gain, sendiak elkartzeko programa ere bertan behera gelditu zen. Gerraren eraginez, milaka familia mugaren bi aldeetan banatuta gelditu ziren. Duela hamar urte ekin zioten sendiak elkartzeko programari.
Hego eta Ipar Korea ez dira ados jarri goi bilera militarra antolatzeko
Piongiangek azaroan Hego Koreako irla bati eraso egin zionetik, lehen harreman ofiziala izan dute bi gobernuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu