Hego Korea

Hego Koreako Konstituzionalak sexu bereko militarren arteko erlazioen debekua berretsi du

Ekintzaileek adierazi dute erabakiak LGTBI kolektiboko militarren aurkako biolentzia «bultzatu» dezakeela edo haienganako erasoak «justifikatu».

Hego Koreako militar bat agurra egiten. JEON HEON-KYUN/POOL / EFE
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko urriaren 27a
16:46
Entzun

Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak laugarrenez berretsi du sexu bereko militarrek ezin dutela erlaziorik eduki armadan. Auzitegiaren ustez, harreman horiek borrokarako gaitasunean eta diziplinan «eragina» izan dezake. Sexu bereko pertsonek bi urteko kartzela zigorra jaso dezakete erlazioak izateagatik.

Auzitegiak Zigor Lege Militarraren 92-6. artikulua konstituzionala zela esan zuen atzo, aldeko bost botorekin eta kontrako laurekin. Artikuluak, zehazki, ez du ezer aipatzen sexu bereko pertsonen arteko erlazioen inguruan, baina «erlazio analak» eta «beste edozein ekintza lotsagarri» debekatzen ditu zerbitzuan dauden bitartean. Hemezortzi eta hogeita bat hilabeteko derrigorrezko zerbitzu militarra dute Hego Korean, eta munduko armadarik handienetarikoa du —70.000 soldadu—.

Koreako Militarren Giza Eskubideen zentroko buru Lim Tae-hoonek esan du erabakia «zentzugabea, ilogikoa, erregresiboa eta aurreiritziek bultzatutakoa» izan dela. Mundua azken hogei urteetan gutxiengoen aurkako diskriminazioa abolitzen aritu dela azaldu du Limek, baina Hego Koreako epaileen iritzia ez dela aldatu salatu du.

AI Amnesty Internationaleko Asia Ekialdeko ikertzaile Boram Jangek epaiaren inguruko idatzi bat argitaratu zuen. Bertan, LGTBI kolektiboaren eskubideen berdintasunaren borrokan «atzerapauso bat» dela adierazi zuen. Erabakiak Hego Korean LGTBI kolektiboaren inguruan dauden aurreiritziak azaleratu dituela gehitu du Jangek, eta «erasoak ekiditeko eta berdintasuna ziurtatzeko» gobernuaren «ekintzarik eza» salatu du.

92-6. artikuluak «diskriminazioa instituzionalizatu» duela gehitu du, eta LGTBI kolektiboko jendearen aurkako biolentzia «bultzatu» edo haienganako erasoak «justifikatu» ditzakeela esan du Jangek. Artikuluak Hego Koreako gizartean lekurik ez duela eta “berehala” kendu behar dela aldarrikatu du. Hego Koreako parlamentario dei egiten die 92-6 artikulua baliogabetzeko.

2003an homosexualitateak «kaltegarri eta lizuna» izateari utzi zion herrialdean, nahiz eta gaur egun diskriminazioa jasaten duten oraindik ere. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak ez dira legezkoak Hego Korean.

1962tik indarrean

Sexu bereko militarren arteko harreman sexualak 1962. urtetik debekatuta daude, legea indarrean jarri zenetik. Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak 92-6. artikulua konstituzionala dela lau aldiz berretsi du, 2002an, 2011n, 2016an eta aurten, hainbat herrialde eta Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen arloko agentziak aurka agertu ziren arren.

Iaz, harremanak izateagatik auzitegi militar batek kartzela zigorra ezarri zien bi militarri. Militarrek adostutako erlazio sexualak izan zituzten armadaren instalazioetatik kanpo, eta zerbitzuz kanpo zeudenean. Auzitegi Gorenak epaia aztertu zuen, eta epai bertan behera utzi zuen; argudiatu zuen 92-6. artikulua ezin dela aplikatu armadaren instalaziotik kanpo izaten diren sexu harremanetan. Soldaduen eskubideak urratzen zituela gehitu zuen, haien sexu aukeraketa, berdintasun eskubidea eta duintasuna urratzen zituelako.

AIk, 2019an egindako ikerketa batean, Hego Koreako militar homosexualek pairatzen duten «diskriminazioa, larderia, biolentzia eta isolamendua» bildu zuen. Sexu orientazioak eta genero identitateak izan ditzakeen eragina ere aztertu zuen. Gizarteak ezartzen dituen arauetatik kanpo bizi diren pertsonek «aurreiritziak, diskriminazioa eta estigma» jasaten dituztela jasotzen du ikerketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.