Astebete baino ez da geratzen Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko independentziari buruzko erreferendumerako, eta hori atzeratzeko saio guztiak alferrikakoak izan dira orain arte. Ordea, gaur bertan, eta bi parlamentarik ezarritako helegiteari buruzko azken erabakia hartu bitartean, erreferenduma bertan behera uzteko agindu du Irakeko Auzitegi Gorenak. Epaileen erabakia ontzat eman, eta erreferendumak "ondorio arriskutsuak" ekar ditzakeela ohartarazi du Irakeko lehen ministro Haider Al Abadik.
Aurretik, Erreferendumerako Kontseilu Gorenak atzera bota du Nazio Batuen Erakundeak, AEBek eta Erresuma Batuak galdeketa atzeratzeko egin duten eskaera. Kontseilu Gorenak argudiatu du atzeratzeko eskaerak ez dituela betetzen kurduen nahiak. "Erreferendumaren prozesuak jarraitu egingo du, orain arte aurkeztutako proposamenek ez dituztelako gure herria asetzeko eta konbentzitzeko bermeak".
Erreferendumaren Kontseilu Gorenean Masud Barzani Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentea, alderdi kurdu nagusiak, Nechirvan Barzani Kurdistango lehen ministroa eta Nexmedin Karim Kirkukeko gobernadore ohia daude. Bart gauean egin duten bileraren ondorengo agerraldian esan dute erreferendumaren egutegian aldaketarik ez dela egongo, eta nazioarteko erakundeekin harremanetan jarraituko dutela, "arduraz", estatu kurdu bat lortzeko. Ikusteko dago zer jarrera hartzen duten epaitegien aginduaren aurrean.
Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko Parlamentuak ostiralean onartu zuen irailaren 25ean independentziari buruz galdetzea. Parlamentua osatzen duten 111 diputatuetatik 65ek erreferendumaren alde bozkatu zuten. Irakeko Gobernua galdeketaren kontra dago, konstituzioaren aurka eta herrialdearen interesen aurkakoa delakoan, eta Irakeko Parlamentuak irailaren 12an erreferendumaren aurka bozkatu zuen. Gainera, pasa den ostegunean Nexmedin Karim Kirkukeko gobernadorea kargugabetu egin zuen Irakeko Parlamentuak erreferendumaren alde egoteagatik. Kirkuk ez da eskualde autonomoaren parte, baina, Irakeko Konstituzioaren arabera, erreferendum bat egin beharra dago hango biztanleek Irakeko Kurdistanen sartu nahi duten erabakitzeko, horrek estatus berezia baitu.
Nazioartea, nagusiki, kontra
Joan den astean egin zioten Barzaniri erreferenduma atzeratzeko eskaera. AEBetako, Erresuma Batuko eta NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin bildu zen Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentea. Horiek erreferenduma ez gauzatzeko proposamen bat aurkeztu zioten. Presidenteak adierazi zuen eskaintza aztertuko duela, baina bermeak eskatuz Irakeko Kurdistango herriarentzat: "Ez dugu onartuko erreferenduma atzeratzea helburu duen proposamenik, Kurdistan independente bat lortzeko berme ofizialik eskaintzen ez badigute". Barzanik, gainera, azpimarratu zuen haientzat "alternatibarik onena" autodeterminazio eskubidea gauzatzea dela.
Nazioartea, nagusiki, erreferendumaren aurka agertu da. Arabiar Ligako Atzerri ministroek "ilegaltzat" jo dute, eta "Iraken osotasuna" defendatu. Arabiar Ligaren ustez, erreferendumak arriskuan jartzen du Iraken eta inguruko estatuen segurtasuna. Kritika gogorrenak, ordea, Turkiatik iritsi zaizkie. Hango Atzerri Ministerioak adierazi du erreferendumaren ideiarekin jarraituz gero "garesti" ordaindu beharko dutela. Era berean, Irakeko Parlamentuak erreferendumaren aurka hartutako erabakia txalotu du. Irakeko Kurdistanek Turkiaren bidez esportatzen du petrolioaren gehiengoa egun, eta Turkiako enpresen merkatu garrantzitsua da.
Israel da era agerikoenean erreferendumaren alde egin duen estatu bakarra. Hala adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak: "Estatu propio bat lortzeko Kurdistanek duen zilegizko ahalegina babesten dugu".