Nazioarteko komunitatearen begietan, Hego Osetia eta Abkhazia eskualde errebeldeak Georgiako lurraldeak dira izatez, Tbilisiren kontrolpetik at egonagatik. Zenbait herrialdek, ordea, estatu independentetzat dauzkate, hala nola Errusiak eta haren aliatu batzuek —Siriak, Bielorrusiak, Nauruk, Venezuelak eta Nikaraguak, kasurako—. Aitortu gabeko estatuen adibide paradigmatikoak dira gaur egun Hego Osetia eta Abkhazia, eta tentsio politiko handieneko guneak Georgiako Gobernuarentzat.
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik (1991), Georgiak birritan ekin dio gerrari lurralde horiek kontrolatzeko; azkenekoz, 2008an. Gatazkak ez zuen luze iraun, baina haren ondorioak nabariak dira oraindik ere. Moskuk laguntza eman zien Hego Osetiari eta Abkhaziari, bai diplomatikoa —nazio independentetzat aitortu zituen—, bai militarra —Georgiaren aurkako gerra hasi zuen, eta handik astebetera Tbilisi errenditu egin zen—. 2023an berriz aipatu zen Georgiak lurralde horiek indarrez berreskuratzeko ideia: politikari batzuek esan zuten garai aproposa litzatekeela erasoari ekiteko, Mosku Ukrainan borrokan dabilela baliaturik. Dena dela, ideia horrek ez zuen arrakastarik izan Georgiako gobernarien artean.
«Ez dirudi Moskurengana hurbiltzea lagungarria denik Georgiarentzat lurralde horien kontrola berreskuratzeko»
ALEX MELIKIXVILI Arrisku analista
Amets Georgiarra alderdia dago orain gobernuan, eta, Errusiaren alde ari denez, Tbilisik nahiago izan du beste estrategia bat erabili Hego Osetia eta Abkhazia berreskuratzeko: Moskurengana hurbiltzea, hain zuzen ere. Nolanahi ere, Kremlinek ez du batere interesik adierazi Georgiari lurralde horiek berreskuratzen laguntzeko. Hala uste du Alex Melikixvili arrisku analistak. Hego Kaukason eta Asiako erdialdean aditua da, eta, haren aburuz, «ez dirudi Moskurengana gerturatzea lagungarria izango denik [lurralde horien kontrola berreskuratzeko]». Georgiar ugarik lurralde okupatuak direla uste badute ere, Moskuk estatu independentetzat dauzka. Melikixvilik azaldu duenez, «Atzerri ministro Sergei Lavrovek esan zuen Errusia prest zegoela Georgiari laguntzeko Hego Osetia eta Abkhazia eskualde errebeldeekin duen harremana normalizatzen», eta «aldameneko herrialde» esan zien ministroak lurralde horiei.
Konfederazio aukera
Abkhazia eta Hego Osetia kontrolpean edukitzeko asmoa eta zilegitasuna aldarrikatzen ditu Tbilisik, baina Errusiak laguntza emango balio ere kontua ez litzateke hain sinplea. Eskualde horietako herritar askok eta hango elitearen parte handi batek ez daukate inolako interesik Georgiaren parte izateko: batzuek Errusiaren parte izan nahiko lukete —Hego Osetiako agintariek ideia hori aipatzen dute lantzean behin—; beste batzuek, berriz, statu quo-ari eutsi nahi diote —iritzi hori da nagusi Abkhazian—. Alik Puhati Hego Osetian jaiotako aktibista bat da, eta ondo baino hobeto islatzen du nolakoak diren Tbilisiren eta Hego Osetiaren arteko harremanak. Bertatik bertara bizi izan zuen 2008ko gerra, Georgiako tropek etxea bonbardatu eta erre baitzioten. Puhatik dioenez, Hego Osetiako herritar gehienek ez dute inolako interesik Georgiaren parte izateko berriro, ezta nolabaiteko autonomia lortuta edo beste konponbide bat bilatuta ere: «Gerraren ondoren, ezinezkoa iruditzen zait Georgian berriz integratzea. SESB desegin zenean [1991n], bidea ireki zen beste proiektu bati ekiteko. Baina senide asko galdu genituen gerran».
Georgiako lurralde antolaketan ez dago azpisailik Hego Osetiarako; izan ere, ofizialki, Hego Osetiak hiru eskualderen lurraldeak hartzen ditu. Melikixviliren ustez, konfederazio bat sortzea izan daiteke gatazka konpontzeko aukera bat. «Horretarako, ordea, Tbilisik estatu independentetzat aitortu beharko lituzke Abkhazia eta Hego Osetia, eta Georgiaren parekoak direla onartu. Konfederazio bat sortzeak esan nahiko luke kide bakoitza aske izango litzatekeela konfederaziotik ateratzeko hala nahiko balu», azaldu du.
«2008ko gerraren ondoren, ezinezkoa iruditzen zait Georgian berriz integratzea»
ALIK PUHATI Hego Osetiako aktibista
Georgiarekiko harremanari dagokionez, Abkhazia berdintsu dago. Bakan batzuk kenduta, Georgiako biztanleei ez die uzten Abkhaziara sartzen, nahiz eta de facto-ko gobernuak erraztasun handiak ematen dizkien aldi baterako sartu nahi duten atzerritarrei. Arazo horixe du Iraklik: Abkhazian jaio eta hazitako herritar georgiar bat da, eta aspalditik dabil lurraldera itzuli ezinda. «Urte asko dira aitaren hilobira joan ezinik nagoela, han lurperatuta baitago», azaldu du, triste. Abkhaziak ez dauka inolako asmorik Georgiaren parte izateko berriz; hala azaldu du Viatxeslav Txiribkak, aitortu gabeko estatu horretako Atzerri ministro ohiak (2011-2016). Haren arabera, datozen hogei urteetan «independentziari eutsi» nahi diote, eta «herrialde aberats samar bat izan, bertako ekonomiaren martxari esker».
Txiribkak adierazi duenez, hamar bat urteren buruan lortuko dute hori. Optimismoa gorabehera, Abkhaziako ekonomia —baita Hego Osetiakoa ere— Errusiako diruaren mende dago neurri handi batean, eta haren egoera askoz ere zailagoa litzateke diru hori gabe. Hala zehaztu dute Errusiako hedabide batzuek, hala nola Vedomosti-k, Abkhaziako Gobernuko iturri batzuk aipatuz: 2023an, aitortu gabeko estatu horrek merkataritzan fakturatu zuenaren %72 Errusiak ordaindu zuen, eta turismoa da Abkhaziaren diru iturri nagusietako bat —turistak errusiarrak dira batik bat; 1,4 milioi aurreko urtean. Hego Osetia ere Moskuren mende dago hein handi batean: 2021ean, Hego Osetiako aurrekontuaren %83k Errusian izan zuen jatorria.