Suntsidura bai, oso agerikoa da. Georgiarren eskuetan egon ziren herrietan erabatekoa da, inor inoiz itzul ez dadin berariaz banan-banan txikitu eta erre baitzituzten etxeak -barrukoa ondo hustuta, hori bai, irribarretsu esan digute zelan ugaritu diren antena parabolikoak gerra ostean-. Tskhinvali hiriburuan ere gerra zantzuak etengabeak dira, eta konponketa oso motel doa, oinarrizko eraikinen batzuk, teilatuak etxe batzuetan, eta kito.
Txikizioaren eta gerrako traumaren ondoan inor gutxi arduratu da hauteskundeez. Hobe esan, arduratu diren gehienak ez daude hemen. Hego Osetia utzi behar izan dutela salatu dute oposizioko hainbat kidek, Eduard Kokoiti presidentearen mehatxuengatik. Moskun bildu ziren lehengo astean protesta egiteko. Oleg Teziev lehen ministro ohiak estatua eraikitzeko aukera galdu zela esan zuen: «Independentziarekin itxaropen berria geneukan, baina Kokoitik bere boterea handitu eta are jarrera autoritarioagoa hartu du. Orain bertan erreferenduma eginez gero, gehiengo handi batek Errusiarekin bat egitea bozkatuko luke».
Komunistak
Hego Osetian ez dago mitinik, ez eta ia kartelik ere. Alderdi Komunistako itsasgarri galduren bat baino ez. Genadi Ziuganov buruzagi errusiarra ageri da, Stalin ere bai, baina hautagai osetiarrik ez. Hala ere, bozen gainean argitara emandako inkesta bakarrak lehen lekua ematen die komunistei, eta balizko botoen %28. Stanislav Kotxiev idazkari nagusiak hasieratik bereizten du bere burua Moskuko kritikoengandik: «Oposizio mota ugari daude, guk hauteskundeak egin behar direla uste dugu. Oposizio eraikitzailea gara, ez dugu zertan sistematikoki kontra egon. Beste mugimendu hori ez dugu ulertzen, egon zaitezke pertsona baten aurka, baina ez suntsitu errepublika bat».
Presidentearen Batasuna alderdiak (Vladimir Putinen Errusia Batuaren adarra) elkarrizketatuen %17ren babesa zeukan, eta Fidibasta (Aberria) alderdiak %18, Alan Gassiev buruzagiari parte-hartzea debekatu badiote ere. Moskun protesta egin zutenetako bat zen. Anaiak hartu dio lekua, eta bera ere Georgiaren aurka dagoela azpimarratu ostean heldu dio gobernuaren kritikari: «Presidentearen urrats autoritarioak bukatu, boterea mugatu eta parlamentua indartu beharra dago, eta berreraikuntzarako iritsi den diruaren jarraipen zehatza egin behar da».
Gerrako defendatzaileek, hau da, miliziano ohiek sorturiko alderdiak ere pankarta batzuk jarri ditu, baina hori da dena. Batasuna alderdiak bere aldetik, zenbait herritara egin ditu bisitak, baina noski, Eduard Kokoitiren abantaila daukate, goizetik gauera kalean eta telebistan. Ikasturte amaieran eskolaz eskola ibili da, eta gaueko kontzertuan ere agertokira igo da ume batzuen emanaldiaren eta osetiar dantza tradizionalen artean.
Ustelkeria
Nekatuta baina bere buruaz ziur dirudi, Moskutik aspaldion kritika ugari etorri zaion arren. Oposizioa etxean egin behar dela dio, baina Hego Osetian ere begi bistakoa da herritarren nekea. Hemezortzi urte inork onartu gabeko independentzian, Errusiaren babesarekin baina linbo juridikoan, oinarrizko azpiegiturarik ez, gazte gehienak Errusia eta Ipar Osetiara bidean, eta, irabazi arren, bi gerra. «Ondorioak oso traumatikoak izan dira», dio Irina Gagloieva Komunikazio ministroak. Ez ordea, Errusiak berreraikuntzara bideratutako dirua inork ostu duenik: «Azpiegitura asko ari dira eraikitzen, eta gobernu honetatik diruaren oso zati txikia pasatu da, gehiena eraikuntza enpresetara doa zuzenean, ezin gobernuko inork ostu, beraz». Kaleko ustea oso bestelakoa da, horratik.
«Independentziaren osteko aurreneko bozak dira; Europari eta munduari estatu demokratikoa garela erakutsi nahi diogu»
Murat Dzhiojev Hego Osetiako diplomazialari burua
Bi gerra hogei urteko tartean
Georgia eta Hego Osetiaren arteko gatazkak bi gerra eragin ditu hogei urtean. 1989-1991ko aurreneko gerraren ostean, osetiarrek independentzia aldarrikatu zuten. Gerrak 1.800 hildako eta 4.000 desplazatu eragin zituen. Azken gerra iazko abuztuan izan zen; 600 hildako izan ziren, eta 200.000 lagunek egin zuten ihes euren etxeetatik.50.000
Hego Osetiako Parlamentua. Orotara 34 diputatu daude Parlamentuan-ganbera bakarra-. Lau alderdi lehiatzen dira gaurko bozetan, eta orotara 50.000 lagunek izango dute bozkatzeko aukera; Ipar Osetian (Errusiako Federazioa) bizi dira horietako 13.000.Errusiak, Abkhaziak eta Nikaraguak baino ez dute onartu independentzia
Sergei Bagapsh Abkhaziako presidenteak eta Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak iazko irailaren 17an onartu zuten ofizialki Hego Osetiaren independentzia; kooperazio, elkartasun eta babes militarrerako hitzarmena sinatu zuten orduan hiru agintariek. Nikaraguak ondoren aitortu zuen independentzia; eta Venezuela eta Bielorrusia hori egitea aztertzen ari dira. Hego Osetiak bitan aldarrikatu du independentzia; 1992an, Georgiarekiko aurreneko gerraren ostean (1989-1991); eta 2006. urtean. Eduard Kokoitik irabazi zituen hauteskundeekin batera egin zuten erreferenduma: herritarren %99k egin zuten independentziaren alde.Eduard Kokoiti. Hego Osetiako presidentea
Georgiak iazko abuztuan egindako eraso «ankerra» aski ez eta informazio gerra ere jasan behar izan zutela dio Kokoitik; Georgiari armak eman zizkiotenak «genozidioaren» erantzule ere badirela dio.
«Erabateko demokrazia dago Hego Osetian»
U. Urrutikoetxea. TskhinvaliHego Osetiako bozak bitan irabazi ditu Eduard Kokoitik (Tskhinvali, 1964); 2001ean botoen %53 eskuratu zituen, eta bost urte geroago erabateko sostengua jaso zuen borroka libreko txapeldun ohiak: %96. Georgiak gerra kriminaltzat jotzen du. Ekitaldi politiko baten ondoren eman dio elkarrizketa BERRIAri, gaueko hamarretan.
Egunotan zure gobernuaren eta zure aurkako hainbat salaketa izan dira, tartean Moskun. Ba al dago bozak egiteko baldintzarik?
Moskuko protestak ezin dira osetiarren izenean egin; osetiarrek hitz egiteko eskubidea dute, Hego Osetiako Konstituzioa betetzen dugu. Protesta egiten duten horiek ez dira benetako oposizioa, ez dute zereginik hemengo politikan. Ez dira inoiz hemen bizi, ez dute harremanik, eta ez dute berreraikuntza lanetara etorri nahi, dirua eta negozioa egitera baizik. Benetan diot, niri bost axola oposizio horrek. Erabateko demokrazia dago Hego Osetian. Bozei eta etorkizuneko parlamentuari dagokienez, lan eraikitzailea behar dugu, botere handiagoa emango diot parlamentuari. Gizarte zibil normalizatua eraiki behar dugu.
Hego Osetiatik kanpo bizi direnak, ordea, asko dira gerratik. Alde egin zuten georgiarrek ez zutela itzultzerik esan zenuen. Garbiketa etnikoa leporatu zizuten.
Georgiak 117 herri osetiar erre zituela inork ez daki. Georgiarren aurkako garbiketa etnikoa egon dela esateak ez dauka zentzurik. Zelaia Garbitu deitu zion gure aurkako operazioari, izen horrek argi uzten du zer egin nahi zuten. Georgiar herrietako biztanle gehienak abuztuko gertaerak baino astebete lehenago ebakuatu zituzten, eta beraiek erre zituzten beren etxeak, errusiarrak edo osetiarrak haien jabe egin baino lehen. Osetiarren aurkako operazioetan jardun zen jende horrek guk baino baliabide gehiago du informazio gerran ere. Beren buruak biktima gisa agerrarazi nahi dituzte. Gu prest gaude eztabaida eraikitzailea izateko, baita jendea etxera itzularazteko ere. Baina osetiarren aurka armak hartu zituzten georgiar horiei ezin zaie iheslari edo errefuxiatu deitu, beren kabuz utzi zituzten etxeak, ez guk kanporatuta.
Egia da lehen asteetan Georgiaren aurkako eraso gisa aurkeztu izan zela. Baina gerora hainbat erakundek nabarmendu dute Tbilisiren ardura, zibilez betetako hiri honen aurkako bonbardaketan.
Georgiak egindako eraso ankerra aski ez, eta informazio gerra ere jasan behar izan dugu. Kasu honetan, Georgiak Europako Batasunaren babesa izan du. Eta argi esaten dugu:armak eman zizkioten herrialde horiek Georgia bezain errudun dira gure genozidio ahaleginean. Ez zituzten entzun nahi izan bakerako gure deiak, ez ziguten jaramonik egin eta hirugarren genozidio ahalegina jasan genuen, 1918 eta 1992koen ostean.Errusiak baino ez gaitu babestu heriotza zigorretik, garbiketa etnikotik. Hemezortzi urtez gogor borrokatutako independentzia zinez merezi genuen, eta eskuratu dugu.
Errusiak, Abkhaziak eta Nikaraguak onetsi dute independentzia, beste herrialde batzuek ez dute urrats hori eman baina zuen alde lerratu dira, Bielorrusia eta Venezuela, kasu. Espero duzue aitortza berririk?
Guretzat ez da horren garrantzitsua zein edo zenbat herrialdek onesten duten gure independentzia. Europako alderdietako hainbat buruzagirekin ari gara solasean, eta argi ulertzen dute zer jazo zen. Gure artean ezarri nahi zen gortina erori egin da.
Kaukasoko bi herriren gatazkez haratago geopolitika dago jokoan. Xake pieza horretan, Obamak Errusiarekiko hurbilketa lortuta, Moskuk sal zaitzaketen beldurrik baduzu?
1774an Osetiako nazioak, baturik, Errusiarekin bat egin zuen bere borondatez. Gure lagun da, eta inork ez dezala zalantzarik izan lotura hori luzerako dela, betiko. Errusiak babestu gaitu, eta badakigu aurkituko ditugula bestelako harreman bideak ere gainontzeko herriekin.
Beraz, Errusiarekin bat egin nahi duzue ala nahiago duzue estatu independentea izan?
Estatu jaio berria gara, gure errepublika eraikitzen ari gara oraindik, harremanak lantzen beste herri batzuekin. Errusiarekin harreman estuan baina bereizita.