HEGOAFRIKA. ZATIKETA AFRIKAKO KONGRESU NAZIONALEAN. ANC alderdiaren hausturak ekaitza eragin du Hegoafrikan

Mosioua Lekotak alderdi berria aurkeztuko du bihar, ANCk 1994. urtetik izan duen gailentasun monolitikoa hausten saiatzeko

JOAN CANELA BARRULL JOHANNESBURGO
2008ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko ofiziala da. Afrikako Kongresu Nazionala (ANC, ingelesez) bereizi egingo da azkenean, bihar. Gaur eta bihar egingo dute Konbentzio Nazionala, Johannesburgon, Sandtongo Konbentzioen Zentroan: «Nazio arazoak eztabaidatzeko eta demokrazia sendotzeko» asmoz, konbentzioaren bultzatzaile nagusi eta Hegoafrikako Defentsa ministro ohi Mosiuoa Lekotaren arabera.

Itzulinguruak itzulinguru, inork ez du zalantzarik, bihar beste alderdi bat sortuko da azkenean, ANCko disidenteek bultzaturikoa. Gainerako guztia, hala nola alderdiaren izena, ideologia eta hura osatuko duten kideak misterio hutsa dira oraindik ere, eta ez da ordu arte argituko.

Ez dute erronka makala Lekotak eta haren aldekoek. Hegoafrikako beltzik gehienek (biztanleriaren %70) 1994az geroztik ANCri eman izan dioten sostengu ia monolitikoa indargabetzea da, nolabait, haien helburua; babes erabateko horri esker irabazi ahal izan ditu hauteskunde guztiak, botoen bi herenak lortuta, eta hala gobernatu ere ahal izan du -herrialdean ez ezik- ia probintzia guztietan eta hiri nagusietan.

Areagotu egin da tirabira

Orain artean, ANCren aurreko beste inolako zatiketak ez du halako erronkarik gainditu, eta usterik ohikoena da orain ere ez dela halakorik gertatuko. Karisma handiko pertsonaia da Mosiuoa Lekota Terrore: kartzelan egona, apartheid-aren aurkako borroka armatuan parte hartzeagatik; hizlari trebea; eta Thabo Mbeki presidente izandakoaren jarraitzaileen babesa du oinarrian. Horrez gainera, Ben Cashdan politika arloko kazetariaren arabera, ez du botoen ehuneko handirik ere beharko; sostengu nabarmen batekin nahikoa luke herrialdeko erakunde garrantzitsuetan erabakimena izateko eta ANCren egungo gailentasun monolitikoa gainditzeko.

Horixe bera ondorioztatu du ANCren egungo zuzendaritzak, eman berri duen erantzun urduriari erreparatuz gero. Lehenbiziko agerraldi jendaurrekoan, Orange Farm-en -Johannesburgoko beltzen auzo pobre batean- izan baitzen, kontramanifestazio bati aurpegi eman behar izan zion Lekotak, eta irainak eta bultzakadak izan ziren batzuen eta besteen artean.

Jendaurreko omen-kentzeak hain izan dira larriak, Hegoafrikako presidente Kgalema Monthlantek berak lasaitasuna eskatu behar izan baitu jendaurrean. Handik gutxira, ANCko bozeramaile Jessie Duratek militanteei eskatu zien ez zitezela saia «Konbentzioa eragozten». Joan den urriaren 23an, ordea, epaile baten erabakiak are gehiago bizitu du sua, fiskalari baimena eman baitio berriro ireki ahal izateko ANCko presidente eta hurrengo hauteskundeetarako hautagaiaren aurkako ustelkeria kasua.

Alde txikiak

Hala eta guztiz ere, bere burua du arazo nagusi Lekotak. Bere alderdia aurkezteko bi egun falta direlarik, oraindik ez du azaldu zein izango diren ANCrekin izango dituen ideologia aldeak, eta gero eta ahots gehiagok diote prozesu hori guztia azpijoko huts bat dela, haren erresuminak eragindakoa. Horrez gainera, Gobernuan ere parte hartzen duenez gero, nekez aldendu omen daiteke ANC bera higatu duten politiketatik.

Kontua are gehiago katramilatzeko, berriz, asteazkenean Mbekik ageriko egin zuen ANCri dion «leialtasuna», baina hurrengo hauteskundeetan kanpainarik ez duela egingo ere esan zuen. Atzo, kritikoago, bozetarako berarekin ez kontatzeko ohartarazi zion Mbekik ANCri, eta Jacob Zuma buruzagiaren nortasuna gurtzea egotzi zien alderdiko agintariei.

Bestalde, Demokrata Independenteen -ANCtik bereizitako ezkerreko aldearen- buruzagi Patricia de Lille-k BERRIA egunkariari adierazi dionez, nabarmentzekoa da Zumaren eta Lekotaren zuzendaritzen arteko alderik eza: «Zatiketa txiki bat baino ez da, benetan, haien arteko kontuek eragindakoa. Politiketan inolako aldaketarik eragiten badute, orduan gertatuko da ANCren zatiketa benetakoa».

Gertatu, baina, gertatuko al da zatiketa? Galdera horixe egiten dio bere buruari mundu guztiak Hegoafrikan. Askorentzat, zaila da gaur egungo egoera dela-eta aurrerabide handiak egin dituen jendeak gobernaturiko talde batek goitik beherako aldaketa bat izatea; beste inork baino lehen, Duratek berak ere halaxe esan du. Halaber, egia da, ordea, ANCren ezker lerrokoak direla gatazka horretako garaileak; eredu neoliberalaren krisiak, gainera, sendotu egin du haien jarrera. Alde horretatik, Afrikako Alderdi Kristauak prentsa adierazpen baten bidez ohartarazi zuen, nolabait, «aldaketak izango zirela, makroekonomia politikari zegokionez, Alderdi Komunistaren eta sindikatuen eragina handiagoa izan zedin» etorkizuneko gobernuan.

Lekotak sindikalismoan aritutako ANCko bi buruzagiren babesa jaso du azken egunotan: Willie Madishak eta Moses Mayekisok alderdi berria babestuko dute.

Lekotaren deialdiak azken errematea eman dio ANCk 2007ko abenduaz geroztik herrestan dakarren krisi luzeari; orduan, 52. Konferentzia egin zuen, Polokwane hirian, eta bi hautagai aurkeztu ziren alderdiko presidentetzarako eta, ondorioz, errepublikako presidentetzarako, udaberrian egingo baitituzte hurrengo hauteskundeak.

Thabo Mbeki izan zen lehen hautagaia, ordurako herrialdeko presidente zena, eta hirugarrengoz eskuratu nahi zuen agintea. Bigarrena, berriz, Jacob Zuma, haren presidenteorde izandakoa, gaur egun haren arerio politiko dena. Zuma irten zen garaile, ANCren ezker lerroaren sostengua zela bide, batetik -Alderdi Komunistak, sindikatuek eta gazteen ligak aldeztu zuten-, eta, bestetik, agintean betikotzeko Mbekiren asmoak susmo txarrak eragin zituela bide -ez baita batere begi onez ikusia-.



Thabo Mbeki

Presidente ohia

Hegoafrikako presidente izan da 1999tik joan zen irailera arte. Nelson Mandela ordezkatu zuen 1997an ANCko presidentetzan, eta handik bi urtera, Gobernuan. 2004. urtean presidente hautatu zuten bigarren aldiz, baina joan zen hilean dimisioa ematera behartu zuten, Fiskaltza Jacob Zumaren aurka egiteko presionatu izana leporatuta.





Jacob Zuma

ANCko presidentea

H egoafrikako presidenteorde izan zen 1999tik 2005era artean, eta ANCko presidentea da iazko abendutik. Thabo Mbekiren aurkaria da ANC barruan. Datorren urteko hauteskundeetan alderdiaren hautagaia izango da, baina ustelkerian aritzea leporatzen diote. Joan zen astean, epaileak bide eman zion fiskalari berriz helegitea aurkezteko haren aurka.





Mosiuoa Lekota Hegoafrikako Defentsa ministro izana
Iaztik, alderdi barruan krisia sortu zenetik eta Jacob Zuma gailendu, ANCren lerro ofizialarekin oso kritiko da Lekota. Argi aitortzen ez duen arren, bihar bertan alderdi berria aurkeztuko du.

«ANC dagoeneko ez da ni 20 urterekin atxiki nintzaionean bezalako alderdia»

J. C. B. Johannesburgo

ANCko militante historiko bat da Mosiuoa Lekota Terrore; 20 urte eskas zituela atxiki zitzaion erakundeari. Robben Island uharteko kartzelara bideratu zuen bere konpromisoak, eta «han eman zuen bizitzaren herena», gogora ekarri nahi izaten duenez. Hasieran ez zen Mbekiren lerrokoa, baina haren Defentsa ministro izatea onartu zuen. Gaur egun, paradoxaren paradoxa, mbekisten ordezkari publikoa da.

Igandean aurkeztuko duzu zure alderdi berria; ez al duzu arinegi jokatu, erabaki hori hartuta?

Ez dugu Konbentziora deitu beste alderdi bat eratzeko, baizik eta, besteak beste, nazio arazo garrantzitsuez hitz egiteko, gure demokrazia egoerari buruzko gomendioak emateko eta hura babesteko eta, horiek helburutzat izanik, abiarazi beharreko egintzak erabakitzeko.

Zeintzuk dira zure eta ANCren arteko desadostasunak?

ANC erakundea dagoeneko ez da ni hogei urte eskasekin atxiki nintzaionean bezalakoa. Polokwane [Konferentzia] ezkeroztik, demokratiko izateari utzi zion; zuzendaritzarekin ados ez zeuden gizonak eta emakumeak, berriz, egotzi egin zituzten ANCko egituretatik eta gobernutik. Horixe gertatzen ari da orain; lehen ez zen sekula halakorik gertatu.

Egungo ANCk dagoeneko ez du nahi intelektualik, dagoeneko ez du nahi enpresabururik; intelektualek sortu zuten ANC, eta orain ez ditu aintzakotzat hartu ere egiten.

Harritu egin al zaitu ANCren erantzunak?

Ez. ANCko jende askok hitzetik hortzera erabili ohi du demokrazia, baina egiaz ez dute errespetatzen. Haiekin ados ez nagoela eta, ezin didate «txakur» deitu edo ezin didate hiltzeko mehatxua egin.

Gure betebeharra da herrialde honetako jendeari irakastea zer esan nahi duen adierazpen askatasunak, zer esan nahi duen elkartze askatasunak, hautatzeko askatasunak.

Nahiko nuke ANCk bermatzea haren ezein kidek ez duela Konbentziorako sarrera trabatuko.

Handinahia omen zara.

Bai, hala dio orain jende askok. Demokrazia hau lortzearren hogei urte eskasekin Robben Islandera joan nintzelarik, ordea, inork ez zuen esan handinahia nintzenik.

Klase ertain beltzaren alderdia izango al da zure alderdia?

Lehenik eta behin, ez gaitu klase ertainak bakarrik aldezten. Orange Farm-era gonbidatu nindutenek oso komunitate pobrea osatzen dute; haietako asko herrialde honetako jenderik pobreena da. Horiek dira gure jarraitzaileak, langile jendea, profesionalak, irakasleak eta abar.

Mbekik ANCn geratzea erabaki du: harritu egin al zaitu?

Mbeki gurekin dagoen ala ez, horrek ez du garrantzirik. Harritu egin nau, ordea, ANCk orain arte harekin ezertxo ere nahi ez izateak eta orain haren atzetik ibiltzeak kanpaina egin dezan eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.