Gerra Ukrainan

Hegoafrikako presidentea Kieven da, gerrako bi aldeei bake plan bat aurkezteko

Ramaphosa Zelenskirekin batzartzekoa da gaur, eta, ondoren, Putinekin; «konfiantza sustatzeko neurri batzuk» proposatuko dizkie. Kievek salatu du Errusiak hiriburua bonbardatu duela. Txetxeniako indarrak Ukrainarekin muga egiten duen Belgorod eskualdera joango dira.

Hegoafrikako presidente Cyril Ramaphosa, herenegun, Genevan. MARTIAL TREZZINI / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 16a
12:39
Entzun

Gaur goizean heldu da Hegoafrikako presidente Cyril Ramaphosa Kieveko tren geltoki batera, Afrikako estatuburuen misio baten buru. Hain zuzen, Ukrainako buruzagi Volodimir Zelenskirekin batzartzekoa da gaur, eta, ondoren, San Petersburgora joatekoa da Errusiako presidente Vladimir Putinekin aurrez aurre biltzeko. Bi herrialdeetako agintariei bakerako bitartekaritza plan bat eskaintzeko asmoa du Ramaphosak.

Hegoafrikako presidentetzaren arabera, Ramaphosa Zambiako, Komoreetako, Kongoko, Egiptoko, Senegalgo eta Ugandako buruzagiekin batera joan da bidaian. Iritsi aurretik, Ramaphosak adierazi du Afrikako misioak «ikuspegi afrikarra» duela, zeinak bake prozesu bat abian jartzeko eskatzen baitu, «Ukrainako liskarrak amaitzeko». Era berean, Hegoafrikako agintaria «pozik» azaldu da, bai Zelenskik bai Putinek Afrikako buruzagiei harrera egin dietelako eta haien proposamenak entzuteko prest daudelako.

Reuters berri agentziak dokumentuaren zirriborroa eskuratu du, eta zabaldutako informazioaren arabera, bake misioak «konfiantza sustatzeko neurri batzuk» proposatzen ditu bitartekaritzako hasierako ahaleginetan. Funtsean, misioaren helburua da, «bakearen garrantzia sustatzea eta bi aldeek diplomaziarako urratsa egitea, negoziazio prozesu bat onartzera bideratzeko».

Zirriborroaren arabera, proposatutako neurrien artean jasotzen dira, besteak beste, Errusiako tropak erretiratzea, Bielorrusiako arma nuklear taktikoak baztertzea, Putinen aurkako Nazioarteko Zigor Auzitegiak Putinen aurkako atxilotze agindua indargabetzea eta Mendebaldeak Moskuren aurka ezarritako zigorrak arintzea.

Horrekin lotuta, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek eguneroko prentsaurrekoan zehaztu duenez, Putin «edozein harremanetarako prest zegoen eta dago Ukrainako arazoa konpontzeaz eztabaidatzeko». Interfax Errusiako berri agentziak jaso ditu Peskoven adierazpenok. Moskuk behin baino gehiagotan adierazi du atea irekita duela gatazkari amaiera emateaz negoziatzeko, beti ere Ukrainak «errealitate berriak» onartu behar dituela gogoratuz, Errusiak iazko irailean anexionatu zituen lau eskualdeak barne: Zaporizhia, Kherson, Donetsk eta Luhansk.

Afrikako ordezkariak Kievera iritsi berritan, sirena hotsak entzun dira Ukrainako hiriburuan. Suspilne Ukrinako estatuko kateak leherketa baten berri eman du, eta, albistea jakinarazi eta gutxira, Kieveko agintariek esan dute aireko defentsa sistema martxan ezarri dutela, baita alerta egoera indarrean jarri ere. Erasoan gutxienez bi hau eta adineko emakume bat zauritu dituzte. Gainera, Ukrainako armadak aditzera eman du Kieverantz zihoazen sei Kinzhal misil balistiko, sei Kalibr gurutzaldi misil eta bi drone erorarazi dituela. Kievek Moskuri egotzi dio zuzenean hiriburuari eraso egin izana.

Bozak, Moskuk okupatuak dituen eremutan

Errusiako berri agentzia atzo jaso zuenez, Kremlinek hauteskundeak egiteko plan bat iragarri du Errusiak Ukrainan okupatuak dituen lurraldetan. Defentsa Ministerioak eta FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak ondorioztatu dute bozak irailean egitea «aukera bat» izango litzatekeela. Errusiak Ukrainako lau eskualde anexionatu zituen iaz: Zaporizhia, Kherson, Donetsk eta Luhansk. Dena den, ez du lurralde horietako bat bera ere erabat kontrolatzen. Kievek, berriz, esan du Moskuk Ukrainako lurraldean antolatutako edozein hauteskunde «baliogabea eta legez kanpokoa» izango dela.

Ukrainaren kontraerasoa abiatu den honetan, armadak aurrez galdutako eremuak «askatzen» segitzen du. Oleksii Hromov jeneralaren arabera, «ehun kilometro koadroko azalera baino gehiagoko» kontrola berreskuratu dute, eta erantsi «mailaz mailakoa, baina etengabeko aurrerapena» egiten ari direla. Halere, oroitarazi du Errusiako indarrak hegoaldeko frontean ezarritako «erresistentzia indartsu bat» dutela aurrean, batez ere Bakhmut hiri inguruan, Donetsk eskualdean. Errusiako Wagner talde paramilitarrak maiatzean aldarrikatu zuen Bakhmuten kontrolaren jabe egin zela, baina Kievek ukatu egin zuen halakorik.

Iragan astean Kherson eskualdean suntsitutako Nova Kakhovkako presak eragindako uholdeen ondorioz 25 pertsona hil direla jakinarazi dute Errusiak han ezarritako buruzagi militarrek; beste 17 lagun desagertuta daude, Errusiako RIA Novosti berria agentziak jaso duenez. Orotara, 8.000 zibil ebakuatu dituzte Dnieper ibaiaren ondoko herrietatik; horietatik, 500 inguru dira haurrak. Moskuk eta Kievek elkarri egotzi zioten urtegi estrategiko hura txikitu izana. Bada, Ukrainako fiskaltzari laguntzen dion legelari talde batek gaur adierazi duenez, hasierako ondorioen arabera, «oso litekeena da» indar errusiarrek ezarritako lehergailuek presaren suntsiketa eragin izana.

Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioko eledun Igor Konaxenkov teniente jeneralak gaur goizean egindako agerraldian adierazi duenez, Ukrainako indarrek Donetsk-eko herri errepublikan egindako hamar eraso geldiarazi ditu armadak; hain zuzen, Pervomaiskoje, Petrovskoje eta Staromikhailovka herrietan. Konaxenkovek ziurtatu du, halaber, fronte horretan, 215 militar ukrainar, borrokarako hiru ibilgailu blindatu, bost ibilgailu eta bi D-20 obus suntsitu dituztela azken egunotan.

Errekrutatuak, lehen lerroan

Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Belgorod eskualdeari behin baino gehiagotan egin diote eraso Kremlinen aurkako Errusiaren Askatasuna Legioa eta Boluntario Errusiarren Taldea miliziek; besteak beste, gutxienez bi zibil hil zituzten hil honen hasieran. Horiek horrela, Txetxeniako presidente Ramzan Kadirovek haren aldeko indarrei agindu die Belgorodeko muga babestera joateko.

Bada, Meduza Errusiako hedabide digitalaren arabera, errekrutatuak izan diren pertsonak ezarri dituzte mugatik oso gertu dauden lehen bi defentsa lerroetan. Putinek iragan asteartean aitortu zuen hori, Belgorodeko borroketan parte hartzen ari ziren berriemaile eta blogari militarrekin izandako bilera batean, eta horrek herritar asko sumindu ditu, zalantzan jarri baitute mugaren zaintza.

Horiek horrela, egun horretan bertan, Errusiako behe ganberako diputatu Adam Delimjanov Belgorodeko gobernadore Viatxeslav Gladkovekin, Defentsa Ministerioko ordezkariekin eta Errusiako Guardiako eskualdeko departamentuko buruzagitzarekin bildu zen, mugaren babesa Kadiroven aginduz zehazteko. Buruzagi txetxeniarrak ziurtatu duenez, Ukrainako mugaren ondoko lurraldeetako bizilagunak «lasai» egon daitezke.

NATOren bilera

Ukrainak kontraerasoarekin aurrera jarraitzen duen bitartean, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkari Lloyd Austin eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeetako beste goi funtzionario batzuek ministroen arteko bigarren bilera egiten ari dira Bruselan. Austinek atzo adierazi zuen «luzaroan» jarraituko dutela Kiev militarki babesten, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideei ohartarazi zien, bide batez, Ukrainako gerra ez dela «esprint bat, maratoi bat baizik». Bestalde, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak bere agintaldia luzatzeko aukera zabalik utzi zuen atzo, aliantza militarreko kide diren estatuetako ordezkarien babesa jaso ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.