Hegoaldeko independentistek uko egin diote autogobernuari Yemenen

Nizar Haitham STCren eledunak adierazi du Riadeko Akordioa betetzeko hartu dutela erabakia, eta orain gobernuan egongo dira Abd Rabu Mansur Hadi herrialdeko presidentearekin batera

Hegoaldeko independentistek uko egin diote autogobernuari Yemenen.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Yemen hegoaldeko independentistek autogobernuari uko egiten diotela iragarri zuten atzo, eta Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen gobernuarekin batera hartuko dutela boterea. Saudi Arabiak iparraldearen eta hegoaldearen arteko botere banaketa azkartzeko akordio bat proposatu zuen, eta neurri horiekin bat egitea erabaki dute independentistek. Iragan apirilean, autonomia deklarazioa aldebakarreko deklarazioa izan zen.

Nizar Haitham Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionaleko (STC) bozeramaileak adierazi zuen «Riadeko Akordioa ezar dadin» egiten diotela uko autogobernuari. Horrez gain, autonomia deklarazioarekin erdietsi nahi zituzten helburuak lortu dituztela zehaztu zuen.

STC eta Yemengo Gobernua Arabiar Emirerri Batuen eta Saudi Arabiaren bitartekaritzarekin aritu dira negoziatzen azken hilabeteotan. Negoziazio horien fruitu dira, besteak beste, «iparraldea eta hegoaldea ordezkatuko dituen gobernu bat sortzea, gehienez 30 egunen buruan» eta Aden hegoaldeko eskualderako segurtasun zuzendari bat eta gobernadore berri bat izendatzea.

Hortaz, Ahmed Hamed Lamlas STCko idazkari nagusia izango da gobernadorea, eta Mohamed al-Hamedi segurtasuneko burua. Adenen dauka egoitza nazioarteak onartzen duen Yemengo Gobernuak, 2014an Sana Yemengo hiriburua huthiek hartu zutenetik. Hegoaldeko independentistek ere Adenen dute egoitza. Bestalde, adostutakoaren arabera, indar militarrak bidaliko dituzte gerra fronteetara, eta haien lekua hartuko dute segurtasun indarrek.

Haithamen hitzetan, horrela «eremu politikoan, militarrean, ekonomikoan eta segurtasunean aliantza arabiarrarekin elkartze estrategikoan jarraituko» dute, helburu «bateratuak» dituztelako: herrialdean «Irango indarren esku hartzearen» eta «talde terroristen eta muturreko ekintzen aurka» egitea.

Neurri horiek Riadeko Akordioa ezartzeko aurrerapauso bat dira. 2019ko azaroan sinatu zuten akordioa STCk eta Hadik; eremu politikoa, militarra eta segurtasuna hartzen zituzten kontuan adostutako neurriek. Akordio horren edukia, baina, ez zen errespetatu, eta, ondorioz, hegoaldeko independentistek autonomia deklaratu zuten iragan apirilean. STCk «ustelkeria eta gaitasunik eza» egotzi zizkion Hadiren gobernuari.

Autonomia deklaratu ondoren, bi aldeen arteko tentsioa areagotu zen joan den ekainaren 20an. Independentistek Socotra irla hartu zuten, toki estrategikoan dagoena, gobernuko indarrekin istiluak izan ondoren. Hiru egun geroago, bi alderdiek su-eten bat adostu zuten. Hala ere, behin baino gehiagotan urratu dute menia ordutik.

2014an piztutako gerra baten barnean sortutako beste gatazka bat da iparraldearen eta hegoaldearen artekoa. Hasieran, Yemengo Gobernuak, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek huthien aurkako frontea osatu zuten, baina, 2018an, hegoaldeko milizia independentistek Aden hiria hartu zuten, gobernuaren hiriburu bihurtutakoa. Ondorioz, Iranen babesa duten huthien aurkako aliantza hori zatitu egin zen.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2014az geroztik 200.000 lagun hil dira Yemenen. Horrez gain, 3,7 milioi desplazatu zenbatu ditu, eta 24,4 milioi herritar laguntza humanitarioaren menpe daude. 28 milioi biztanle ditu herrialdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.