LATINOAMERIKA. INDIGENEN EGOERA

Hegoaldeko «zabortegitik»

Latinoamerikako basoguneetan berebiziko kalteak eragiten ari dira multinazionalak. Indigenak bizi dira inguru horietan, maiz. Bota egiten dituzte, edo ondoan lantegiak egin. Enpresa batzuek Euskal Herrian dute egoitza.

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2010eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Ingurumenak ere jasaten du arrazakeria. «Europan nahi ez dutena Hegoaldeko zabortegietara bidaltzen digute». Petrolioa ateratzeko plataformak, koke plantak, argindarra sortzeko urtegi handiak... Luzea da zerrenda. Baina bakarra, guztietako jokamoldea: jabeak Europan dituzten multinazionalak, Latinoamerikara joan, eta basoaren erdian enpresa handiak eta kutsakorrak jartzen dituztenak. «Horrelako instalazioak azal beltzeko jendea eta indigenak bizi diren lekuetan jartzen dituzte, jende pobrea dagoen guneetan».

Ekuadortik etorrita, Euskal Herrian da Alexandra Almeida. Harekin etorri dira Argentinako Agostina Chiodi eta Brasilgo Cristiane Nadaletti. Multinazionalak herrialde haietan eragiten ari diren kalteen berri eman dute asteon, Bilbon, Ekologistak Martxan-ek gonbidatuta. Bisitak bat egin du Latinoamerikako agintariek Espainiara egitekoa dutenarekin.

Ez dago urrutira joan beharrik Latinoamerikan baso erdian lantegiak eraikitzen ari direnen bila. Ekuadorren, Yasuni parke nazionalean petrolioa ustiatzeko lantegia eraiki nahi dutenen artean dago Repsol enpresa, Espainiakoa -Bizkaiko Petronor lantegiaren akziodun nagusia-; harena da Argentinako Dock Sud inguruan egindako koke planta ere -Muskizen (Bizkaia) horren gisako bat jartzeko lanak hasi dituzte-. Brasilen, energia lortzeko urtegiak egiten ari da Iberdrola enpresa.

Enpresek guztia nahierara egiten dutela eta, kexu dira hiru emakumeak. «Gutxi axola zaie inguruan bizi den jendea. Arazorik handiena da enpresa horiek ingurumenean eragiteko txeke zuria dutela», adierazi du Brasilgo Cristiane Nadalettik. Maiz, indigenak izaten dira inguru horietan. Ez dituzte errespetatzen. «Badira kasu tragikoak ere. Urtegiak egitean, uharteetan bezala bakartuta geratu dira familia batzuk», dio Nadalettik. Eta ez dira gutxi. Haren arabera, multinazionalek eraikitako urtegi handien eraginez, milioi bat pertsonak alde egin behar izan dute bizi ziren lekutik.

Bistakoak dira multinazionalen kalteak. Baina eragiten dute onurarik? Elkarri begira geratu dira hiru andreak. Ezetz erantzun dute, azkenean. Sikiera, onura ekonomikorik ere ez? «Bai zera! Ekuadorren joan deneko 40 urtean ari dira petrolioa ustiatzen, eta herrialdea gehiago zorpetu da», dio Almeidak. Lana eskaintzea da, izatekoan, onura bakarra. «Menpekotasuna sortzeko bidea da hori, eta, gainera, agindu baino gutxiago eskaintzen dute». Gero eta gutxiago, gainera. «Teknifikatzen ari da guztia, eta lan esku gutxiago behar dute», azaldu du Argentinako Agostina Chiodik.

Irudia garbitu

Kalteak nahibeste, eta onurarik batere ez. Baina inguruan gutxiengoa da enpresen aurka altxatzen dena. «Hainbat lantegi Amazonia inguruan daude Ekuadorren. Estatuak utzitako lekuak dira, eta behar dutena enpresek ematen diete: argia, errepideak... Hori bai, enpresa onartzearen truke. Gainera, faktura estatuari pasatzen diote, hura delako eskaini behar lukeena». Bi batean egiten dituzte enpresek: dirua irabazi, eta herritarren babesa lortu.

Gainerako herrialdeetan ere gertatzen da hori. Berdin, Argentinan: «Erantzukizun soziala esaten diote. Enpresek rol paternalista hartzen dute, eta irudia garbitu», dio Chiodik. Asko dira bideak horretarako: inguruko futbol taldeak babestu, haurrei baloiak oparitu, eskolari diru laguntzak eman... Liburuxka apainak atera ditu argentinarrak. Shell enpresarenak dira. Eskolarako materiala da, eta hainbat haur irribarrez ageri dira azalean, kolore eta mota guztietakoak. Eslogana ere badu: Jendearen ametsak bultzatzen dituen energia ere badugu.

Are bitxiagoa zaie osasun etxeen kasua. «Enpresak dira kutsaduraren bidez osasun arazoak sortzen dituztenak. Osasun etxea eraikitzen dute, eta hura bete ere haien bidez betetzen da». Ordea, Chiodiren arabera, medikuek ez ikusia egiten diote enpresek sortutako kalteari: «Jendeak osasun arazoak dituenean, inoiz ez dute lotzen kutsadurarekin. Badirudi ingurukoei kasualitatez sortzen zaizkiela osasun arazoak».

Enpresen jokaera horrek eragina du, baduenez, herritarrengan. Asko dira multinazionalak babesten dituztenak, eta gutxiengoa haien aurka jotzen duena. Hala ere, herritarrei ez zaie galdetzen lantegirik nahi duten edo ez. Eta horretan ez dago alderik hiru herrialdeen artean, legeak desberdinak izanagatik ere. Chiodiren arabera, informaziorik ere ez dute ematen lantegiei buruz. «Lantegiak martxan jarritakoan jakiten dute herritarrek zein kalte sortzen dituzten enpresa horiek».

Galdeketarik ez dago, eta, oposizioa sortzen bada, hogeita hamaika eskutik dute agintariek eta enpresek: interes publikokotzat jotzen dute lantegia. Hori bera gertatuko ote zaien beldur dira Ekuadorren. Amazonian, Yasuni parke nazionalean, petrolioa ateratzeko plataforma eraiki nahian dabiltza enpresak. Oraingo presidentea aurka azaldu da. Baina batek daki zer gerta litekeen. Bi indigena talde bizi dira inguru hartan, inorekin harremanik ez dutenak. Ekonomia hutsa eta kultura aurrez aurre: enpresarien eta herritarren ustezko ongizatea, edo bi indigena taldek bizirik irautea. «Leku hartan plataforma bat jartzea genozidioa litzateke. Eta okerrena da jendeak eztabaidatu egiten duela horretaz», esan du Almeidak.

Gobernu berriak eta krisia

Latinoamerikako agintarien kolore politikoa aldatzen hasia da. Ados dira hirurak. Eskubideak babesten hasi dira, eta gizarte zerbitzu gehiago ematen ere bai. Ekuadorko Alexanda Almeida ez da oso baikor, hala ere: «Kontua da nondik ateratzen duten hori ordaintzeko dirua. Petrolio ustiaketak dira diru iturri garrantzitsua, eta meatzeetan hasi nahian ari dira». Argentinako Agostina Chiodik dio konpontzeko arazoak badirela oraindik ere. Ura behar bezala babestea, esate baterako.

Krisiak jo ditu multinazionalak. Baina, hiru emakumeen arabera, Latinoamerikan ez dute horren zantzurik ikusten. Aldaketak bai, Txinako enpresak indarra hartzen ari direlako. Baina, krisiak krisi, ez dute jarduna eten. Lantegi ziurra baitute han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.