HERIOTZA ZIGORRAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Heriotza zigorra abolitzeko eskatu die AIk Afrikako gobernuburuei

Iaz 3.797 lagun hil zituzten 25 naziotan, eta beste 7.395 kondenatu zituzten heriotzara 64 herrialdetan

Erredakzioa
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
Heriotza zigorraren aurkako kanpaina hasi zuen atzo AI Amnesty International giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak. Afrikara begira jarri zen erakundea aurtengo Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Egunean. Kontinente hartako 53 estatutik 13k jada abolitu dute, eta beste 20k ez dute inor exekutatu azken hamar urteotan. Hala ere, asko dago oraindik egiteko AIren arabera. Kongon, esaterako, 200 pertsona exekutatu dituzte 1997az geroztik, tartean adingabeak. 1999an atzerapen bat onartu zuten arren, 2002an utzi zuten bertan behera. AIren arabera, maiz ez dira betetzen epaiketa justu bat egiteko baldintzak. Horiek hala, heriotza zigorra abolitzeko eskatu zieten atzo Afrikako gobernuburuei.

Iaz exekuzioen %97 lau herrialdetan egin ziren: Txinan, Iranen, Vietnamen eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Era berean, 3.797 pertsona hil zituzten 25 herrialdetan eta beste 7.395 lagun zigortu zituzten heriotzara 64 estatutan. Zigor horrek lege-hausteak gutxitzen dituela defendatzen dute askok haren alde egiteko. Baina NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, teoria hori ez da zuzena. Kanadan, adibidez, heriotza zigorra kendu baino urte bat lehenago 1975ean 100.000 pertsonako hilketen portzentaia %3,09koa zen. Exekuzioak debekatu eta lau urte geroago %2,41ekoa zen eta geroztik beherantz egin du.

Adingabeen exekuzioak

Besteekin alderatuta adigabeen exekuzioak askoz gutxiago dira. 1990az geroztik, zortzi herrialdetan exekutatu dituzte 18 urtez beherako pertsonak: Txinan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Iranen, Nigerian, Pakistanen, Saudi Arabian, Yemenen eta AEBetan. Azken hori izan da adingabe gehien exekutatu dituen herrialdea. Adingabeek exekuzioak nazioarteko legediaren kontrakoak dira.

16 eta 17 urteko gazteak hiltzera zigortzea ez zela Konstituzioaren aurkakoa ebatzi zuen AEBetako Auzitegi Gorenak 1989an. Arrazoia, agintarien artean ez zegoela nahikoa adostasunik adingabeen exekuzioak gelditzeko. Aurten, baina, abolizioaren aldeko bost botorekin eta kontrako laurekin onartu zuten adingabeen aurkako heriotza zigorra kentzea. «Adingabeak ez direla kriminal helduak bezain errudunak uste du egun gizarteak», zioen ebazpenak. Orotara, aurtengo urtarrilean, 3.400 pertsona zeuden hiltzera zigortuta AEBetan. Herrialde hartako 50 estatutatik 38tan dago indarrean heriotza zigorra. Iranen adingabeak exekutatzen jarraitzen dute, Gobernuak kontrakoa esan arren. Iman Farokhi aurtengo urtarrilaren 19an hil zuten, 17 urte zituenean krimen bat egiteagatik. Egun berean, Iranek ez zituela 18 urtez azpiko delitugileak hiltzen nabarmendu zuen Teherango ordezkaritza batek Genevan. 1990az geroztik 11 adingabe hil dituzte Iranen. Egun, gutxienez 30 daude hiltzera zigortuta. Saudi Arabiaren jarrera ere salatu zuen AIk. Apirilean Somaliako sei herritar exekutatu zituzten herrialde hartan. Zigortuek ez zekiten exekutatuak izateko arriskua zutenik. Epaileak jarritako kartzela zigorra eta zigor fisikoa betea zuten seiek. Hori zela eta, haien estatusari buruz galdetu zion Amnesty Internationalek Saudi Arabiako Barne Ministerioari. Ez zuten erantzunik jaso. Seirak exekutatu zituzten. Herrialde hartan hiltzera zigortzen dituztenen bi heren atzerritarrak dira.

Errugabeen heriotza

Errugabeak exekutatzearen arriskua handia dela ohartarazi zuen atzo AIk. 1973az geroztik, 121 preso askatu dituzte Estatu Batuetan, haien errugabetasuna frogatzen zuten aztarnak aurkitu ostean. Halako sei kasu izan ziren iaz eta beste bi aurtengo lehen sei hilabeteetan. Preso askok urteak igaro behar izaten dituzte heriotzaren korridorean, errugabeak direla frogatzen den arte. Beste asko exekutatu egin dituzte, haien kontrako frogak erabat sendoak izan ez arren.

«Ireki egunkari bat asteko edozein egunetan eta irakurriko duzu munduko txokoren batean norbait kartzelaratu, torturatu edo exekutatu dutela, haren erlijioa edo iritzia gobernuaren gustukoa ez zelako», esan zuen AIren sortzaile Peter Benenson abokatu britainiarrak 1961ean, erakundea sortu zuenean. Haren hitzak gogora ekarri zituen atzo giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak. Gauzak horrela, manifestazioak, kontzentrazioak eta eskaerak egin zituzten heriotza zigorraren aurkako militanteek munduko hainbat txokotan, hura bertan behera uzteko eskatzeko.

Heriotza zigorra abolitu dutenak





1976: Portugal.

1978: Danimarka.

1979: Luxenburgo, Nikaragua, Norvegia, Brasil, Fiji eta Peru.1981: Frantzia eta Cabo Verde.

1982: Herbehereak.1987: Haiti, Liechtestein eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa.

1992: Angola, Paraguai eta Suitza.

1994: Italia.

1995: Djibuti, Maurizio, Moldavia eta Espainia.

1998: Azerbaijan, Bulgaria, Kanada, Estonia, Lituania eta Erresuma Batua.

2004: Bhutan, Grezia, Samoa, Senegal eta Turkia.

2005: Liberia eta Mexiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.