NATO joan ondoren, herria berreraiki behar da orain, eredu politiko bat sortzen hasi, oinarri demokratikoak ezartzen, eta Arabiar Ligak dagoeneko eraikitzen laguntzeko asmoa duela idatzita utzi du Libiaren egindako akordio batean. Datorren astetik aurrera Libian izango dira Nabil al Arabi erakundeko idazkari nagusia eta hainbat aditu, egoera aztertu ondoren urratsak egiten hasteko. Dena den, oraindik, eta lehenik eta behin, gerra giroak baretu behar du, eta herritarrek gobernua aukeratu bitartean, behin-behinekoak —horretarako ere prest agertu da Arabiar Liga— Gaddafiren kontra borrokatzeko herri guztietan sortu diren miliziak mendean hartzen jakin beharko du, eta Gaddafiren aldekoak beregana ekartzen, irabazten.
Bi gauza horiek egitea, ordea, zein baino zein zailagoa dirudi, eta hori gutxi balitz bezala, Abdel Rahim Al-Keebek gidatuko duen gobernuak martxan jarri aurretik ageriko ezintasunak dauzka abiatzeko, CNT Trantsiziorako Kontseilu Nazionalean ez dira-eta ados jartzen, bi eredu politikoren arteko borroka dagoelako, bata bestea baino mendebalderago. Oraingoz, Al-Keeb aukeratu dute buruzagi, 30 urte baino gehiago AEBetan egin dituen ingeniaria; Qatarren eta Saudi Arabian ere aritu da. Inor gutxik ezagutzen du Libian.
Gobernua herritar armatuen gainean neurriak hartzen saiatu aurretik, Libiara iristen hasi dira Arabiar Ligako kideak eta nazioarteko hainbat ordezkari, besteak beste, arma kimikoak kontrolatzeko neurriak hartzera. Nazio Batuen Erakundeak deklaratu gabeko arma kimikoen gordailuak atzeman zituenetik, kontrolik gabe herritarren esku egon daitezkeen armen inguruko susmoak azaldu dira. Milaka desagerturik daude, hasteko, eta gainerakoak zehazki non dauden jakitea ez da lan erraza izango. Horretarako, NBEko Segurtasun Kontseiluko ikuskatzaileak bidali dituzte arma horien gordailuen eremuak atzematera, eta ehunka guneren gaineko susmoa dagoenez, denbora beharko dute denak ikuskatzeko. Gainera, lehergaietan aditu diren hamabost pertsona ari dira lurrazaleko ikerketa egiten, eta kopurua ehun lagunera igotzeko asmoa du erakundeak.
Hain zuzen ere, NATOk iragan martxoaren 31n hasi zuen operazio militarra bertan behera utzi zuen joan zen astean, eta herenegun, tropek alde egitearekin batera, Libiako gobernuburu berria hautatuta zeukaten. Horri loturik, NBEk ebazpen bat onartu du armen inguruan, Errusiak idatzi eta gainerako estatu kideek aho batez berretsitakoa. Armen zabalkuntza saihesteko neurriak hartzeko eskatu dio trantsizioko gobernuari, horiek «Al-Kaedaren edota beste talde militarren eskuetan eror ez daitezen». Gainera, herrialdeak ustez bere esku dituen arma kimikoak suntsitzeko eta pertsonek garraia ditzaketen aire eta lurreko armak kontrolatzeko eskatu diote Al-Keebi, Libia barneko eta gainerako estatuekiko harremanetan bakea eta segurtasuna bermatzeko.
Mertzenarioen mehatxua
NBEko lantalde batek, halaber, gatazka armatuetan egiten den mertzenarioen erabilera kezkagarriaz ohartarazi du. Libiaren kasuan, Gaddafiren aldekoen artean soldadu atzerritarrak daudela ohartu dira, Afrikako beste estatuetatik eta ekialdeko Europatik etorritakoak, eta horren gaineko kontrola egiteko, probak aztertzeko, datozen hilabeteetan Libia bisitatuko du talde espezializatuak. Zibilen segurtasuna babesteko bitartekoak estatuek jarri behar dituztela nabarmendu dute, enpresa pribatuen eskuetan utzi beharrean, horrek giza eskubideen bermea arriskuan jartzen duelako, eta herrien autodeterminazioari ere mehatxu egiten diolako.
Hain zuzen ere, Al-Keebitxaropentsu azaldu da etorkizunari begira, eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako eta estatu demokratiko bat eraikitzeko konpromisoa duela azaldu du. «Herritarren borondateari esker lortu du Libiak hona iristea, eta orain nazioartearen errespetua lortzen ahaleginduko gara», adierazi du. Inguruko herrialdeekin harreman «pribilegiatua» izateko helburua agerian utzi du horrela, eta orain arteko Gaddafiren agintearekin lotura oro hautsi nahi izan du. «Konfiantzan, errespetuan eta senidetasunean» oinarritutako Libia berri eta egonkor bat eraikitzeko lanetan gogor arituko dela nabarmendu du.
Al-Keeben ibilbidea
Ingeniari elektrikoa da Abdel Rahim Al-Keeb. Tripoliko Unibertsitatean lizentziatu zen, 1973an, eta hiru urtera ikasketa espezializatuak burutu zituen, AEBetan. 1985az geroztik Alabamako unibertsitate bateko irakaslea da, eta Abu Dabhiko (Arabiar Emirerri Batuak) Petrolio Institutuko adituen karteleko kide ere bada.
CNT Libiako Trantsizioko Kontseilu Nazionalak herenegun aukeratu zuen Al-Keeb buru berritzat, eta orain hamabost egun ditu gobernuko kabinetea osatzeko. CNTko51 kideetatik 26k eman diote beren babesa, eta, hala, Mahmud Jibrilen ordezko bilakatu da. Orain arte lehen ministro izan denak kritika ugari jaso ditu denbora luzez atzerrian bizi izan delako eta Libiak izan duen bilakaera bertatik jarraitu ez duelako. Al-Keebek ere 30 urte egin ditu Libiatik kanpo.
CNTren bide orriak ezarritakoaren arabera, zortzi hilabete barru egingo dira Biltzar Konstituziogilea aukeratzeko hauteskundeak, eta horrek datorren urterako presidentea aukeratzeko bozketak antolatuko ditu. Aditu batzuen iritziz, hauteskundeetara deitzeko epea laburregia da.
Libia. Gaddafiren ondorena
Herria berreraikitzeko akordioa egin du Arabiar Ligak Libiarekin
Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Al-Keeb hautatu du gobernuburu; hark giza eskubideak errespetatuko dituela agindu duNBEk armen hedapena saihesteko neurriak hartzeko eskatu dio lehen ministro berriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu