Kataluniako hauteskundeak. Eremu independentista

Herritar subiranoak

Katalanismoaren erdigunea izan da Vic historikoki, eta subiranotasunarena da egun. Nabari da kalean. Errepublika gauzatzeko ahaleginean presio egiten jarraitzeko prest daude.

CDRk kanpainarako atera dituzten kartelak. ORIOL CLAVERA.
Igor Susaeta.
Vic
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Astelehen iluntzea Vicen (44.000 biztanle), tradizionalki laborantzak elikatu duen Bartzelonako Osona eskualdeko hiriburuan. Hotz egiten du, espaloiak hormatzear daude, eta ia inor ez dabil Erdi Aro garaiko erdiguneko kale ederretan. CUP hauteskunde kanpainako azken mitinetako bat egiten ari da, une horretan, hiriko pabiloi batean. Katalanismoaren habia nagusietako bat izan da historikoki hiria, Espainiaren zentralismoaren aurkako erresistentzia guneetako bat, eta azken urteotan independentismorako bidea jorratu du, ezinbestean. Udalean indar subiranistak dira nagusi: 21 zinegotzietatik bederatzi dira PDECatekoak, bost ERCkoak eta lau CUPekoak. Beraz, CDR Errepublika Defendatzeko Batzordeak osasuntsu daude han —Erreferenduma Defendatzeko Batzordeak izan ziren joan den urriaren 1a arte—. Azken hilabeteotan 300 bat lagun bildu izan dituzte Viceko batzarretan, eta hango bi kiderekin bildu da BERRIA. Ez dituzte haien izenak eman. «Badaezpada ere. Badakizu gauzak nola dauden...». 25-30 urte dauzkate. Ilusio handia daude, baina urriaren 27ko independentzia deklarazioaren ondoren prozesuak ibilitako bideari erreparatuta, badituzte «zuhurrak» izateko motiboak. Ez dira JPC Junts Per Catalunyako eta ERCko kideez fio, «haien militantzia politikoa bulegoetara mugatu izan baita beti». CDRen egitekoa, azken hilabeteotan erakutsi bezala, kalean dago. «Aurrerantzean gure zeregina izango da errepublika gauzatzeko presio egitea».

CDRkoei iruditzen zaie «tentsioak» behera egin duela, eta «sugarrari» piztuta eusteko helburua dute. Nabarmendu dute prozesuak berak «imajinatu ezinezko kohesio soziala» sorrarazi duela herritarren artean. Gogoratu dute, harro, Viceko hondarrezko plaza nagusia nola bete izan den, «goraino», azkenaldiko puntu garrantzitsuenetan. «Nire aita hunkitu egiten zen». Ez da harritzekoa, halere. Izan ere, CUPek proposatuta, udalak mozio bat onartu zuen 2012ko irailean. Vic lurralde aske eta subiranoa izendatu zuen, eta Generalitateari eskatu zion has zezala prozesu subiranista, eta egin zezala erreferendumerako deialdia, estatu katalan berrirako trantsizioa prestatu ahal izateko.

Orduz geroztik, Kataluniako Gobernuak eman ditu aurrerapausoak. CDRko bi kideek, baina, teoria bati eusten diote Generalitateaz ez direla fio azaltzeko orduan: «Zera pentsatzen dugu batzuetan: 'Ez pentsa eskuineko eliteek beste eliteen kontra egingo dutenik'». Katalunian dauden independentisten erdiak «kamikazeak» direlakoan daude, eta uste dute gehiago izango zirela Generalitateak proiektu independentista modu «pedagogikoan» esplikatu izan balu. «Hori da gobernuak egin duen okerrik handiena». Hortaz, kamikaze horietatik harago, iruditzen zaie Kataluniako gizartea ez dagoela errepublika bat «behar den moduan» defendatzeko prestatuta. «Independentzia deklaratu zenean, jendea instituzioak defendatzeko prest zegoen, baina batzuek alde egin zuten Belgikara, besteak kartzelara sartu zituzten... Eta, modu horretan, kaleko bidea bakarrik geratzen da».

Gaur hauteslekuetan defendatuko dute errepublika, eta emaitzetan «iruzurra saiheste aldera», botoen kontaketa paraleloa egingo dute CDRkoek, ANC Biltzar Nazional Katalanarekin eta CUPekin batera. Argi dute indar subiranistek gehiengoa ateratzen baldin badute, ERCk, JPCk eta CUPek elkar hartu beharko dutela. «Jendea kalera aterako da haiek estutzera». Baina hala ez bada? Bada haien jarduna birplanteatu beharko dutela diote.

Bien bitartean, eta errepublika gauzatzeko, Viceko CDRkoak hasi dira Espainiatik egunerokoan «modu errealean» deskonektatzeko kanpaina egiten, eta argindar, gas eta ur horniduran autogestioa bultzatzen. Batzorde barruan, gainera, «neurtzen» ari dira ea jendea «zertarako prest dagoen» bihartik aurrera.

Atzera ere begiratu dute. Urriaren 27ra, esaterako. Viceko CDRko kide guztiak mozkortu ziren. Hala kontatu du horietako batek. «Bai, mozkortu ginen, eta nik prest nuen cava botila. Baina telebistan ikusi nuenean Artur Mas Carles Puigdemonten bulegotik ateratzen, ez irekitzea erabaki nuen». Ezin zuten guztiz sinistu legebiltzarrak aldebakarreko independentzia deklaratu zuela.

Bi independentismo

Espainiako Estatuak izan zezakeen jokabidearen aurrean «inozoki» jokatzea leporatu diete ERCri eta PDECati. «Pentsatzen zuten tentsioa handitzearen ondorioz Espainia hitz egitera eseriko zela». Ez da hala izan. CDRko bi kideak «utopikotzat» jotzen zituzten duela zazpi urte. Azken urteotan, baina, bat egin dute independentista «kulturalek», joera «herentziaz» jaso dutenek eta baita independentista «praktikoek» ere.

Bi bideak Vicen gurutzatzen dira. Agerikoa da plaza nagusian. Pankarta erraldoi batek alderik alde gurutzatzen du: «Llibertat presos polítics». Balkoiak esteladaz eta bestelako mezuez josita daude: «Endavant República Catalana»; «Catalans for freedom. Democracy & justice for Catalonia». Ia inor ez dabil haren bueltako arkupeetan, baina harrotasuna nabaritzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.