Duela bi urteko apirilaren 15ean, Cherango biztanleak, hau da, Mexiko erdialdeko purepetxa komunitate txiki batek nahikoa zela pentsatu zuen, nazkaturik krimen antolatuko taldeak basoak txikitzen ari zitzaizkiolako, herrian armaz josirik ibiltzen zirelako eta jendea guztia ikaraturik zeukatelako, 15.000 herritar. Egun horretan, arma ziztrin batzuk hartu, herriko sarrera guztietan barrikadak jarri, eta udal agintariak arbuiatu zituzten, haiek ez baitzuten ezertxo ere egiten gaizkileen kontra, edo, are okerragoa dena, elkar hartuta baitzeuden.
Herritarrek matxinada deitzen dioten hartatik bi urte baino gehiago pasatu dira, eta tarte honetan herritarren segurtasunerako erakunde bat sortu dute, erronda komunitarioa izenekoa, ehun bat lagunek osatua. Talde hori haien antzinako ohituretan dago oinarritua, baina kideetako batzuek erasorako fusil indartsuak daramatzate. Gainera, aginpidea guztiz kendu diete alkateari eta udaltzaingoari, eta gobernatzeko beste sistema bat ezarri dute, auzoetako batzarretan oinarritua, alderdi politikoak bazterturik. Sinetsita daude lasaitzen direnean krimen antolatua berriz jabetuko dela herriaz, baina orain, behintzat, badute lehen galdutako lasaitasuna.
"Mugimendua hasi baino lehen, ia inor ez zen etortzen lurra lantzera; oso utziak zituzten landa lurrak. Erronda dabilenetik, berriz, lurra berriro lantzen hasiak dira", ziurtatu du talde horretako kide batek, izena eman nahi izan gabe, segurtasuna dela eta. Kontuz ibiltzea ez da alferrikakoa: azken urteetan, hogei herritar erail dituzte, edo desagerrarazi, egur negozioan legez kanpo dabiltzanek.
Nahiz eta aurpegia bistan ibiltzen den patruilan herri inguruko pinadietan, harekin batera doazen bi kideak bezala —lau gizon eta emakume bat—, kaputxa edo zapia jartzen dute kazetari batek argazkia ateratzeko: kriminalek ezagutu eta mendekua hartuko lukete beraien kontra, edo familiakoen kontra.
Bidea pick-up batean egiten dute, Michoacan estatuko Poliziaren ikurrak dituztela —bertan baitago Cheran—, eta 22 kalibreko fusil batzuk daramatzate, eta AR-15 pare bat, nahiz eta, berez, Mexikon armadak bakarrik erabil ditzakeen. Eginkizun nagusia, hauxe: inork ez dezala zuhaitzik ebaki baimenik gabe, han ibili hutsak uxatu egiten baititu gaizkile talde armatuak, baina inoiz topatzen dituzte, zoritxarrez.
Horrela lortu dute bahiketak bukatzea, hilketak, estortsioak, lapurretak eta arbolak legez kanpo moztea. "Lehen, delitugileak arma eta guzti ibiltzen ziren herrian. Gauean inor ez zen ausartzen ateratzen", gogorarazi du beste basozain batek.
Iraultza isila
Apirilaren 15 hartan, Cherango biztanleek gutxi pentsatuko zuten ezen, beren burua defendatzeko armak harturik, aintzindariak izango zirela eta fenomenoa herrialde erdialdera eta hegoaldera hedatuko zela.
Orain, ehunka herrik dituzte polizia komunitarioak edo autodefentsa taldeak. Horietako asko Michoacan eta Guerrero (Mexiko Hiriaren hegoaldean) estatuetan daude; izan ere, bietan gogor jotzen du narkotrafikoaren kartelen bortizkeriak. Gobernua ez da gai narkotrafikatzaile taldeak geldiarazteko eta zuzenbide estatua zaintzeko; Felipe Calderon eskuindarraren aurreko administrazioarekin hasita (2000-2006), gobernua tematurik dago estrategia honetan: armada jartzea polizia lanetan. Baina horrek ez du ekarri indarkeria larritu eta giza eskubideen urraketa izugarri ugaritu besterik.
Bai polizia komunitarioak eta bai autodefentsa taldekoak uniformea jantzita ibiltzen dira, eta badituzte armak; zaintzak egiten dituzte zeinek bere herriko sarreretan; gauez patruilan ibiltzen dira; delitugileak uxatu edo atxilotzen dituzte; eta Guerreron, zenbaitetan, justizia ere aplikatu dute, beren ohitura indigenetan oinarriturik.
Polizia komunitarioek badute tokiko batzarrek emaniko zilegitasuna, eta indigenen usadien arabera aukeratuak izaten dira. Autodefentsa taldeak, berriz, bat-batekotasun handiagoz sortuak dira, eta, poliziak ez bezala, kideak kaputxarekin ibiltzen dira maiz, eta hobeto armaturik: erasorako fusilak ere izaten dituzte, zeinak debekatuak dauden herritar zibilentzat.
Guerreron, mendialdeko mixteka eta tlapaneka herri batzuetan baziren polizia komunitarioak 1995az geroztik. Urte hauetan, kideak aldian-aldian aukeratu dituzte herri batzarretan, haien jokabide onaren, ganoraren eta komunitatearekiko konpromisoaren arabera. Kargu hori izatea ohore bat da, eta ez dakarkie inolako diru saririk.
Hemezortzi urtean, Agintari Komunitarioen Eskualde Koordinakundearen segurtasun eta justizia sistema (CRAC) izan dute, udaltzaingo formalaz gain. Polizia komunitarioak, eskopetak eta 22 kalibreko fusilak izanik, lagungarriak izan dira ehunka herritan ordena zaintzeko. 2009an, Guerreroko gobernuak berak onartu zituen modu ofizialean, lege batean bildurik herri indigenen eskubideak eta kultura.
Nolanahi ere, iaztik hona, arrunt ugaritu dira erakunde horrekin bat egin duten herriak, indarkeria oso zabaldua baitago Guerreron, zeina den Mexikoko toki funtsezko bat droga landatzeko eta trafikatzeko. Gainera, beste bi erakunde sortu dira, zeinek bere polizia komunitarioa duela: Guerrero Estatuko Herrien eta Erakundeen Batasuna (UPOEG) eta Herritar eta Herri Polizia (PCP).
Justizia, auzo-lanean
Cheranen hasi eta gero, hurrena Huamuxtitlan herrikoek hartu zituzten armak (Guerrero iparraldea), 2012ko ekainaren 2an, komando armatu batek hemezortzi lagun bahitu zituenean, oposizioak udal hauteskundeetarako aurkezturiko hautagaiaren bila zebilela.
Kriminalek udal zabortegian bildu zituzten hemezortzi pertsona horiek, banan-banan harrapatu eta gero. Herria ohartu zenean zer gertatzen ari zen, eta gainerako herritarren laguntzaren bila atera ziren, talde batek koordinaturik; talde horrek, hain zuzen, lehendik antolatua zegoen, sinadurak bildu eta justizian salaketa jartzeko, tokiko agintarien ustelkeria eta delitugileekiko konplizitatea zela eta.
"Gau guztian, jendea atzera eta aurrera ibili zen, gaizkileei segika", kontatu du Miguel Angel Vitragok, Segurtasunerako Herritar Fronteko koordinatzaileak — Huamuxtitlango bahiketaren ondoren sorturiko taldea, zaintzaile zibilez osatua—. "Udaletxera iritsi ginenean, seguru baikeunden gaizkileak han zirela, huts-hutsik zegoen, eta Poliziaren komendantziara iritsi, 14 urteko neskato bat aurkitu genuen, ahoa estalita eta ohe bati lotuta. Galdetu, eta esan zigun poliziak bortxatzen saiatu zirela".
Egoerak gainezka egin dio gobernuari. Alde batetik, auzitan jarri da estatuaren indarkeria monopolioa; bestetik, ez du argudiorik eragozteko herritarrak defendatzen saiatu daitezen krimen antolatuaren indarkeriatik. Izan ere, bortizkeriak agintarien tokia hartu du herri eta hiri askotan, armen indarraz, eroskeriaz edo mehatxuz.
Otsailaren 24an, Michoacango hiru herrik —Buenavista, La Ruana eta Tecalpatepec-ek— beren autodefentsak sortu zituzten, eta kriminal batzuk atxilotu zituzten, denak ere herrien kontra gogotik arituak hiru urtean.
Zaldun Tenplarioak
Haien kezka iturria kartel bat zen, Zaldun Tenplarioak izen harroxkoa duena: Michoacan estatu gehiena kontrolatzen du, eta estatu hori funtsezkoa da Ozeano Bareko kostako droga trafikoan 2011z geroztik. Orduan bereizi ziren Zaldun Tenplarioak beste narkotrafikatzaile talde batetik, Michoacango Familiatik.
Tepalcatepeceko autodefentsako kontseilari nagusiak, Jose Mireles zirujauak, esan zuen, Youtuben taldean jarritako bideo batean, bere herrian Tenplarioak honela ibiltzen zirela: "Komunitatea zapaltzen, kuotak kobratzen, jarduera ekonomikoa izateagatik kobratzen, bizitzeko baimena kobratzen herriko guztiei, tomateak saltzen dituen gizon batekin hasi eta enpresaburu handiekin segitu". Esaterako, abeltzainei 1.000 peso kobratzen zieten saltzen zuten buru bakoitzeko (60 bat euro), eta harakinei 15 peso saldutako haragi kilo bakoitzeko. Ordaintzen ez zuena bala zulo bat buruan agertzen zen, eta ez zen inola ere agertzen, ez bizirik eta ez hilik.
Gainera, eskualdeko nekazaritzaren bi produktu nagusiak —aguakatea eta limoia— erosten dituzten handizkako bi enpresa nagusiez jabetu dira. Hala, jarduera ekonomikoa kontrolatzen dute, nahi bezalako prezioak jartzen, eta edozein nekazariri erreka joaraz diezaiokete, bildutakoa erosten ez badiote.
"Haurrek, haurtzaindegitik goi eskolara, 20 peso ordaindu behar zituzten astelehenero. Bizitzeko ere ordaindu egin behar genuen", bota du Mirelesek.
Egoera ezin eramanezkoa egin zen: "Jaun horiek, jende guztiari dirua kentzea nahikoa ez, eta hasi ziren familien kontra egiten, 11 eta 12 urteko neskatilak bortxatzen. Nire seme-alaben bigarren hezkuntzan soilik, 14 neskatila bortxatu zituzten".
"Etxera iritsi eta esaten zizuten: 'Asko gustatzen zait zure emaztea, eta oraintxe itzuliko dizut, baina bitartean bainatu neskatoa, horrek egun batzuk egingo baititu nirekin'. Eta ez zizuten itzultzen haurdun egon arte. Horrek piztu zuten Tecalpatepecekoa", gehitu du defentsarako kontseilariak.
"Salaketa aurkezteko balentria egin zutenak hilik agertzen ziren egunsentian, familia guztiarekin batera. Eta salaketa hantxe zegoen, etxean, mila puskatan", nabarmendu du.
Tepalcatepeceko matxinadan, inguru hartako abeltzainak izan ziren buruak, baina herritarren polizia horietan denetik dago: enpresaburua eta nekazariak, irakasleak eta dendariak.
Antonia Villa okina da, 50 bat urtekoa —ez du adina esan nahi—. Elastiko beixa du, eta bisera, Temalacatzingoko Herritar eta Herri Poliziaren intsignia eta guzti; oihal zurizko poltsatxo bat du lepotik zintzilik. Lehendik ere eginak zituen herriarentzako lan boluntarioak. Herria txikia da, 3.000 biztanle baino gehixeago. Auzo ondasunen batzarrean aritu zen, herriaren lurrak kudeatzen, eta hiru urte egin ditu Elizari laguntzen. Orain, bat egin du PCP, "hainbesteko bidegabekeria dela eta". "Batzuetan, jendea nazkatu egin da agintariekin, kasurik egiten ez dutelako".
Bere kideekin batera, zaintzak egiten ditu herriko sarreretan: errepidean zuhaitz enbor soil eta mehe bat gurutzatuz, autoak geldiarazten dituzte, eta, hala, badute modua nor diren ikusi eta autoa miatzeko, ezer susmagarririk sumatuz gero.
"Emakume gutxiri gustatzen zaie horrelako zerbitzu bat ematea, eta ez dugu soldatarik, baina hementxe gaude, komunitateari laguntzen". Segidan, poltxatxo zurian zer duen erakutsi digu: pistola txiki bat. Nolanahi ere, zehaztu du saiatzen dela "onez onean hitz eginez" saiatzen dela jendearen errespetua bereganatzen, eta ez armaz. "Zaintzak egiten gabiltzanean, errespetuz hitz egiten diegu, gu ere berdin trata gaitzaten".
Temalacatzingon sortu zen PCP, abenduaren 2an, orain dela 39 urte armadak Lucio Cabañas hil zueneko urteurrenean. Cabañas herri maisu bat izan zen, 70eko urteetan Guerreron Pobreen Alderdiaren gerrilla gidatu zuena.
Sortu zenetik, mugimendu hori Guerreroko 50 herritara baino gehiagora hedatu da, bozeramaileek diotenez. Iazko maiatzean, militarrek kanpaleku bat jarri zuten Temalacatzingotik gertu, eta oldartzen hasi zitzaizkien.
"Gure lurretara etorri gabea zen armada, baina maiatzaren 26an bertan jarri, eta ez digute esan zergatik etorri diren", kexatu da PCPko Gobernu Kontseiluko kide batek, Yoltsin Ceferinok.
Herritar Poliziak salatu zuen egun batean marinel talde bat, herrian sartu, eta beraren komisarioak inguratu zituen, herri batzar batetik ateratzean. Zeramatzaten armei buruz galdetu, miatzen saiatu, eta mehatxu egin zieten: "Delitugileak bidaliko dizkizuegu, ea egia den haiek menderatuko dituzuela".
Hilabete batzuetan, agintariek ez zuten ezer egiten herritar talde horien kontra, baina gero eta liskar latzagoak izan dituzte, gobernuak Polizia Federala eta, batez ere, militarrak bidali baitu, talde horiei armak kentzeko.
Asko beldur dira autodefentsei ez ote zaien gertatuko Kolonbian gertatutako gauza bera: gerrilarri gogor egiteko sortu, eta, azkenean, eskuin muturreko organizazio paramilitarrak eratu zituzten. Gainera, Michoacanen, Zaldun Tenplarioek hauxe leporatu diete: kartel etsaien zerbitzuan ibiltzea, inguru hura menderatu nahian. Misael Gonzalezek, Tecalpatepecen ondoko Coalcoman herriko autodefentsaren liderrak, guztiz ukatu du: "Hemen, erabakita daukagu Tenplarioen talde hori bukatzea eta ez uztea narkotrafikoko beste inongo talderi sartzen; izan ere, jende horrek makurkeria hutsa besterik ez du, eta ezin da inorekin fidatu".
Buenavistan, Michoacanen bertan, soldaduek 34 lagun atxilotu zituzten martxoan, denak ere autodefentsako kideak, Jalisco Belaunaldi Berria kartelekoak izatea leporaturik. Guerreron, polizia komunitario batzuk atxilotu dituzte beren herrietatik arma eta guzti atera direnean; batzuetan, herritar taldeek salatu dute agintariak ados egonik atera zirela. Lehenago eta geroago, denak askatu izan dituzte, kideen presioari esker; inoiz, kide horiek hartu izan dituzte —tiro egin gabe— landa eremuetako polizia etxeak eta udaletxeak. Olinalan, Huamuxtitlanen ondoko herrian, Polizia komunitarioaren burua atxilotu zuten abuztuan, Nestora Salgado, bere taldeko batzuek zeinbat pertsona bahitu izana leporaturik.
Gainera, herrialdeko toki batzuetan, liskarrak izan dira militarren eta polizia komunitarioen edo autodefentsen artean; oraingoz, ez dira larriak izan, elkarri amak kentzeko saioak baino ez. Nolanahi ere, badirudi tentsioa handitu egingo dela datozen hilabeteetan, gobernuak erabaki bide baitu autodefentsak bukatzea.
"Mexikoko Gobernuak ez du onartuko inor ibilitzea justizia bere kabuz egin nahian", adierazi zuen irailaren 2an Mexikoko presidenteak, Enrique Peña Nietok, gobernuaren urteko balantzea aurkeztu zuenean. Eta antzera mintzatu dira gobernuko goi kargudun eta ministro batzuk.
"Horixe da gobernuarentzat arazorik larriena, ez baitu nahi Polizia komunitarioak arma sendoak izatea. Baina guk esaten diogu gu egiten ari garela segurtasun lanak", azaldu du Honorio Moralesek, Tototepeceko komunitate txikiko agintariak. Han, segurtasuna CRACen Polizia komunitarioaren esku dago.
Moralesek kontatu du nola, herritar poliziak aldameneko herrira zihoazen batean, soldaduek geldiarazi zituzten, eta 9 milimetroko pistola bat kendu: "Beste taldekide [komunitario] batzuk iritsi ziren, [kriminalei] konfiskatu eta Polizia komunitarioaren zerbitzuan jarritako AK-47 batzuekin, eta pistola itzuli ziguten".
Guerreroko gobernua saiatu zen komunitarioak indar publikoetan sarrarazten, laguntzaile gisa. "Baina gu hobeak gara haiek baino; izan ere, haiek axichincle -ak dira [nahuatl hizkuntzan, goikoen esanak itsu-itsuak obeditzen dituena], eta gu ez. Gu libreak eta burujabeak gara, eta ez dugu behar erakundeen onarpenik. Onarpena herriak eman zigun, eta herria da agintari gorena".