Hesiaren anbiguotasuna

Egiptoko Gobernuak ez du argiki baieztatu burdin hesi bat eraikiarazten ari den Gazarekiko mugan, baina herrialdea gerizatzeko eskubidea duela aldarrikatu du.

2009ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Egipto Gazarekiko mugan burdinazko hesi bat eraikiarazten hasia dela baieztatzen duen albisteak hautsak harrotu ditu palestinarren artean.Kairoko gobernu agintariek ez dute argiki baieztatu lurpean sakon sar litekeen hesi hori altxatzen hasiak direnik, baina «segurtasun nazionalari» lotuta dagoen auzi bat dela argudiatuta, «gerizatzeko eskubidea» duela adierazi du. Hosam Zaki Egiptoko Atzerri Ministerioko bozeramailearen hitzek anbiguotasunerako tartea uzten dute: «Burdinazko hesi bat egongo dela ukatzen dugu; ez dakigu nondik heldu den horrelako izendapena. Ez da murru bat, baizik eta eraikuntza edo obra bat; izena ez da inportantea. Edonola ere, hau segurtasun nazionalari lotutako auzi bat da». Adierazpen ilun-argi horiek, dena den, Ahmad Abul Geide Atzerri ministroak hilaren 19an Al Ahram al Arabiastekariari egin zion erantzunaren ildo berari eusten diete. Israelgo hedabideek lurpean sartuko den burdinazko hesi baten berri eman zutenean -alerta emateko goi teknologiako tresneria baliatuko lukete-, diplomazialari buruak zera erantzun zuen: «Hesi bat izan ala detektatzeko gailuak izan, premiazkoena da gure lurraldea gerizatuta egon dadin».

Abul Geiten hitz horiek, azken batean, azken asteotan zabaldu diren zurrumurruen baieztatze baten giza hartu izan dira. Ministroak adierazpen horiek egin baino bi egun lehenago, dena den, Hosni Mubaraken agintearen aldekoa den Al Gomhuria egunkariak jakinarazi zuen Egipto hasia dela Gazarekiko mugan aurretik eraikita dagoen hesia «gotortzen», eta eginiko salaketen kontra jarrita, hauxe zehaztu zuen: «Egiptok desegiten dituelarik Gaza aldetik eginiko tunelak, ez ditu palestinarrak etsaitzat hartzen; ez du hori egiten Ameriketako Estatu Batuei mesede egiteko edo Israelen segurtasuna bermatzeko; hori egiten du bere buruaz jabe den herrialde bat delako, besterik ez».

Laikoen aldetik ere, salaketak

Gaza erabat itxita dauka Israelek 2007. urteko ekainaz geroztik, hots Hamas lurralde palestinar horretan botereaz jabetu zenetik. Alabaina, Tel Avivekin eskuz esku ibilita, Sinaiko penintsulara sarrera ere zorrotz kontrolatzen du Egiptok. Gauzak horrela, Gazan nola edo hala bizi diren 1,5 milioi palestinarrek ez dute beste aukerarik izan Egiptorekiko mugaren lur azpian ehunka tunel zulatzea baino. Behar gorrian dauden herritarrek tunel horietatik sartzen dituzte janaria eta botikak. Israelek, haatik, ziurtatzen du ekintzaile palestinarrei zuzendutako armak, munizioak eta lehergailuak ere erruz sartzen direla tunel horietatik.

Kairok, tunel horien aurrean ez ikusiarena egin badu ere, Washingtonen eta Tel Aviven presiopean, zainketa neurriak zorroztu ditu, eta, beraz, aipatutako burdinazko hesi bat eraikiarazten hasi da. Albistea aurren zabaldu duen Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, hesiak hamar kilometroko luzera izango luke, eta lur azpian 30 metro barrena sartuko litzateke, tunelak saiheste aldera.

Hamas begi onez ikusten duten islamistek gogor salatu dute hesi hori eraikitzea; eta Egiptoko indar eta agintari laiko ugarik ere gaitzetsi dute. Hala, Naguib Nasser presidente zenaren ildo politikoari eusten dion Al Arabi egunkariko erredaktore buru Abdala al Senaeuik hauxe idatzi du: «Egiptok mundu arabiarrean oniritzia eta sinesgarritasuna galdu duelarik aspaldiko urteetan, proiektu horrek bere irudia are txarragoa bilakatuko luke; ezen, askoren begiradatik, Israelen segurtasunbeharren laguntzaile kartsu gisa ikusia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.